Ia mende bat Durangon eman ostean, Jesusen Mirabeak kongregazioko mojek herria utzi zuten joan den negu hasieran. Gazteen artean dagoen bokazio faltak belaunaldien arteko lekuko aldaketa gabe utzi zituen. Horrela, bada, ezin izango dute eskualdean zerbitzua ematen jarraitu. Baina hainbeste urtean euren etxea izan zen eraikinean gizarte zerbitzuak ematen jarraituko dute. Izan ere, mojek Caritas erakundeari utzi diote Intxaurrondo kaleko komentua. Datozen hamar urteetan, Eliza katolikoaren ongintza erakundeak bere zerbitzuak eskainiko ditu bertan, eta, hala, “Durangaldeko pobreziaren aurka egin eta bazterketa egoeran daudenei lagundu”. Bizkaian Bilbotik kanpo dagoen etxegabeentzako lehen zentroa izango da.
Lau moja bizi ziren komentuan. Mercedes Ogara etxebarritarra eta Rosa Zearsolo atxondoarra dira zaharrenak. Ogara kongregazioak Negurin (Getxo) duen beste komentu batera joan da, 54 urte Durangon eman ostean. Zearsolok, berriz, 30 urte igaro ditu Durangon, baina Gasteizen jarraituko du bere bidea. Jesusen Mirabeen komentua itxita, Durangon frantziskotarrena baino ez da geratzen egun.
Caritaseko hainbat boluntario, bada, komentu zaharrean martxan jarriko duten Etxepel izeneko proiektuan dabiltza lanean. Alberto Estefania arduradunak jakinarazi duenez, udazkenean hasi gura dute. Eguneko zentroa eta gaueko aterpetxea izango dira egitasmoaren ardatz nagusiak. Izan ere, 2009. eta 2010. urteen artean, 180 etxegaberi eman diete aterpe Durangon. Beharrizana ikusita, ikusi zuten ezinbestekoa zela zerbitzua abian jartzea, baina inbertsio handia behar zen horretarako. Jesusen Mirabeek elkarteari utzitako eraikina “aukera ezin hobea” izan dute proiektua aurrera eramateko.
Eraikinak hiru solairu ditu. Zentroa lehen bietan egongo da. “Egokitze lanak egin beharko dira. Edonola ere, egoera onean dago. Duela gutxira arte, bertan bizi izan direnez, egoera onean dago”, azaldu du Estefaniak. Egun, beheko solairuan Caritasen zerbitzu nagusiak daude. Harrera bulegoa eta Zaintza enplegu txertatze proiektuaren lokala jarri dituzte bertan. Orain arte, Durangoko beste toki batean zeuden, baina martxoan lekualdatu egin zituzten.
Etxegabeentzako proiektua
Etxepelek egoteko lekua eskainiko die etxerik gabekoei, eguneko zentroaren eta gaueko aterpetxearen bitartez. Oraindik zehaztu gabe dagoen hirugarren fasean, autonomia pisuak jartzeko asmoa dute. Beharrizanak dituzten pertsonak integratzeko gizarte pentsioa eta autonomiaren arteko pausoa izango litzateke. Bizkaiko Foru Aldundiak eta Durango Merinaldeko Mankomunitateak emandako diru laguntzen araberakoa izango da hirugarren fasea.
Eguneko zentroak hogei pertsona ingururentzako tokia izango du. Atseden hartzeko, dutxatzeko, arropa garbitzeko, jateko, hitz egiteko edo lo egiteko aukera izango dute bertan. Horrez gain, gizarte zerbitzua ere izango dute. Beste hainbat jarduera ere egin ahalko dituzte zentroan, natura, aisialdia eta nekazaritzari lotuak. Baita egunkaria irakurri, irteerak egin zein lorategia eta ortua zaindu ere.
Gaueko zentroan, gaua igarotzeko leku duin bat izango dute etxegabeek. Hamabi pertsona ingururentzako izango da zerbitzu hori, beste horrenbeste gela baitauzkate.
Hezkuntza eta etxegabeen sozializazio prozesuetako profesionalek lan egingo dute. Koordinatzailea, gizarte interbentzioko zazpi langile eta gaua pasatzeko hainbat pertsona izango dira. Caritasek urte bi darama Etxepel proiektuan lanean. “Proiektu txikia, baina garrantzia handikoa”.