Aitziber Laskibar Lizarribar
Bilboko Itsasadarra Itsas Museoari premiazko laguntza emateko baimena eskatu dio Juan Maria Aburto alkateak udalbatzari; museoak “pertsiana itxi ez dezan”, udalak 75.000 euro eman diezazkiola. Baietz esan du udalbatzak. EAJk, PSE-EEk eta PPk laguntza ematearen aldeko botoa eman dute, EH Bilduk ezetz esan du, eta Goazen Bilbao zein Udalberri abstenitu egin dira. Baina guztiak etorri dira bat gauza batean: proiektuari buruzko hausnarketa sakona egin beharra dago.
Premiazkoa eta ezohikoa da udalak onartu duen diru saila. Museoak ez duela langileei soldatak ordaintzeko ere dirurik azaldu du Rikardo Barkala Lan eta Zerbitzuetarako zinegotziak, eta, laguntzarik ezean, museoa ixteko arriskua dagoela. Baina ez da horren ezohikoa udalaren laguntza. Onartu berri den diru sail gehigarriarekin, 245.500 euro jasoko ditu aurten museoak udaletik. Azken urteotan behin baino gehiagotan eman ditu presazko laguntzak, eta gaiari buruzko eztabaidetan beti plazaratu du proiektuaren norabideari buruz hausnartzeko beharra. Guztiek ondorioztatu izan dute ezin dela horrela segitu, baina urtero errepikatu da egoera bera.
Datuak kezkagarriak dira: iaz, 380.000 euroko galera izan zuen museoak, eta, 2014an, 285.000 eurokoa: bi urtean milioi erdi euro baino gehiago galdu ditu.
Etengabeko galeren zergatia azaltzerakoan, babesleen ihesa aipatu du Barkalak. Egun, Bilboko Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Bilboko Portua, Merkataritza Ganbera, Petronor eta Remolcadores Ibaizabal dira babesleak. Eusko Jaurlaritzak zein Espainiako Kultura Ministerioak utzi zioten babesle izateari, eta hainbat enpresak ere bai. Eta, norabidez aldatu ezean, etorkizun eskasa nabari zaio berez erakargarria behar lukeen proiektuari.