XIX. mendean hasi zen Bilbo hiribildua inguruko lurraldeak hartzen. Hainbat anexio eta desanexioren ondoren, gaur egun hiribilduak ez ezik, Begoña eta Deustuako elizateek ere osatzen dute udalerria. Hala, eremu zabal hori zortzi barrutitan banatuta dago: Deustua, Uribarri, Otxarkoaga-Txurdinaga, Begoña, Ibaiondo, Abando, Errekalde eta Basurtu-Zorrotza. Horietako bakoitzak barruti kontseilua dauka. Bizilagunei hiriaren gobernuan parte hartzea erraztea da helburuetako bat. Beste bat, herritarren interesak aditzera ematea. Azkenik, udal zerbitzuak eskaintzen dizkiete barrutiko bizilagunei.