Ginekologia zerbitzuak, jomugan

Ezkerraldeko eta Lea-Artibaiko andreen bederatzi elkartek elkarretaratzea egin zuten asteartean, Barakaldon, Emakumearen Osasunaren Aldeko Nazioarteko Egunaren harira. Osasunaren arloan egiten ari diren murrizketen inguruan, euren kezkak plazaratu zituzten, eta salatu zuten ez direla behar beste azterketa ginekologiko egiten.

Elkarretaratzearen bidez, emakumeen eskubideen alde kokatzeaz gain, zenbait aldarrikapen egin dituzte andrazkoek. Besteak beste, minbizi ginekologikoen prebentziorako programak eskatu dituzte, bereziki 45 urteetatik aurrera bularreko minbiziari aurrea hartzeko. Horrez gain, haurdunaldiak borondatez etetea emakumeen eskubidea dela gogoratu dute. Menopausiari, kontrazepzioari eta sexualitateari buruzko informazioa ere eskatu dute.

Argitan elkarteko ordezkarien arabera, “Osakidetzan oraindik ez dago aldizkako azterketa ginekologikorik sintomak ez dituzten emakumeentzat”. Bularreko minbizi kasuetan, koskorrak agertu ohi dira; hori dela eta, gaixotasunaren detekzioa goiztiarragoa izan daiteke. Umetokiko minbiziari dagokionez, ordea, koskorra sintomarik gabe garatzen da. Ondorioz, maiz, oso hedatuta dagoenean detektatu ohi dute medikuek. “Ohiko programekin, gutxi gorabehera, 50 urtetik gorako emakumeei hiru urtetik behin egiten dizkiete zitologiak, eta 69 urte betetzen dituztenean amaitzen dira. Arazoak sortu ostean abiatzen dituzte azterketak”. Argitan elkarteko kideen ustez, osasun azterketa horiek ez dira nahikoak, eta “sarriago” egin beharko lituzkete.

Bestalde, andreek ginekologoarekiko kontsulta eskatu nahi dutenean, lehendabizi, familia sendagilearengana jo behar dute. Baina, medikuak ez badio egoerari garrantzirik ematen, prozedura eteten da. “Batzuetan gaizki sentitzen gara. Ez dakigu zer dugun eta gaian aditua den norbaitek azterketa egin diezagula nahi dugu, nahiz eta aldez aurretik sintomarik ez dugun”, azaldu dute. Sintomarik ez dagoenean edo familian aldez aurretik minbizi kasurik egon ez bada, osasun zerbitzuek prebentziozko azterketak sarriago egiteko traba asko ipintzen dituztela kexu dira. “Ez diezazkietela ateak itxi osasun azterketa egin nahi duten emakumeei”, eskatu dute.

Ageriko sintomak izan ez arren, nazioarteko erakundeek aldizkako osasun azterketak egitea gomendatzen dute. “Bere finkatze urteetan, Osakidetzak politika oso egokia izan zuen emakumeen osasunari dagokionez. Familia plangintzarako edo menopausiaren kontrolerako moduluak ezarri zituzten”, gogoratu dute Argitan elkartekoek. Baina egun atzerapausoak ematen ari dela salatu dute.

Horiek horrela, andre batzuek medikuntza zerbitzu pribatuetara jo ohi dute; baina ordaindu egin behar dira. “Ezin dugu aukera hori irtenbide moduan onartu. Medikuntza pribatuko profesionala goizean Gizarte Segurantzan lan egiten duen bera izan daiteke. Orduan, euren medikuak aberasteko politika bat sustatzen ari dira goizean egiten ez duten lana arratsaldeetan eginez”.

Elkarretaratzea Ondarroan

Osakidetzak Ondarroa, Lekeitio eta Markina-Xemeingo osasun etxeetako ginekologia zerbitzuetan mozketak egin dituela salatu dute Lea-Artibaiko emakume taldeek. Galdakaoko ibarreko zuzendaritzak eskualdeko zentroak kudeatzen ditu, eta erabiltzaileen arabera, kontsulta egunak erdira murriztu ditu kostaldeko udalerrietan; Markinako zentroari dagokionez, hamabost egunean behin eskaintzen dute zerbitzua. Hori dela eta, Ondarroako zumardian bildu ziren zapatuan, egoerari erantzun bateratua emateko.

Emakumeen arabera, Osakidetzak ez du zerbitzuaren murrizketaren berri eman; baina hitzorduak eskatzeko orduan igarri dute egoera. Ondorioz, Galdakaoko ibarreko zuzendaritzari gutun bat bidaltzea erabaki dute. Izan ere, neurri horrek “oso modu negatiboan” eragiten diela adierazi dute.

Josune Laka Zazpi Emakume en Movimiento elkarteko kideak Ondarroako ekitaldia antolatzen lagundu zuen, inguruko beste taldeekin elkarlanean. “Geure aldarrikapena planifikazio zentro integrala izatea da”. Lehen, andrazkoentzako guneetan ekintza ugari prestatzen ziren. Besteak beste, amatasun zerbitzuak zituzten, gazteei heziketa sexuala eskaintzen zieten eta jarduera asko antolatzen zituzten. “Ondarroako emakume feministak asko borrokatu ziren zentro bat lortzeko, eta Osakidetzak hori bereganatu zuenean, murrizketa asko egin zituen”, azaldu du Lakak.

Salaketa sormenaren bidez plazaratu zuten andrazkoek. Armiarma sare bat irudikatuz, elkarlana behar dela eman zuten aditzera. Emakume atzerritarrek ere parte hartu zuten ekitaldian. “Aniztasuna egon da, emakume guztiei eragiten digun arazoa delako”. Beste alde batetik, irudi batzuk grabatu zituzten, eta etorkizunean, egoerari buruzko dokumental bat egiteko asmoa dute.