Natalia Salazar Orbe
Martxa honetan, 300 urteren buruan basorik gabe geratuko gara”. Iragarpen latz eta beldurgarri hori egin du Leo Simoesek, Begira Photo jaialdiko zuzendariak. Jaialdia antolatzeko egin duten ikerketa baten ostean atera dute ondorio hori. Balizko etorkizun beltz hori aldatzen laguntzeko harri koskorra jarri nahi dute. Hala, Basoa du izenburu eta ardatz aurtengo jaialdiak.
Ziklo tematiko bat abiatu du Begira Photok. “Bertan, gizakiak lurraldearekiko duen harremana, eta lurraldeak gizakiarengan eragina duela islatu gura du”. Trilogia baten lehen atala da Basoa. Haren ostetik iritsiko dira Harria eta Ura. Hala, mendiek eta ibaiek eta itsasoek hartuko dute protagonismoa datozen edizioetan. Helburu berari eutsiko dio jaialdiak denetan: “Geografiarekin eta lurraldearekin zer gertatzen den kontatzen saiatuko gara. Beti ere, alde ekologikoa nabarmenduz”.
Martxan den jaialdiak edizio “politikoagoei” zabaldu dizkie ateak. “Argazkilaritzak eta arteak ere jarrera hartu behar dute gizarteko arazoen aurrean. Bizi garen ingurunea errespetatzearen garrantziaren gainean pedagogia egin nahi dugu; gizaki gisa, basoetako baliabideak gehiegi esplotatzen ari garela jabetu gaitezen. Logika ekologikoa ekonomikoaren aurrean gailentzen den begirada zabaldu nahi dugu”.
Betebehar hori gauzatzeko, erakusketetan ikus daitezkeen argazki gehienetan, itxuraz behintzat, ondo zaindutako basoak ageri dira. “Begirada poetikoa gailendu da”.
Gizakiaren portaera aldatzeko ekarpena egiten saiatu gura du jaialdiak. “Ezkorra naiz, dena den. Ez dakit honek guzti honek konponbiderik duen. Hala ere, nahiko genuke aldaketa eragin ahal izatea. Baina hori ez dugu epe laburrean ezagutuko, noski”.
Hiru erakusketak osatzen dute Kinua argazki elkarteak bultzatutako kultur egitasmoko Basoa-ren egitura: Zuhaitzen lekua, Frozen Trees eta Zuhaiztia. Misha Ridder, Regina Anzenberger, Pablo Castilla eta Ellen Bornkesselek ateratako zuhaitzen paisajeak daude ikusgai lehenengoan. “Hamabi argazkik osatzen dute, formato eta tamainu anitzetakoak. Bakoitzak basoari buruzko ikuspegi bat du; eta teknika bat baino gehiago landu dituzte”.
Bertako ordezkaria
Euskal Herriko artista bati lekua ematen dio bigarrenak. Imanol Marrodanek landutako Frozen Trees Zornotzan ikus daiteke. Izoztutako zuhaitzen irudiak hartu ditu argazkilariak. “Urte asko egin ditu Anboto mendiaren inguruan lanean. Marrodanek ilusio handia zeukan proiektua garatu den lekutik gertu ikusgai jartzeko”. Banakako erakusketa bakarra da; gainerakoak kolektiboak dira.
Maiatza, ekaina eta uztaila artean argazkiak jasotzeko nazioarteko deialdia egin zuen Kinua argazki elkarteak, Zuhaiztia erakusketa kolektiboa osatzeko. 44 argazkiz osatutako laginak hainbat lekutan dituzte ikusgai: “Zati bat Arte eta Historia museoko lehenengo solairuan dago, Durangon. Zuhaitzen lekua eta Zuhaiztia ditugu bertan. Bata bestearengatik ondo bereizita dago, marko eta guzti, ohiko erakusketetan legez”. Erakusketaren beste atal bat Iurretan dago, belaki batzuetan jarrita. Beste zati bat Plateruena kafe antzokiaren fatxadan dute, eta, azkena, Abadiñoko Errota kultur gunean.
Barrualdeko eta kanpoaldeko erakusketak prestatu dituzte, beraz. Durango, Iurreta, Zornotza eta Abadiñoko agertokiek hartu dituzte bertako eta atzerriko artisten lanak. Argazkilaritza kalera ateratzeko nahia beti izan dute Leo Simoesek eta haren taldeak. Eraikinen fatxadak eta herrietako beste eremu batzuk baliatu dituzte horretarako. Iurreta eta Durango lotzen dituen zubia da ekimen horren adibideetako bat. Mugakideak dira bi herriok. Bata bestearen mendekoa zen aspaldi. Geroago, Iurreta desanexionatu egin zen, eta bere autonomia berreskuratu zuen. “Ibaizabal ibaiaren gainean belaki handietan kokatu ditugu argazkiak. Era horretan, argazkilaritza edozein herritarrengana irits daitekeela bermatzen dugu. Izan ere, egunero, gutxienez, 400 lagun pasatzen dira zubi horretatik”.
Zornotzako Zelaieta kultur etxearen fatxada ere arbolen irudiez jantzi dute. “Etxe barruan erakusketarako nahikoa lekurik ez dago. Hala, belakiak jarri behar izan ditugu eraikin horren fatxadan ere”.
Aurten bete dute jaialdia Durangotik eskualdera zabaltzeko betidanik izan duten ametsa. Ez da izan lan erraza. “Ez dago erakusketarako leku askorik Durangaldean. Argazkilaritza tradizio handirik ere ez dago. Argazkilaritza arte eta kultur jarduera gisa hartuta, noski”. Hala ere, sustraiak lurrean barrena zabalduz doaz. Indarra hartuz doa, beraz, Begira Photo. “Hala dela pentsatu eta sinetsi gura dugu”.
Pentsamendu garaikideaz
Argazkiak erakusteko jarduera hutsetik harago doa Begira Photo. Argazkilaritza Mintzagai jardunaldiak prestatu dituzte azarora begira. “Jaialdiak sormen artistikoa sustatzen du. Baina baita irudi fotografikoen inguruko pentsamendu garaikidea ere. Pentsamendua sustatzeko espazioa da hau. Argazki liburuek eta erakusketek sormena defendatzen dute, eta jardunaldiek, pentsamendua”.
Jaialdiari bukaera emateko saiook azaroaren 11n eta 12an egingo dituzte. Hainbat gonbidatu izango dituzte hitzaldietan eta mahai inguruetan parte hartzeko. Hainbat gai izango dituzte mintzagai: sormena argazkilaritzan, argazkiak ikusleengana iritsi ahal izateko zabalkundea, eta kritika zein kritikarik eza. “Behin eta berriro errepikatzen ari garen ardatz horien inguruan eztabaidatuko dugu: lanaren sozializazioa, argazkilaritzaren inguruan dauden rol anitzak… Argazkilariez gain, badaude beste aktore batzuk: argitaratzailea, galerista… Argazkilaritza biltzen duen guztiari lekua egiten saiatzen gara pentsamendu foro honetan, rol anitzetatik aztertuta”.
Irudien eta pentsamenduen zurrunbilo horretan barneratuta, jaialdia zenbait argazki liburu sustatu eta aurkezteko ere baliatu du Begira Photok. Carmen Riveroren Pérdida de lo absoluto; Ximena Almeydaren Calma, eta Jesus Mari Aruabarrenaren Friederike argazki liburuak aurkeztu zituzten joan den astean. Horiekin batera aurkeztu zituzten Noctis Photobooks eta Pewen Cuadernos de Fotografía proiektuak ere.
Basoaren misterioak utziko ditu agerian aurten Begira Photo jaialdiak. Ikuspegi anitzak islatzen dituzte argazkiek. Lanok, adarrez betetako baso ezkutuetan zein hiri barruko zuhaiztietan murgilduko dituzte ikusleak. “Irudietako askotan arbola bakar bat ageri da. Hala ere, zuhaitz mordo batek elkarrekin osatzen duten multzoa da baso bat. Landaketak, ziurrenik mendeetan zehar hor egon diren basoak eta eta hondamendiren bat edo beste uztartu ditugu; suteak, batez ere”. Basoaren barreneko poesia azaleratzen duten irudiak euren jatorrizko bizilekuetatik kanpo atera dituzte, eta herritarrei, meditazio eta gogoetarako leku zoragarri gisa aurkeztu, irudi ezkorrak, gehienetan, bazter utzita. Eta beti ere, zaindu beharreko leku paregabe legez azalduta. Zuhaitzak bizitzaren berme direlako.