Belandia, Lendoñogoiti, Lendoñobeiti eta Mendeika. Lau kontzeju horiek osatzen dute Larruzabalgo kontseilua, Bizkaian dagoen bakarra. Urduñatik zazpi kilometrotara egon arren, kontzejuetako biztanleak ez dira bertako sentitzen. Izan ere, autonomia puntu bat dute, Urduñako alkatea izateaz gain, kontzeju edo herri batzar bakoitzean beste alkate bat dute. XV. mendekoak dira kontseiluari buruzko agiririk zaharrenak. Bertako kontzejuak jada XIII. mendeko agirietan aipatzen ziren, eta, Erdi Aroan, Gaztelatik Aiarara eta kostalderako bidean, geraleku garrantzitsu bihurtu ziren. Kontseiluko lau herri batzarrek 17 kilometro koadroko azalera dute; hau da, Urduñako barrutiaren erdia. Gorobel mendizerraren oinetan, alde batetik, eta Aiara bailarara begira, bestetik.
Kontzeju horietako alkateetako bi dira Julian Elejalde eta Josu Goti; Mendeika eta Lendoñogoitikoak, hurrenez hurren. Urte asko daramate karguan. Izan ere, biztanle gutxi dira eta inork ere ez du ardura hori hartu nahi izaten. Elejalde duela 20 urte ingurutik da Mendeikako alkatea, gazteena baita, 50 urterekin. “Jende nagusiak ezin du batzarretara joan edo idatziak egin”, azaldu du. Orain bikote gazte bat joan da Mendeikara bizitzera, datozen hauteskundeetan horietako bat hautagai gisa aurkeztuko den esperantza du Elejaldek, hainbeste urteren ostean, bera ordezkatzeko. Gotik 12 urte daramatza Lendoñogoitiko alkate. Ez du bere burua “politika kontuetan” ikusten, baina “norbaitek egin behar du”.
Oso biztanle gutxi bizi dira kontzejuetan: Ledoñogoitin hamaika pertsona eta Mendeikan hamazortzi. Horren txikiak izanik, betebeharrak ere asko ez direla kontatu dute Gotik eta Elejaldek. Auzokide guztiek ura ordaintzen dutela baieztatzea, kontagailuak begiratu, ur sarean arazorik ez dagoela ziurtatu… Mendiaren kudeaketaz ere arduratzen dira. “Ekonomikoki egin dezakeguna eramaten dugu aurrera, obra txikiak. Izan ere, lau etxe dituen herrixka batean ez da diru askorik biltzen”, adierazi du Gotik. Euren betebeharra, funtsean, “kontzejuen funtzionamendua mantentzea” dela azaldu du Elejaldek.
Landa eta hiria parez pare. Paraje guztiz ezberdinak izanik, bakoitzak bere beharrizan eta lehentasunak ditu, eta horrek batzuetan arazoak sor ditzake. Adibide gisa Lendoñobeiti eta Mendeika lotzen dituen bidea jarri du Elejaldek; 1982az geroztik ez dute konpondu. “Urduñatik galdetzen digute ea zertarako nahi dugun konpondu. Guk asko erabiltzen dugun bidea da, hortik okina, zaborraren kamioia, postaria eta bizilagunak ibiltzen gara. Herri batetik bestera joateko erabiltzen dugu, errepide nagusia ez hartzeko. Baina hori Urduñarentzat ez da lehentasuna duen kontua, udaletxetik zazpi kilometrora baikaude”, diote.
Tradizioaren alde
“Ez gara politikariak bezalakoak”. Obraren bat egiteko, alkate hauek auzokideekin kontsultatu behar dutela azaldu du Elejaldek: “Herritarren agindupean gaude”. Herritarren oniritzia jaso ondoren, Urduñako Udalera jotzen dute: “Ezin dugu zuzenean Bizkaiko Foru Aldundira joan; udaletik pasa behar dugu nahitaez”. “Ia foru aldundiak ere ez du aitortzen bagarela. Nahiko baztertuta gaude”, kexatu da Elejalde. Araban legedi ezberdina dago, eta bertako kontzejuek Arabako Foru Aldundiarekin harreman zuzena dute. “Gu Espainiako legediak arautzen gaitu eta obraren bat egin nahi izanez gero, lehenik eta behin udalera jo behar dugu. Araban ezberdina da, administrazio kontseiluko alkateak foru aldundira jo eta zer egin nahi duen esaten du, hark dagokion portzentajea ordainduko du, eta gainontzekoa administrazio kontseiluak edo udalak jartzen du”.
Alkate gisa bizitako esperientziarekin pozik daude oro har, baina momentu frustragarriak ere izan direla kontatu du Elejaldek: “Batzuetan haserretu egiten zara, gauzak egin nahi dituzu, baina udalak eta foru aldundiak ez zaituzte laguntzen”. Ez balitz kontzejuetako alkaterik izango, Urduñako Udala bihurtuko litzateke hainbat gairen erantzule eta orain arte lortutakoak galduko lituzkete; mendia, luberritzea, ura, bazken kudeaketa…
Dena dela, tradizioarekin jarraitzeko prest daude Elejalde eta Goti. “Alkateak kenduz gero, Urduñako auzoa izango ginateke, eta, gainera, auzo baztertua”.
Lendoñogoitiko alkatea baserriko kontuek kezkatzen dute gehien. “Baserrian lan egiten duen jende gutxi dago. Batzuek abereak izateko lizentzia dute, baina beste lanbide batzuk dituzte. Abereak dituen edonork mendian bazkatzeko eskubidea izango balu, horretatik bizi garenoi kalte handia eragingo liguke”. Gutxiengo bat direla dio, eta bazka lurren kudeaketa Urduñako Udalaren esku egongo balitz, abeltzainentzat oso txarra izango litzatekeela iruditzen zaio. “Tristea” izango litzateke tradizioa galtzea, baina ez dute ikusten aldundiaren partetik horrek funtzionatzen jarraitzeko borondaterik. “Ez gara existitzen eurentzat”.