Eskolara bidean, elkarrekin

Zelan zatoz ikastetxera? Zenbat denbora behar duzu etxetik ikastetxera etortzeko? Bidean oztoporik edo arriskurik topatzen duzu? Eskolan bazkaltzen al duzu? Bakarrik ala heldu baten laguntzarekin etortzen zara? Horrelako galderak erantzun dituzte Hego Uribe eskualdeko ehunka ikaslek Eskola Bidea mugikortasun inkestaren barnean. Inguru horietan ume eta gaztetxoak ikastetxera oinez joan daitezen, lekuan lekuko diagnostikoa osatzeko egin dute inkesta. Hala, Eskola Bidea proiektua martxan dute Hego Uribe inguruko hainbat ikastetxean.

Mugikortasun “iraunkor, autonomo eta segurua” dute helburu, eta, horretarako, egoera aztertzea da lehen pausoa. Gero, hurrengo ikasturte hasieran probako proiektua jarriko dute martxan. Ikastetxera ibilgailu motordunetan joateko joera aldatu nahi dute, udalerriko bide segurtasuna eta ikasleen autonomia hobetuz eta herria oinezkoentzat berreskuratzea sustatuz. Horretarako, eragile denen konpromisoa behar dute: udalak, elkarte eta erakundeak, guraso, ikasle eta irakasleak.

Etxebarriko Kukullagako hainbat ikasle ekaineko lehen astean hasi ziren Eskola Bidea proiektuko bi ibilbide erabiltzen. “Probak egin ditugu ekaineko asteetan. Eta, seguruenik, irailean jarriko dugu martxan”, adierazi du Mariasun Carnicero Kukullaga eskolako zuzendari albokoak.

Ikasleen autonomia lantzeko eta iraunkortasuna sustatzeko egitasmo egokia dela uste du. “Gainera, gure herrian ez dago arriskurik, eta, helduek lagunduta etortzen direnez, proiektua segurua da”. Guraso boluntarioen talde batek lagundurik, oinez egiten dituzte ikastetxerako joan-etorriak. KukuBus izena jarri diote guraso elkartekoek egitasmoari, eta, autobus zerbitzuetan legez, lineatan antolatu dute. Lehenengo linea San Antonio auzotik abiatzen da, eta bigarrena, San Esteban auzotik. Halaber, linea bakoitzak bi adar ditu.

Proba egunak

Kukullaga ikastetxean 870 ikasle dituzte. Lehen Hezkuntzan matrikulatuta daudenen %10ek parte hartu dute proba egunetan. “Proiektua kudeatzen duen enpresakoek lehen astearen ebaluazioan zehaztu dute 50 umek parte hartu zutela. Arrakastatsutzat jo dute hori. Guk uste genuen gutxi dela, baina, agian, lehen astea izateko kopuru ona da”. Joan den astean ikasle gehiago animatu ziren ibilbideak erabiltzera: “Hasieran, ez zuten ezagutzen; gero, auzokideak eta lagunak oinez doazela ikusita, gehiago animatu dira, eta eguraldiak laguntzeak ere eragina izango zuen agian”.

Kukullagan ez dute inkestarik bete ikasleek. Zuzendaritza taldekoak eta guraso elkartekoak Etxebarriko Udaleko zinegotziekin bildu ziren, eta proiektuarekin bat egitea erabaki zuten. Ostean, familiei txosten bat helarazi zieten informazioa emanez eta egitasmoan parte hartzera animatuz.

Proba egunen ostean, proposamenak eta zuzenketak bildu dituzte. Boluntarioek zehaztu dute, esaterako, San Esteban lineakoek ordutegiarekin arazoak dituztela, eta ibilbidearen zati bat aldatzea erabaki dute. Era berean, ikasturte berria hastean, baliteke ibilbideak markatzea edota txartelak ipintzea topaguneetan.

Inkesten emaitzen zain

Guztien konpromisoa beharrezkoa dela argi dute Galdakaoko Eguzkibegi ikastolan. Eskola komunitatean soilik mila lagun inguru dira, eta ikastolara heltzeko sarbideetan dituzten arazoak “aspalditik” datozela azaldu du Ana Mezo ikastolako ikasketa buruak. “Sarbideak ez dira batere egokiak. Ikasle asko datoz oinez ikastetxera; baina zirkulazio handia dago inguru honetan, eta aparkalekuekin ere arazoa dugu. Gainera, hona etortzeko aldapa handia dago”. Konponbide bila ate ugari jo dituzte azken urteetan, baina orain arte ezin izan dute benetako soluziorik lortu. “Gure ondoan beste eskola bat dago, eta han ere gure arazo berberak dituzte”. Alabaina, ez dira geldirik egon. Sarbideak egokitzea erdietsi zuten, esate baterako, oinezkoen bidean zintarriak eta barandak ipinita, oinezkoak ibilgailuetatik gehiago babesteko.

Udalak Eskola Bidea proiektuarekin bat egitea proposatu zien. Ikastetxeko irakasleen artean eta ordezkaritza kontseiluan berba egin ostean, proiektua abiaraztea erabaki zuten. Mezok dioenez, Lehen Hezkuntzako ikasleek bete dute galdetegia; lehenengo mailatik seigarren mailara bitarteko ikasleek, alegia. Azaldu du horietako batzuek dagoeneko badutela ikastetxera oinez joateko ohitura. Baina zehaztu du ikasleetako asko inguruko herrietatik zein Galdakaoko auzoetatik doazela ibilgailuetan. “2 urtetik 16 urte bitarteko ikasleentzako autobus zerbitzua dugu. 700 ikasle ditugu, eta horietatik ia 300 datoz bost autobusetan. Galdakaoko auzoetatik etortzeaz gain, besteak beste, Basauri, Bedia, Etxebarri eta Larrabetzutik ere badatoz”.

Ugaoko eskolan 331 ikasle dituzte, eta ia guztiei eragiten die proiektuak. Izan ere, Etor Iturbe eskolako zuzendariak dioenez, ikastetxea herrigunean dago, eta ez dute garraio zerbitzurik. “Orain arte, informazioa eman, eta inkestak pasatu ditugu lehen mailatik gorako ikasleen artean. Datozen hilabeteetan inkestaren emaitzak aztertu beharko dira, eta, horren arabera, erabakiak hartu”.

Inkestetan arazoak daudela azaltzen bada horiei irtenbidea ematen saiatuko direla gaineratu du. Edozelan ere, argi dauka Eskola Bidea onuragarria izan daitekeela eskola komunitatearentzat eta inguruko herritarrentzat. “Ikasleak oinez badatoz, aukera ona izan daiteke haien autonomia zein harreman sozialak lantzeko. Ibilgailu gutxiago erabilita, energia aurreztu, eta kutsadura murriztuko da”.

Galdetegien emaitzek argituko dute zeintzuk diren jendearen ohiturak, zertan eragin behar den, zeintzuk diren arazo edota arriskuak eta abar. Ondoren, emaitza horien arabera, irizpide batzuk ezarri, plangintza bat egin eta proba saioa egin ala ez erabakiko dute. “Guk pasatu ditugu inkestak. Orain, Bitaka enpresako kideek kudeatuko dituzte, eta, horren arabera, plangintza egin”, zehaztu du Mezok. Udalerrian mugikortasun plan bat egitea ezinbestekoa dela uste du, baina proiektua abiaraztea “aurrerapausoa” dela iruditzen zaio: “Behintzat horrelako egitasmoak martxan ipintzeak esan gura du beharbada badagoela borondaterik oinezkoei lehentasuna emateko eta ez horrenbeste ibilgailu motordunei”.