Bilboko Abusu auzoko Zamakola eskolan 2008-2009ko ikasturtean jarri zuten martxan Bide Laguna proiektua. Umeak hainbat gauzatan ez zirela autonomo ikusita, eskolatik zertan lagundu jakiteko inkesta bat egin zuten: “Umeei eta gurasoei galdetu genien ea zergatik txikitan hasi eta oraindik 6. mailan gurasoekin etortzen ziren eskolara, gehienak hemen ondoan bizi izanda”, azaldu du Amaia Zengotita-Bengoa ikastetxeko ikasketa buruak. Orduan, gurasoen kezkak agertu ziren; kalean bakarrik ibilita zerbait pasatuko zitzaien beldur ziren. Hortaz, pentsatu zuten auzoko Abusu Sarearen barruan merkatari eta ostalariekin Denda Laguna sarea osatzea, bidean arazoren bat sortuz gero hara jotzeko. “Normalean ibiltzen diren lekuak dira, gozoki denda esaterako, toki seguru moduan umeen erreferentzia izan daitezen”.
Horrela antolatu zuten umeek eskolarako joan-etorriak elkarrekin egiteko proiektua. Auzoko hainbat puntutan dituzten geralekuetan elkartu, eta Lehen Hezkuntzako 6. mailakoak gidari eta laguntzaile dituztela egiten dute bidea. Abiatu zutenetik lau urte pasatu dira, eta egitasmoak emandako fruituarekin “pozik” daude. “Auzo mailako egitasmoa da; eskolaren balorazioa positiboa da, eta mantenduko dugu. Alde batetik, uste dut umeen autonomia lortzeko gurasoengandik banatze horretan lagundu egiten duela. Eta, bestalde, auzoa horretan inplikatzea ere gauza ona da”. Izan ere, auzotarren laguntza beste hainbat egitasmotan ere badute, auzo irakurlean eta eskolako baratza lantzeko, adibidez. “Kurtso amaierako jaian, esaterako, Zubi Etxe elkartekoak etortzen dira tailerretan laguntzera, eta ortuan ere laguntzen digute urte osoan”.
Ikasturteak pasatu ahala, zenbait jokabide desegoki antzeman, eta iaz umeen artean galdetegi bat pasatu zuten. “Itaundu genien eskolarako bidean zetozenean zer zen gutxien gustatzen zitzaiena. Gehien aipatu zituztenak bi ziren: jende nagusiagoek txarto gurutzatzen zutela kalea eta birao asko erabiliz berba egiten zutela”. Eskolan konturatu ziren semaforoa berde egon arte itxaron behar dutela eta zebrabidea nola gurutzatu esan arren gero helduak ez direla eredugarri.
‘Mari Matraka’, eredu ezarle
Hortik sortu zen Ikasten ari naiz kanpaina. Egitasmo horren ikurra Mari Matraka da: “Mari Matraka haserretu egiten da jendeak semaforoari kasurik egiten ez badio edo zebrabidea ez badute ganoraz pasatzen”. Auzoko ume guztiak laguntzaile izatea gura du, denen artean gurasoei eredugarri izateko eskatzeko. “Semaforoetan kartelak daude Mari Matrakarekin eredu onak eta eredu txarrak zehaztuz, eta zebrabide batzuetan ere haren aurpegia ikusten da”.
Joan den barikuan kanpainaren inguruko ekitaldi bat egin zuten Zamakolako eskolakoek eta Abusu ikastolakoek. Kalejiraren ostean, Lehen Hezkuntzako 5. eta 6. mailakoek jinkana bat egin zuten gaia landuz, eta gainerakoek antzerkia eta erromeria izan zituzten. Bestalde, helduentzako lehiaketa bat antolatu dute hainbat tabernatan postontzi batzuk ipinita. Horietan, heldu baten hankak ageri dira, alboan ume batzuk izututa begira dituztela, helduak modu txarrean ari direlako hizketan. Mari Matrakak haien hitzak ezabatzen ditu. “Horrela, helduei esan nahi diegu: ‘Eman bizitasuna, gatza eta piperra zure hizkuntzari, baina biraorik erabili gabe'”.
Eskola Bidea Lehen Hezkuntzako ikasleei bideratuta egon arren, batik bat 3. mailatik aurrera sustatzen dute. Neguan edo eguraldi txarra dagoenean ume gehiago gurasoekin joaten dira. “Ez dira denak oinez etortzen, baina nabaritu dugu joera edo ohitura badutela. Gauza denetan legez, batzuk buru-belarri sartzen dira, beste batzuekin ez dago modurik, eta beste batzuk tarteka animatzen dira. Gure ahalegina da tarteko horiek baiezkoen multzora ekartzea”.