Hedabideetan lerroburu nagusi askotan ageri ez den arren, udal mailako politika fiskalak sekulako garrantzia du. Udalaren finantzaketa iturri nagusia da, eta zuzenean eragiten die herritarron poltsikoei. Tasak eta zergak zehaztean, agerian geratzen da zein diren indar politiko bakoitzaren lehentasunak. Zein eremutan kokatzen dituen bakoitzak interesak. Eta Bilbo ez da salbuespen bat.
Garai zailak ditugu, eta EH Bilduk oso garbi du zein diren ahulguneak, eta, ondorioz, zein izan behar diren gure lehentasunak, non jarri behar diren indarrak. Egoera okerragoan dauden herritarren eskubideak blindatu behar ditugu, eta, horretarako, ezkerreko politika sozialak abiarazi behar ditugu, krisia eragin duten formulak betiko baztertuz, bazterketa eta pobrezia areagotzeko baizik ez dutelako balio. Eta instituzioek badute aukera gutxien dutenen aldeko jarduteko, gehien dutenek ekarpen handiagoa eginez.
Horixe bera izan da aurtengo Tasen eta Udal Zergen gaineko eztabaidan defendatu duguna: errentaren araberako zerga sistema bat. Gutxien duenak ezin du gehien duenak bezainbat ordaindu. Justua ez izateaz gain, arriskutsua ere bada, gizarte zatiketa eragiten duelako. Izan ere, gizartean den desoreka zuzendu edo areago sakondu dezake instituzioak, indarrean jartzen dituen ordenantza fiskalen bidez. Eta idazki hau izenpetzen dugunok gaude EAJk gidatzen duen udal gobernuak bigarrenaren aldeko hautua egin duela. Hots, gehien dutenen mesedetan eginiko neurriak aurkeztu ditu, aurten ere. Bilbon enpresa handiei ezartzen zaizkien hobariak onartezinak dira. Batik bat, enpresa handiak dira onura horiek jasotzen dituztenak, eraikuntza eta higiezinen sektoreetakoak. EAJren gobernuak beharko luketen baino 8,5 milioi euro gutxiago ordainarazten die, bakoitzaren mozkinak kontuan izan gabe. Enpresen bidez biltzen ez duen diru kopuru hori herritarren bidez eskuratu nahi du. Baina, nola liteke herritarrei ordainaraztea enpresek jartzen ez dituzten 8,5 milioi euro horiek? Estuago dabiltzanak zamatzen ditu, eta lasai dabiltzanak libratzen. Amorragarria.
Hori gutxi ez, eta gainera ekonomia pizteko neurri gisa aurkeztu du EAJk. Gezur galanta. Izan ere, aurten aurkezturiko arauak joan diren urte bietan onartutakoen kopia hutsa dira. Eta tamalez azken urte bietan Bilboko egoera sozioekonomikoak okerrera besterik ez du egin. Zehatz-mehatz, %17 igo da langabezia 2011tik gaurdaino. Egun, 32.000tik gora langabe daude Bilbon; horietatik 20.800ek ez dute langabezia saririk jasotzen. Ondorioa argia da: EAJk planteaturiko ordenantza fiskala baztergarria da oso, krisiari aterabidea emateko eta haren ondorioak sufritzen ari direnei arnasgunerik emateko balio ez duelako.
Ez gaude zerga eta tasei KPIa igotzearen kontra, baina diru horrek herritarren beharrizanei erantzungo dieten kalitatezko zerbitzuak emateko beharko luke izan. Eta helburu horrekin, hain justu, 25 zuzenketa aurkeztu ditugu.
Mugikortasuna eta garraio publikoa sustatzeari ezinbesteko iritzi diogu, eta herritarrei berau erabiltzeko erraztasunak eman behar zaizkie, kalitatezko zerbitzuak eta salneurri zentzuzkoak eskainiz. Horregatik, Barik-Creditrans txartelaren salneurria KPIa baino ez igotzeko exijitzen dugu (%3,23 igo nahi du udalak) eta tarifa berriak sortzeko eskatu dugu: Hilabetekoa (26,85 euro, 30 egunez mugarik gabe bidaiatzeko), Super50 (22,30 euro, 50 bidaia 30 egunez) eta Gaztea (168,55 euro, 12 hilabetez nahi beste bidaia egiteko).
Horretaz gain, etxebizitzaren arazo larriari ere heldu diogu. Bilbon, Udal Etxebizitzak-en 9.000 pertsonak dute izena emana, eta 15.567 dira, ostera, hutsik dauden etxeak; krisia eragin duen burbuila finantzarioaren ondoren, ezin ukatuzkoa da alokairua sustatzeko ekinbideak abiarazi behar direla. Aipatutakoa ez dugu guk bakarrik defendatzen. Udal Behatokiak aurten kaleratutako ikerketaren arabera, herritarren %83,9k “oso beharrezkotzat” jotzen dute etxebizitza hutsen arazoari irtenbidea ematea. Hala, etxebizitza hutsen zabor tasetan 260 euroko osagarria ezartzeko proposatzen dugu, horien alokairua sustatzeko.
Era berean, mendeko pertsonen zaintzaren erantzukidetasuna bultzatzeko xedez, errenta altuenetan tarte gehiago bereiztea eskatu dugu, etxez etxeko laguntza zerbitzua erakargarriago izate aldera, eta gizon gehiagok hautu hori egin dezaten, lan horiek soilik emakumeen esku gera ez daitezen. Orobat, udaltegietan hileta zibilak egin ahal izateko tarifa berri bat sortzea planteatzen dugu. Baita erakunde erlijiosoei ezartzen zaizkien hobariak bertan behera uzteko ere, ulertzen baitugu laikotasuna ardatz duen instituzio batek ezin duela besterik egin. Zehazki, 843.000 euro gutxiago jasotzen ditu Udalak pribilegio horien ondorioz.
Amaitzeko, kezka azaldu nahi dugu gehiengo absolutua baliatuta, herritarren ongizatea hobetsiko duten politikak garatzeko aukerari muzin egin diolako, berriro ere, EAJk. Gutxi batzuentzat gobernatzen segituko du. Eta EH Bildu osatzen dugunok gaude aukerak egon badaudela bestelako hiri eredu bat gauzatzen hasteko, herritar guztien Bilbo bat lortzeko. Horretan segituko dugu lanean, ez izan dudarik.