Larunbatean ireki zutenetik astelehen gauera arte, 71.346 ibilgailuk erabili dute Bilborako sarbide berria. Asteburuan, Bizkaiko hiriburura sartu zen ibilgailu kopuruak gora egin zuen, %4 eta %9 bitartean, iazko maiatzeko datuekin alderatuta. Astelehenean, ibilgailu gutxiagok hartu zuten Bentazarrako tunela. Autoen zirkulazioa Bilborako gainerako sarbideetan banatu zen, foru aldundiko Herri Lan eta Garraio Sailak emandako datuen arabera. Zirkulazioak behera egin zuen Santo Domingo, Enekuri eta Artxandako tuneletan. Juan Garai eta ekialdeko ingurabidean, ordea, auto gehiago ibili ziren.