Jendilajea

Nerea Ibarzabal

Aldatu digute ordua. Domeka goizaldeko 03:00etan 02:00ak ziren berriro, ordubete gehiago lotarako, argi-orduen probetxu handiagoa, elektrizitatearen erabileraren murrizketa, eta nik denborarik izan gabe jarraitzen dut nahi dudan pertsonekin egoteko.

Bai, horietakoa naiz, imajinatzen duzuen bezalakoa. Aste barruan nahikoa konpromiso ez, eta asteburuak ere proiektuz, ikastaroz edo aje egun-zapuztailez betetzen dituena, whatsapp-ean erantzuten tardatzen duena, desagertzen diren horietakoa. Agendako orriak pasatu, eta hiru hilabete barruko egunak ere borobilduta dituena dagoeneko, edozertarako astia eta prestasuna bilatzen duena, gertukoenekin egoteko izan ezik. Eta benetan diot asko sentitzen dudala, ez zaidala gustatzen lagunek eta senideek nirekin elkartzea ezinezko misiotzat ikustea, edo nire idazkariari txanda eskatu beharko diotela pentsatzea.

Ordu-aldaketaren domekan Anariren kontzertuan aurkitu nuen lagun batek ni bezalako “jendilaje” okupatua gorroto duela esan zidan —bera ere “Geratu egin behar gara” lagun-zerrendakoa da—. Eta arrazoi du, jendilaje eskasa gara. Kontzertuan bertan zerrenda horretako beste hiru lagun ere aurkitu nituen, eta, gauza bera esaten hilabeteak igaro arren, oraindik ez dut tarterik hartu beraiekin egoteko.

Askok pentsatuko du berez gogo falta dagoela ez egote horren atzean, nahi duenak ahal duela, baina benetan diot ez dela horrela. Denbora gutxien eskaintzen diedan horiekin egoten naiz ondoen, eta beraiek maite ditut gehien. Baina beti hor egongo direla uste dudalako edo, nire hondar-denbora baino ez diet eskaintzen, kalitatezkoa beste edozertarako baliatuz.

Ez dut uste ni naizenik denboraren kudeaketa txarra egiten duen bakarra, baina ez dakit gainerakoak hain gaizki sentitzen ote diren beraien bizitzetako harreman denak ondo ez zaintzeagatik. Egia esan, ez dakit zein ondoriorekin amaitu; beharbada, esanez ordu aldaketa “aldaketa ordu” bilakatu beharko nukeela —hitz-joko kursi eta guzti— eta hartu nahi ditudan kafe horiei guztiak errespetatzen saiatuko naizen egun bat eman beharko niekeela gaurdanik; edo, beharbada, amore emanez eta gure jendilajearen patua lagunak Anariren kontzertuetan aurkitzea dela onartuz, sinetsita denok jendilaje beraren parte garela berez. Baina ez, benetan, geratu beharra daukagu.