Diru nahikorik ez dagoenean, Bizkaiko hainbat herritako auzokide askok esku hartu ohi dute ondasunak konpontzeko antolatzen diren ekintzetan. Baina arrazoi ekonomikoetatik haratago kokatzen da auzolana. Euskaldunen artean oso sustraituta dagoen praktika da. Batez ere, herri txikietan egiten da, eta, behar batzuk identifikatu ostean, martxan jartzen da.
Ekinbideak bereziak izan ohi dira, beharraren arabera antolatuak. Doan egiten den lanaren bidez, auzokideek txokoak txukundu, inguruak garbitu, lorategiak zaindu eta herri altzariak margotzen dituzte, besteak beste.
Gaur egun toki askotan ari dira auzolanean. Udal gehienek duten egoera ekonomiko larriak ere sustatu du herritarren parte hartzea. Herri askok heldu diote aurten eredu horri. Lekeition, adibidez, herri batzordeak auzolanerako eguna antolatu zuen maiatzean. Bertan, etxebizitza okupatuak garbitu eta iturgintza eta elektrizitate alorreko konponketak egin zituzten. Etxebarrian, ostera, Bidegorriko erreka garbitzeko eta zabor bilketa egiteko deia egin zuen udalak, duela hilabete inguru.
Orozko ere auzolanaren lekuko da. Auzokideek Santa Marina baseliza eta aterpea konpontzeko lanak hasiko dituzte. Egitasmoa herritarrek berek abiatu dute, eta duela 30 urte jarraitutako lan ildo berari helduta dabiltza. Garai hartan, haiek atondu zuten tokia. Dirua lortu eta asteburuetan elkartzen ziren baseliza txukuntzeko. Espiritu horri helduz, urteek eta erabilera okerrek eragindako kalteak konpondu nahi dituzte.
Josu San Pedro (Orozko, 1971) Orozkoko alkatearen esanetan, bai aterpearen eta bai baselizaren teilatua konpondu nahi dituzte. “Santa Marinak konponketa batzuk behar zituela adierazi ziguten auzokideek. Teilatua itoginez beteta dago, eta aterpekoa hondatuta dago. Lehenengo ideia baselizakoa konpontzea zen, baina, behin hasita, biak konpondu nahi genituzke”. Baselizakoa egurrez eginda dago, eta zulo asko dituela dio alkateak. Aterpeko teilatua, ostera, betoiarekin eraiki zuten. Elizaren barruko aldeak ere konponketak behar ditu, eta dirua heltzen bada, behar diren obra guztiak egin nahi dituzte orozkoarrek.
“Herritarren lorpena da”. San Pedrok azaldu duenez, udala diru laguntzak eskatzeaz eta lortzeaz arduratuko da, baina ekinbidea herriak abiatu du. “Ez da unerik onena dirua eskatzeko; hala ere, kontu korronte bat zabaldu dugu nahi duenak dirua sar dezan”. Horrekin nahikoa ez, eta diru iturri berriak bilatzen saiatuko dira. Esaterako, zozketak egingo dituzte jai egunetan.
Lanak bideratzeko batzarrak egin dituzte herrian. Lehenengoan, lanerako moduak izan zituzten aztergai, eta auzolanaren bidez egitea erabaki zuten. Ostean, dirua lortzeko bideak bilatu zituzten auzokideek. “Ikusi genuen oso zaila izango zela diru guztia lortzea bakarrik diru laguntzen bidez. Horrela, argi geratu zen beste modu batez lortu behar genituela sarrerak, eta herritarren laguntza ezinbestekoa izango zela”, dio alkateak. Batzarretan auzokide ugarik parte hartu dute. “Badirudi auzolanerako boluntario asko ditugula eta jendea oso animatuta dagoela beharrerako”, gaineratu du.
Jasotako laguntzen arabera, inguruetako beste baseliza batzuk auzolanaren bidez konpontzeko asmoa dute orozkoarrek. “Ekonomia nola dagoen ikusita, argi geratu zen batzarretan ez genuela baselizak berreskuratzeko beste modurik. Hortaz, posible bada, auzolanean arituko gara ahal beste”. Santa Marina leku estrategikoa da Orozkokoentzat. “Herria, Laudio eta Amurrio ikus daitezke bertatik. Ikuspegiak oso politak dira, eta oso erraz igo daiteke bertaraino. Herritarrak askotan joaten dira hara, eta guretzat garrantzitsua da konpondu ahal izatea”, esan du alkateak.
Ean, tradizio handia
“Herritarrok ere ardura daukagu herriarekin”, esan du Gentzane Lejardi Eako zinegotziak (Ea, 1985). Hainbat beharretan ibili da boluntario, behin baino gehiagotan, eta auzolanaren funtzionamendua ondo baino hobeto ezagutzen du. “Udalek laguntza behar dute egoera ekonomikoa ez delako ona; hala ere, gustura egiten dugu, herritarren beti-betiko ohitura da”.
Auzolana sustatu zuen “Bizkaiko lehenengo herrietako bat” izan zen Ea. Lejardik azaldu duenez, herritarrak beti daude laguntzeko prest. “Bakoitzak bere interesak ditu, eta horien araberako lanak egiten ditugu”.
Guztien partaidetza beharrezkoa dela dio. “Auzo bakoitzean dauden premiak identifikatzen ditugu auzokideok”, adierazi du. Horiek zerrendatu, sailkatu eta egin beharreko lanak prestatzen dituzte. Esate baterako, duela urtebete, herriko loreak eta lorategiak zaindu behar zirela sumatu zuten. Hala, lanak banatu zituzten, eta auzokideak hasi ziren berdeguneak zaintzen. Auzoka antolatu ziren; batzuek loreak erosi, eta beste batzuek landatu eta zaindu zituzten. Behar horiekin udalak egin beharreko inbertsioa murriztu zen.
Lorategiak zaintzeaz gain, herri altzariak margotzen eta kultur ekintzak prestatzen lagundu dute, eta mantentze lanak egin dituzte. “Erreka ondoan dauden jesarlekuak eta barandak margotu genituen behin”. Auzolana sustatzen duten ekinbideak behin eta berriro errepikatzen dituzte Ean. Orain, auzokide talde bat kiroldegian dabil lanean. Gimnasiorako materiala erosi du udalak, eta muntaketa lanetan laguntzen ari dira. “Adin guztietako herritarrok parte hartzen dugu auzolanean. Adibidez, gazteak gimnasioko lanetan ibiltzen dira, eta emakume talde batek loreak zaintzeko ardura dauka. Interesen arabera banatzen ditugu beharrak”, azaldu du Lejardik.
2011z geroztik, ekintza ugari egin dituzte. Horien artean, Bedaroa auzoan dagoen XIX. mendeko kare harrobi zahar bat berreskuratzeko lana dago. “Martxan jartzeko aukera zegoela ikusi genuen. Modu horretan, garbiketa egiteko deialdia egin zen, eta hamar lagun inguru aritu ziren hainbat behar egiten. Aditu batek ikuskatu zuen, eta, ostean, martxan jarri zen”.
Auzolanak auzokideak biltzeko balio duela uste du Lejardik. “Esperientzia oso ona izaten da beti, eta herritarrak batzen ditu. Auzokideen arteko lehenengo ekintza prestatu genuenean, bukatu ostean, bazkari bat antolatu zen, eta guztiak bildu ziren”. Esperientziak “positiboak” izan direnez, etorkizunean auzolana sustatzen jarraituko dute Ean.