Proba gaindituta

Asteburuko arazoen ondoren, lagunetan normaltasuna izan da nagusi Bilborako sarbide berrian. Auto pilaketa gutxi batzuk bai, baina, oro har, aste barruan ez da arazo handirik egon San Mames inguruan. Espero baino lehen hasi ziren auto ilarak, asteburuan bertan. Egoera ikusi ostean, astelehenean zirkulazio arazoak saihesteko semaforoen maiztasuna probatzen dabiltzala adierazi du Bilboko Udalak, egokiena asmatu arte. Izan ere, domekatik hainbat neurri zuzentzaile hartzen dabil udala, akatsak zuzendu nahian. Lehen egunak “normal-normal” pasa diren arren, “zuhur” jokatu eta hurrengo asteetan egoera zelakoa den ikusi beharko dutela adierazi du Asier Abaunza Bilboko Udaleko Garraio eta Zirkulazio zinegotziak.

Zapatu goizaldean zabaldu zuten San Mameseko azpiegitura berria, eta ordu gutxira hasi ziren arazoak, eguerdian. Ilarak ustekabean iritsi ziren. Astelehenerako kezkak handitu ziren, sarbidea ireki zutenetik lehen laneguna izanda ibilgailu kopuru handia espero baitzen goizean, puntako orduan, 07:00etatik 09:00ak arte. Baina ez zen arazorik egon. 08:30 aldera, autoen joan-etorria geldoa zen, gidarien ezjakintasuna zela eta. Seinaleekin arazoak izan ziren, adibidez. Zunzunegitik Gurtubai kalerantz joan nahi izanez gero —Basurtuko ospitalerantz—, lehen biribilgunea zegoen tokian eskuineko bidea hartu behar da orain; gidari asko nahastu egin ziren, eta Udaltzaingoak bide zuzena seinaleztatu behar izan zuen. Asteburuaz geroztik seinale horizontal eta bertikalak hobetu dituztela adierazi du zinegotziak. “Geziak margotu, eta semaforoen arteko koordinazioa hobetu dugu Zunzunegi kalean eta inguruetan”. Datozen egunetan udaltzain zein teknikariek sarbide berria ikuskatzen jarraituko dutela azaldu du, “arazoak aurreikusten” baitituzte. “Egokitze zaila” egin dutela aitortu du Abaunzak: kaleen arteko bidegurutzeak berrantolatu, eta guztia tranbiaren igarobidearekin koordinatu behar izan dute.

Autobusen ibilbide aldaketa

Aldaketokin Termibusetik ateratzen diren autobusek isurtzen duten kea irentsi beharko dute Luis Briñas eta Zunzunegi kaleetako bizilagunek. Izan ere, autobusek ibilbidea aldatu behar izan dute Bilbotik ateratzeko. Orain, Luis Briñas kaletik igaroko dira guztiak. Auzokideek auto martxa egin zuten astelehenean, 09:00etan, sarbide berriaren aurka protesta egiteko. Autoekin Termibus inguratu zuten bueltaka, San Mameseko sarbidea blokeatzeko asmoz. Baina ez zuten inolako ilararik eragin. Isunak saihesteko, ibilgailuek ez zeramaten kartelik, eta protesta ez zen nabarmendu.

Aparkaleku falta eta karga eta deskargatzeko eremu falta dela-eta kexatzen dira auzokide gehienak. Lourdes Urrutikoetxeak gozoki denda bat du Luis Briñas kalean. “Ez dago karga eta deskargarako tokirik, ezta anbulantziak geratzeko ere”. 50 aparkaleku inguru kendu dituzte, obren ondorioz. Berriak sortzeko sinadurak biltzen ari dira. 3.000 baino gehiago bildu dituzte. Garajea Zunzunegi kalean dutenak ere kexu agertu dira. Izan ere, sarbide berritik Bilbotik ateratzeko, Sabino Arana beheraino jaitsi behar dute, eta berriz ere igo.

Sarbide berria zabaldu baino aste pare bat lehenago, Luis Briñastik ateratzen ziren autobusak lekualdatu egin zituzten: unibertsitatera doana, Getxokoa eta Gordexolakoa. Horrek ostalarien haserrea eragin du. Termibusen parean dagoen espaloiko taberna eta negozioek bezeroak galduko dituztela diote. “Hemen aurrean autobus geltokia zegoen, eta jende asko tabernatik edo gozoki dendatik pasatzen zen autobusa hartu baino lehen”, kontatu du Diego Guerrerok, Zubi tabernaren jabeak. Luis Santamaria auto tailerreko nagusia ere kexu da: “Orain ezinezkoa da tailerraren parean geratzea, bertan zeuden aparkalekuak kendu baitituzte. Garaje partzelak alokatu behar izan ditut autoak sartzeko”.

Luis Briñasko bizilagunen kexei erantzunez, Abaunzak adierazi du Basurtuko gainazalean “oraingoz” ez dutela aparkaleku gehiago egokitzeko aukerarik. Garellanoko dorreak, Sabino Aranako eskalestria botatzeko lanak, San Mames berria… “Horrek guztiak eragina izango du inguruko gainazalean; ahalik eta ondoen egokitzen saiatuko garen arren, ez dago aukera handirik”.

Zapatuko egoerak lehen lanegunean eragina izan duela uste du Abaunzak: “Agian, gidari batzuek beste sarbideak erabiltzea erabaki dute, edo garraio publikoz etortzea. Jarrera positiboak dira”. Hain justu, hiriburura sartzeko beste zazpi bideak baliatzeko deia egin du udalak: Zabalburu (Juan Garai), Miraflores, Santo Domingo, Bilbo-Galdakao errepidea, Artxandako tunelak, Enekuri, Elorrieta eta Montevideo etorbidea. “Denak Basurtutik sartzen badira, sarbide berriek ez dute emango”.

San Mameseko errepideak Sabino Aranako zubibide zaharrak baino edukiera txikiagoa du: egunean 60.000 eta 90.000 ibilgailurentzako ahalmena zuen hark, eta, berriak, 50.000 ingururentzako lekua baino ez du. Dena dela, Abaunzak nabarmendu du hori ez dela Bilborako sarbide bakarra. “Zazpi sarrera daude, eta egokiena hartu behar da. Batez ere, Ezkerraldetik datozenek Sabino Aranara joateko ohitura izan dute betidanik, nahiz eta euren helburua hiriaren iparraldea izan. Horiei esan nahi genieke Errondegiko zubia hartu eta iparraldeko edozein sarreratik sar daitezkeela; hala, iritsi nahi duten lekutik gertu geratuko lirateke”.

Suteen aurkako sistema

Lehenengo egunen balorazio positiboa egin du Unai Rementeria Bizkaiko Foru Aldundiko bozeramaileak, eta funtzionamenduaren “normaltasuna” nabarmendu du. Astelehenean, 16:00etan, arazotxo bat egon zen San Mamesera doan Bentazarrako tunelean. Sistema informatikoaren akats batek suteen kontrako sistema martxan jartzea eragin zuen; ondorioz, bost minutuan aritu zen ura botatzen. Errepideko urak ibilgailu bik elkar jotzea eragin zuen, eta bidea itxita egon zen hamabost minutuz. Hiru kilometro inguruko auto ilarak izan ziren. “Sentsoreek sentsibilitate maila handia dute, eta, oraindik guztiz finkatuta ez daudenez, tenperatura altua sumatu eta martxan jarri zen sistema”, azaldu du Rementeriak.

Udalaren datuen arabera, zapatu goizetik astelehen gauera bitartean, 71.346 ibilgailu ibili dira. Asteburuan, oro har, %4 eta %9 artean egin zuen gora ibilgailuen zirkulazioak, iazko maiatzeko datuen aldean. Zabaldu zutenetik, lehen lanegunean, 25.473 ibilgailu igaro ziren San Mameseko sarbidetik. Eguneko ordu tarte gatazkatsuenetan, iazko datuen aldean %24 egin zuen behera ibilgailu kopuruak: 07:00ak eta 09:00ak artean, 4.641 ibilgailu ibili ziren; 19:00ak eta 20:00ak artean, 3.132.

Bilboko beste sarbide batzuetan erabiltzaile kopuruan gorakada txiki bat egon dela jakinarazi du Rementeriak, Santo Domingon, Artxandako tuneletan eta Juan Garain. Azken horretan, itxi baino lehenago ibiltzen zirenak baino 2.000 ibilgailu gehiago.

Juan Garaiko sarbidea

Orain dela hamar urte itxi zuten Juan Garaiko sarbidea, Ezkerraldetik Bilbora doazen ibilgailuentzat. Sarrera hori itxi zutenean, ibilgailuen zirkulazioa %14 arindu zen. Sabino Aranako zubibidea itxi eta sarbide berriak askoz ere leku gutxiago du ibilgailuentzat, beraz, Juan Garaikoa irekitzea erabaki zuten, hartara, zirkulazioa banatzeko. Joan den asteko barikuan, 10:00etan ireki zuten, San Mamesekoa baino egun bat lehenago. Iralako auzokideen elkarteak erabaki hori hartu izana gaitzetsi du. Zirkulazioak Iralako kaleak eta Zabalburu plaza ere “itoko” dituela esan du Juan Mari Zulaika bozeramaileak. “San Mamesetik joan beharrean, horiek guztiak Juan Garaitik etorriko dira, eta kolapsatu egingo da kalea, dudarik gabe”. Ez bakarrik Juan Garai. Kalea hartu baino lehen dagoen biribilgunean, hainbat ibilgailuk Eskurtzera jotzen dutela adierazi du Zulaikak. “Batzuk Irala barrura sartzen dira; kalez kale ibiltzen da zirkulazioa, oso kale estuetan barrena. Gainera, hiru eskolaren paretik pasatzen dira ibilgailuak. Kale bat da, ez autobidea”, salatu du. Hainbat auzo lehen baino txarrago geratuko direla adierazi du Zulaikak. “San Adrian, Irala, Torreurizar eta Zabalan eragina izango du Juan Garaiko sarbidea ireki izanak. Bilboko hegoaldeak lehendik beste sarbide bat eskatzen du”.

Autobidea “txertatzeko” toki bi proposatu ditu auzo elkarteak. Ametzolako tunela aprobetxatu nahi dute: “Trenbide zaharra pasatzen zen tokitik, Irala, Zabala eta Miribilla azpitik igarota, Miribilla ertzeraino, hau da, sarreraraino”. Beste aukera hauxe ikusten dute: Larraskitu bidearen amaieran, autobidearen azpitik pasatzen den tokian, sarrera eta irteera egitea. “Ez da lan faraonikorik egin behar; apalagoak baina eraginkorrak behar ditugu”.