Gernika-Lumoko Jai Alai pilotalekuak 50 urte bete zituen joan den ekainaren 29an. “Munduko pilotalekurik hoberena”, baina, triste dago, zesta-puntak beherakada nabarmena izan baitu azken hogei urteetan. Hala, zesta-puntak eta Gernika-Lumoko frontoiak “galdutako fama berreskuratze aldera”, kultura eta kirol egitarau zabala prestatu du Jai Alai elkarteak, 50. urterrenaren harira.
Gonzalo Beaskoetxea Gernika-Lumoko zesta-punta eskolako arduradunak azaldu duenez, Jai Alai da “berba egiten duen frontoi bakarra”. Dioenez, harrizko lurzoruak eta hormek “soinu bereizgarri bat daukate, bakarra”. Puntista ohiak lehen eskutik ezagutzen ditu Euskal Herriko eta AEBetako pilotaleku hoberenak, baina Busturialdeko frontoia “bereziena” dela deritzo. Hala, ez da nekatzen pilota harriaren kontra jotzen entzuteaz.
50. urtebetetzearen egitarauaren aurkezpena joan den astean egin zuten Bizkaiko Foru Aldundiko Kultura diputatu Josune Ariztondok, Gernika-Lumoko alkate Jose Mari Gorroñok eta Gernika Jai Alai elkarteko Miren Lourdes Garaik. Beaskoetxeak bezala, aurkezpenean parte hartu zuten hiru lagunek ere zesta-punta hilzoritik ateratzeko beharrizanaz ohartarazi dute. Hala egin ezean nazioartean oihartzun handiena izan duen euskal kirola “ahanzturan” geldituko litzatekeela deritzote.
Kultura arloan antolatutako ekintzek eraikinaren balioak ezagutaraztea izango dute helburu. Hortaz, pilotalekuaren ezaugarri arkitektonikoen berri emango dute antolatzaileek; eta, horregaz batera, zesta-puntak gizartean, ekonomian eta historian izan duen garrantzia azalduko dute.
1962an hasi ziren Gernika-Lumoko Jai Alai eraikitzen. Secundino Zuazo arkitekto bilbotarrak xehetasun guztiak zaindu zituen, munduko pilotalekurik berritzaileena egiteko asmoagaz.
Erronka jarri, eta bete egin zuen Zuazok. Zutaberik gabeko frontoia eraiki zuen, pilotaleku barruko balkoia airean utziz. Beaskoetxeak nabarmendu duenez, “gaur egun ere oso zaila izango litzateke pilotalekua eraikitzea, arkitekto bilbotarrak maisulan bat egin baitzuen”. 2007an, DOCOMOMO Iberiar Kongresuak maisulan izendatu zuen pilotalekua, eta 2012an, Eusko Jaurlaritzako Kultura Sailak Kultur Ondare izendatu zuen.
Ederra izateaz gain, zesta-puntan jokatzeko leku “aproposena” ere bada Gernika-Lumoko Jai Alai. Harrizko “kantxa ikaragarria” da, eta neurriak zesta-puntara jokatzeko “ezin hobeak” dira. Hala, puntistek askotan goraipatu dute frontoia. Beaskoetxearen berbetan, “bertan jokatzeko irrikan egoten dira, jakin badakitelako pilotaleku berezia dela”.
Gernika-Lumoko Jai Alaik “historia eta edertasuna” batzen ditu, urteurreneko antolatzaileen berbetan. Hortaz, zesta-punta berpiztearen aldeko jarrera agertu dute, frontoia garairik hoberenetara buelta dadin.
Urteurreneko egitaraua
Ekainaren 29an eman zioten hasiera kultur egitarauari, hitzaldi bategaz. Lilia Maure arkitekto madrildarrak frontoiaren ezaugarri arkitektonikoen berri eman zuen egun horretan. Zuazoren sekretuak izan zituen berbagai hitzaldi horretan.
Kultur egitarauak, baina, uztailean izango du jarraipena. Uztailaren 17an, esaterako, Zesta-puntaren historia eta bilakaera. Euskal kirol unibertsala izeneko erakusketa zabalduko dute Gernika Jai Alaikoek. Erakusketak zirrara handiagoa eragin dezan, pilotalekuan bertan jarriko dute ikusgai bildutako materiala.
Erakusketa antolatzeko, Bizkaiko Foru Aldundiaren eta Gernika-Lumoko Udalaren laguntza izan du Jai Alai elkarteak. Jakinarazi dutenez, proiektu berritzailea da, lehen aldiz jarriko baitute jendaurrean norbanakoek emandako material ugari. Hortaz, zesta-punta ezagutzeko aukera bikaina izango dute Gernika-Lumoko pilotalekura doazenek. Erakusketa “bizirik dagoen proiektu bat” da, antolatzaileen hitzetan. Hala, erakusketa ibiltaria izatea gura dute.
Amaitzeko, uztailaren 19an, zesta-punta bultzatzeko foroa egingo du Gernika-Lumoko elkarteak. Foroan parte hartzeko gonbidapena kirol horren munduko ordezkari guztiei egin diete gernikarrek. Klubak, federazioak, enpresariak, frontoietako arduradunak, tokiko kirol arduradunak eta komunikabideak batu gura dituzte, besteak beste. Zesta-puntak hartu beharreko norabideari buruz eztabaidatzea izango da helburua, eta interesa duten pertsona guztiek parte har dezakete.
Zesta-puntaren xarma kirolean dago, eta Jai Alaikoek ez dute ahaztu. Hala, 50. urteurrena ospatzeko afizionatu eta profesional mailako lau txapelketa antolatuko dituztela aurreratu dute. Jaialdiok uztailean aurkeztuko dituzte.
Oraindik ez dute puntista hautatuen berri eman, baina “goi mailako parte hartzea” izango dela jakinarazi dute Gernika Jai Alaiko kideek. Izan ere, “munduko pilotalekurik hoberenak ez du gutxiago merezi”.