Oposizioak “errealitatetik kanpo” egotea egotzi dio

Bereziki EAJ eta PSE-EEren arteko akordioan eta zerga politikan oinarritu ziren taldeburuen berbaldiak. “Autokritikarik ez” egitea, “errealitatetik kanpo” aritzea eta “Bizkai idilikoa” margotzea leporatu diote oposizioko taldeek Bizkaiko ahaldun nagusiari. Sozialisten aldetik baino ez zituen berba leunak jaso.

LOREA BILBAO

EAJ

“Krisi ekonomikoaren latzena igaro da, eta orain ados jartzeko garaia da”

Ahaldun nagusiak bezala, Lorea Bilbao EAJren bozeramaileak bere alderdiak eta sozialistek sinatu duten ituna goraipatu du. “Euskadirentzat ona izango denez, Bizkaiarentzat ere bai. Akordio hori lasaitasunaren, egonkortasunaren, garapenaren eta elkar ulertzearen berme eta ondorioa da”. Bilbaoren ustez, “krisi ekonomikoaren latzena igaro da, eta orain adostasunen ordua da”.

Zerga sisteman egingo diren aldaketak “beharrezkoak” direla iruditzen zaio. Baina ohartarazi du aldaketak egotekotan Batzar Nagusiek onartuta egongo direla, “parlamentu honek baitauka soilik horretarako eskumena”. Gaineratu du bizkaitarren gehiengoak ez duela zerga gehiagorik ordainduko; “gutxi batzuek soilik”.

Bide batez, gogora ekarri du zerga sistema ez dela soilik diru bilketarako bitarteko bat: “Politika ekonomikoa garatzeko instrumentua ere bada, enpresak eta jarduera ekonomikoa bultzatzeko bitartekoa. Ezinbestekoa da behia ondo elikatzea, gero esne asko ematea gura badugu. Izan ere, behirik gabe ez dago esnerik, eta jarduera ekonomikorik gabe ez dago behirik”.

IRUNE SOTO

Bildu

“EAJ eta PSE-EEren arteko ituna foru aldundiaren politikei egindako osoko zuzenketa da”

Bilduren bozeramaile Irune Sotoren ustez, “EAJ eta PSE-EEren arteko ituna Bizkaiko Foru Aldundiaren politikei egindako osoko zuzenketa da”. Behiaren metaforarekin jarraituz, honako hau eskatu dio Sotok ahaldun nagusiari: “Bizkaiko hainbat eskualdek duten langabezia egoera larria ikusita, argitu egiguzu ea behia soilik marrantak jota dagoen edo berak jan dituen zuk baino ikusten ez dituzun kimu berdeak”. Hala, “gezurrezko egoera idilikoak” ez marrazteko eskatu dio. Horren ordez, “lehentasunak eta benetako politikak” zein diren azal ditzala galdegin dio.

Soto sinetsita dago krisia “egoera bati lotutakoa baino gehiago kudeaketa eredu baten ondorio” dela. Horregatik, eredu hori aldatzeko eskatu du, “bidegabea, matxista, ekologiaren aurkakoa eta gizarte bereizketa sustatzen duena” delako.

Zerga sistemari dagokionez, berandu eta herren ibiltzea egotzi dio Bilbaori: “Bi urte galdu dira PFEZ moldatzeko, kapitala ez da behar beste zergapetzen eta sozietateen gaineko zerga berria kontrolik gabeko kenkariz beteta dago ordaindu nahi ez dutenek ordain ez dezaten”. Diru kontuei lotuta, Bizkaiak duen zorra ekarri du gogora, eta horretaz hitz erdirik ere ez duela esan ohartarazi dio. “Jose Luis Bilbao Bizkaia gehien zorpetu duen ahaldun nagusi gisa igaroko da historiara”.

IÑAKI EGAÑA

PSE-EE

“Kolaborazio politikoa nahi baduzu, hemen gaituzu horretarako prest”

Ohar argia egin dio Iñaki Egañak ahaldun nagusiari: “Gure alderdiek zerga arloan adostu dutena ez da Jaurlaritzari ematen diogun txeke zuria. Krisia gainditzeko bide orria da”. Eta Bizkaian ere beste horrenbeste egiteko ordua dela iritzi dio: “Kolaborazio politikoa nahi baduzu, hemen gaituzu horretarako prest”.

Kritikarik ere egin dio, hala ere. Adibidez, leporatu dio BEC eta Zabalgarbi auzietan ez duela konponbiderik proposatu. Bizkaibusen kudeaketa ere okertzat jo du, eta Ermuko saihesbidea ahalik eta azkarren egiteko eskatu.

Zerga arloan egingo diren aldaketen harira, argitu du ez dela igoera orokorra izango. “Adibidez, 90.000 euro baino gehiago irabazten dituztenek igarriko dute, 400.000 eurotik gorako dohaintzak egiten dituztenek edo pentsio planetarako 5.000 euro baino gehiago jartzen dituztenek”.

ESTHER MARTINEZ

PP

“Urkulluren txalo jotzaile bihurtu zara, eta foraltasuna lurperatu egin duzu”

PPko bozeramaile Esther Martinezek gogor kritikatu du jeltzaleek eta sozialistek adostutako ituna. “Autogobernuaren kontrakoa” dela iruditzen zaio. Horregatik, honako hau leporatu dio Bilbaori: “Urkulluren txalo jotzaile bihurtu zara, akordio hori beteko duzula esanez, nahiz eta jakin badakizun akordio horrekin foraltasuna eta autogobernua lurperatuko dituzula”. Gainera, iruditzen zaio itunetik sortutako zerga politikak “erdi mailako klasea zigortzen” duela.

Haren esanetan, “argi baino ilun” gehiago dauka Bilbaoren kudeaketak. Ermuko saihesbidea, metroaren hirugarren linea eta Bilbo Hegoaldeko Saihesbidea aipatu ditu adibide modura. Enpleguaz ere hitz egin du: iaz langabezia %8 hazi zela gogoratu du, eta irtenbiderik ez aurkitzea leporatu dio ahaldun nagusiari.