Aiyana

Thorsten Theek jaio zenean, 1923. urte inguruan, bere aita Matthias amerindiarren legenda zahar bat alemanera itzultzen ari zen. Aiyana zuen izena legendak eta maitasun ezinezko baina betiereko bati buruzko istorioa zen.

Markranstädt herrixkan jaio zen Thorsten, eta hiru urte geroago, dagoeneko hazten zegoen hirixka berberean jaio zen Gisi: begi biribil erraldoiak zituen neska potola. Gisik hamasei urte eta Thorstenek hemeretzi zituztenean hasi ziren elkarrekin ateratzen. Mendizaleak ziren biak, baina paraje ederrak eskaintzeaz aparte, mendiek, nazi eta gerra-giro itogarriez ahazteko beta ematen zieten gazteei. Eskerrak Thorsten gertu zegoen hiri batera bidali zuten armadako buruek, ez baitzuen Gisik jasango bere betiko maitasuna urruti joatea. Gisik hamazortzi urte bete zituenean utzi zuten erlazioa.

Veronika VaÞekova Pragan jaio zen 1942an, dagoeneko pasaportea eskuan zuela. Petra umedun zegoela ez zuten bidaia egin nahi, beraz, haurra jaio arte itxaron eta hurrengo egunean hasi zuten Ameriketarako bidaia luze eta ezezaguna Thomas aitak, Petra amak eta Veronika jaioberriak. Ez zuten gura Veronika militar artean haz zedin. Kalifornia hegoaldera ailegatu ziren noizbait: eguzkia, hondartzak, kotxeak, lan aukerak… Familia harremanak gutun bidez mantentzen zituzten, batez ere Veronikagatik, inoiz bizi izan ez zuen Txekia bere herria zela senti zezan. Karta bidez ezagutu zituen Veronikak bere lehengusu eta lehengusinak. Horrela jakin zuen JiÞina ikasle fina zela eta Jaroslav artista paregabea. Josefen heriotzaz ere horrela izan zuen berri: urteekin batera zahartzen zihoazen eskuek tinta beltzez paper horixketan margotutako hitzen bidez.

George da Veronikaren seme gazteena eta 47 urte ditu orain. Maminkoren, Veronikaren, 70. urtebetetzean Txekiara bidaia oparitu zion, kaligrafia bidez baino ezagutzen ez zituen lehengusu-lehengusinak besarkatu ahal izateko behingoz.

Thorstenek eta Gisik bizitza ederrak izan zituzten, bizi beteak. Bakoitzak bere aldetik, bakoitzak bere sendia sortuz. 2002an, baina, alargundu zen Thorsten eta hiru urte geroago hil egin zen Gisiren senarra. Heriotzak batu zituen berriro, Markranstädteko hilerrian, bakoitza bere bidaidearen hilobiaren aurrean.

2012ko abenduan hil zen Maminko, eta txekiarren ohiturak jarraituta lurperatu zuten Riversiden. Aurten, Aste Santuan, zendu dira Thorsten eta Gisi. Baina aste batzuk atzerago, hiriko parrokia luteranoan ezkontzea erabaki zuten, bizitzak alde egingo ziela sentitu zutenean. Bien seme-alabak, bilobak eta birbilobak batu ziren, ezkontzan lehenengo eta hiletan gero. Gisiren birbiloba gazteena Aiyana deitzen da.