Udalaren eta herritarren arteko zubi lana egingo dute. Parte hartzeko tresna aproposa dira”, dio Raul Palacio Karrantzako alkateak. Aitor Goldaraz, Muxikako alkatea: “Eurei esker udalak begi gehiago izango ditu auzo bakoitzean zein arazo dagoen jakiteko”. Bizkaiko bi udalerri horiek auzo alkateak berreskuratu dituzte azken asteetan. Hedadura handiko udalerriak dira: auzo sakabanatuak dituzte eta dentsitate txikia dute. Euren bitartez udala herritarrengandik gertuago egongo dela uste dute agintari biok.
Karrantzan betidanik izan dituzte auzo alkateak. “Bizkaiko udalerririk handiena gara, eta auzo gehien dituena. Beraz, ezinezkoa da udal gobernuak horietako bakoitzean zer gertatzen den zehatz jakitea. Ez, behintzat, behar besteko azkartasunez”, azaldu du egoera Palaciok. Badira dozena eskas bat herritar bizi diren auzoak, kasurako. Auzo alkatea, bada, horietako auzo bakoitzaren ordezkaria da.
Lehendik ere bazituzten, baina azken aldian ez dute aparteko zereginik izan. Karrantzan betidanik egon direla dio. “Izenez existitzen ziren, baina udalak ez zituen aintzakotzat hartzen. Gu udal gobernura iritsi ginenean, berreskuratu egin behar genituela erabaki genuen. Herritarrekin komunikatzeko tresna ezin hobea direla iruditzen zaigu”.
Karguan zeuden auzo alkateekin elkartu ziren, eta euren asmoa zein zen azaldu zieten. “Adibidez, elkarrengandik gertu dauden bi auzok udalaren pala behar badute beharren bat egiteko, eta guk herriko auzo guztien beharrizanen zerrenda osatuta badugu auzo alkateek egindako oharrei esker, bi auzoetara segidan bidaliko dugu pala. Hala, gure baliabideak eraginkorrago kudeatuko ditugu”. Azken batean, auzo alkateen zeregin nagusiena udalari euren auzoko arazoen berri jakinaraztea izango da. “Era berean, auzo bakoitzean kontzeju edo batzarrak eratuko dituzte, herritar denak elkartu eta auzoaren unean uneko egoera ezagutzeko. Auzo alkateak egingo du kontzejuaren eta udalaren arteko bitartekaritza. Horrez gain, udaleko ordezkariek kontzeju horietan parte hartu beharko dute, auzotarrek hala eskatuz gero.
Muxikan zehaztuago dituzte eginkizunetako batzuk. “Ezinbesteko laguntzaileak izango dira udalaren proiektu batzuk bultzatzeko”, dio Galdarazek. Besteak beste, auzoetako baso komunen kudeaketan lagunduko dute, edo bide publikoen zerrenda osatzen. Baita auzoetako baserrien zenbakiak zehazten ere. “Katastroan eta ur partzuergoan baserrien helbideak ez datoz bat”. Auzoetan egunero sortuko diren arazoak ezagutzen ere lagunduko dute.
Oraingoz, auzo alkateetako bakoitzak laguntzaileak aukeratu ditu, eta datozen hiru hilabeteetan auzoetako bakoitzaren egoera aztertu beharko dute. “Uda pasatakoan elkartuko gara denok, eta, beharrizanak ezagutu ostean, lehentasunak finkatuko ditugu elkarrekin”. Hau da, zer egin behar den eta noiz.
Osotara, Muxikak sei auzo alkate izango ditu. “Izatez, lehenago hiru herri ziren: Gorozika, Ibarruri eta Muxika. 1965ean bat egin zuten eta sortu zen udalerri berriari Muxika izena jarri zioten. Hitzarmen hartan auzo alkate bi agertzen ziren: Gorozikakoa eta Ibarrurikoa. Baina azken urteetan ez zuten funtzionatzen”. Dio, udal gobernura iritsi zirenean herriaren inguruko azterlan demografiko bat egitea pentsatu zutela. Bide batez, hondakinen kudeaketa eta argiteria publikoaren egoera ere aztertu zituzten. Horretarako herria sei zatitan banatu zuten. “‘Eta zergatik ez dugu beste pauso bat ematen eta sei auzo handi horietako bakoitzean auzo alkate bat jartzen?’, pentsatu genuen”.
Lehenengo auzo batzarrak egin zituzten, asmoa herritarrei azaltzeko. Ostean, maiatzean, egun batzuk finkatu zituzten kargua betetzeko interesa zuten herritarrek izena eman zezaten. Euren burua aurkeztu duten horien artean aukeratu dituzte auzokoek euren ordezkariak. Udalak parte hartzera animatu ditu eta baldintza batzuk jarri dizkie: muxikarrak, 18 urtetik gorakoak eta azken udal hauteskundeetan zerrendetan agertu bakoak behar dute izan.
Goldarazen esanetan, momentuz agintaldia bukatu arte egongo dira indarrean. “Hurrengo udal gobernuak erabakiko du laguntzaile hauek izaten jarraituko duen edo ez”. Herritarrek ondo hartu dutela dio, interesa agertu dutela. Dagoeneko sei auzo alkateak izendatuta dituzte, eta lanean hasteko prest. Karrantzan, ostera, oraindik badira auzo alkaterik bako auzoak. Horietan inor ez da aurkeztu kargu hori hartzeko. “Duela bi aste elkartu ginen jardunean daudenekin eta arautegi bat adostu genuen. Osoko bilkurak ere onartu du. Alkateon zereginak, udalarekin izango duten harremana eta noiz eta nola aukeratuko diren finkatu ditugu. Uste dugu udal hauteskundeak egitearekin batera aldatu beharko liratekeela, edo behintzat auzotarrek aukera dezatela berdinarekin jarraitu edo beste bat gura duten”.
Falta diren auzo alkateetako bat Ambasaguas auzokoa da. “Kasu horrek ez gaitu askorik kezkatzen, herrigunetik oso gertu dagoelako. Guretzat erraza da han gertatzen dena azkar jakitea. Badira, ordea, auzo alkatea falta duten periferiako auzoak, eta horietan ahalik eta azkarren izendatzea nahi dugu”. Palacio seguru dago behin denak izendatuta daudela herritarrekin duten komunikazioak eskertuko duela.
Oraingoz lehen urratsak egiten ari dira bi herriotan. Ibilian joango dira auzo alkateak zer diren zehazten. “Martxan joan ahala ikusiko dugu zer aldatu behar dugun, eta zer hobetu”, dio Goldarazek.