Familiak

Igor Elordui Etxebarria

Maddi —nire 5 urteko alaba— etorri da eskolatik esanez badakiela norekin “ezkonduko” den. Esan barik doa nire alabarentzat ezkontzea ez dela eliza batean, udal batean edota inongo erregistrotan sinatu behar den kontratua; hori baino sinpleagoa eta naturalagoa da (eta, horretxegatik, egiazkoagoa): nire alabarentzat ezkontzea “nagusia” denean norekin biziko den da, alegia, familia norekin eduki eta partekatuko duen. “A, bai? Norekin, ba?”, galdetu diot, jakin-minez. Kontatu didanez, bere hasierako asmoa Anerekin ezkontzea zen, auzokide eta lagun-mina. Baten batek eskolan esan dio, baina, bi neska ezin direla elkarrekin ezkondu (“oraindik horrela gabiltza?”, pentsatuko duzue. Ba, bai, oraindik horrela gabiltza). Argitu diot jakina ezkon daitezkeela bi neska —edo bi mutil— hala gura badute, eta eman dizkiot adibideak. Esan dit, orduan, Anerekin eta Beñatekin ezkonduko dela, Beñat ere bere lagun onena delako. Gainera, bai Anek eta bai Beñatek txakurra daukate, eta berari izugarri gustatzen zaizkio txakurrak. Gaineratu dit ados paratu direla eta lau ume eta hiru txakur edukiko dituztela. “Ederto, ba, laztana”, esan diot. Eta jolastera joan da, deliberoarekin pozik.

Olgetan ibili da bera, eta pentsaketan ni. Umeen kontuak, bai, baina… Zergatik ez?

Edade bat daukagunak ondo akordatuko gara garai bateko zazpi familien karta-jokoarekin. Egongo da oraindik ere hainbat etxetako tiraderaren batean gordeta, umetako altxor horietako baten gisara (jakingarri bat: Heraclio Fournierrek egin eta merkaturatu zituen, lehenengoz, 1965ean). Bada, zazpi familia haiek ziren familia mexikarra, txinatarra, afrikarra (bantua), eskimala, arabiarra, indiarra eta tiroldarra. Zazpi familiak seina kidez osatuta zeuden: semea, alaba, aita, ama, aitita eta amama.

Pentsa nola aldatu diren gauzak. Badira jada hamar urte pasatxo Pirritx eta Porrotxen zorioneko familien karta-jokoa kaleratu zenetik. Sei familia, denak euskaldunak, baina jatorri eta osaketa desberdinetakoak: Alfonsiñoren familia, Gorkaren familia, Kintxoren familia, Liren familia, Tiderren familia eta Nerearen familia. Alfonsiño harreran hartutako mutikoa da, eta, hori dela eta, bi ama eta bi aita ditu. Gorkak bi ama ditu, Ama-Lu eta Ama-Dolo. Kintxo Nikaraguako haur etorkin bat da. Bere amarekin bizi da Euskal Herrian. Li neska adoptatua da, Txinatik ekarri zuten eta gurasoekin eta aitonarekin bizi da. Tiderrek ama euskalduna du, eta aita bereberea; anaia eta arreba txikiagoak, eta bi amama —amona Tomaxa eta amona Tilelli—. Nereak bi etxe ditu orain: bere gurasoak banatu egin dira, eta bera eta bere ahizpa amarekin eta amaren lagunarekin bizi dira astean zehar, eta aitarekin eta aitaren lagunarekin asteburuetan.

Asko aldatu da familia-eredua azken hamarkadetan, aspaldiko egia da hori. Eta gehiago aldatuko da. Nire alabak ez daki, baina familiaren definizioa ezkontzatik bereizi(ko) da, azkenean.