Sute txikiei beldurrik ez

Sute bat edonon piztu daiteke. Etxeko sukaldean, zartaginak sua hartu dezake bat-batean, ohartu gabe. Su garrek eta urduritasunak elkar topo egiten dutenean, garrantzitsua da azkar erantzuten jakitea, istripu larriago bat saihesteko. Hala ere, herritar askok ez dakite zer egin egoera horietan. Hori dela eta, oinarrizko prestakuntza jasotzeko egitasmo berezi bat proposatu dute Barakaldoko Udalak eta Maider 112 enpresak: Suhiltzaile berdea izenekoa.

“Nahiz eta suhiltzaileen egoitza etxe aurrean egon, sute baten lehenengo segundoak zeureak dira, eta nola jardun jakin beharko zenuke”, adierazi du Joserra Montero Maider 112ko berrikuntza arduradunak. “Sua sortzen denean, tentsioan gaude; nerbioak izaten ditugu, eta blokatu egiten gara. Horrexegatik, egoerari aurre egiten jakin beharko genuke guztiok”. Ezjakintasun hori amaitzeko asmoz, suhiltzaile berdearen prestakuntza programa abiatu dute Barakaldon.

Udalak kudeatzen duen Inguralde enpresa publikoak ideia praktikara eramatea erabaki du. Proiektua herritarren artean ezagutzera emateko, maiatzean BECen antolatutako Expovacaciones azoka aukeratu dute. Modu horretan, erakustazoka suhiltzaile lanetan aritzeko agertoki bihurtu zuten. Maider 112 enpresak kamioi egokitu bat eraman zuen BECera. Barruan, suteak itzaltzeko simulatzaile bat zeraman, eta parte hartu nahi zuen herritar orok su bat nola itzali behar den ikasteko aukera izan zuen. Profesionalen laguntzaz, su itzalgailu bat erabiltzen ikasi zuten Barakaldokoek. Gainera, bukaeran, parte hartzaileek txartel berde bat jaso zuten. “Ingurumenaren zaintzaile bihur daitezke herritarrak; izan ere, suteak mendian gerta daitezke, eta istripu batean, esperientzia hau lagungarria izan daiteke”, azaldu du Monterok. “Guk ingeniaritza eta prestakuntza sustatzen ditugu, eta larrialdi kasuetarako prestakuntza eskaintzen dugu. Ikasleekin, herritarrekin eta larrialdietako profesionalekin zenbait jarduera antolatzen ditugu, eta oraingoan suhiltzaile berdearen irudia sustatzen gabiltza”, gaineratu du enpresako berrikuntza arduradunak.

Baina suhiltzaile berdearen esperientzia haratago doa. Maider 112 taldeak suteen prebentziorako oinarrizko prestakuntza zabaltzen jarraitu nahi du herritarren artean. Horrela, azokan beraien helbide elektronikoa eskaini zuten herritarrek informazioa jasotzen jarraituko dute epeka. “Informazio pilulak bidaliko dizkiegu herritarrei”, dio Monterok. Oraingoz, su itzalgailu bat nola erabili behar den ikasi dute. “Besteak beste, zenbat pisatzen duen, nola zabaldu eta nondik hartu behar den, sutetik zein distantziatara kokatu behar diren eta zenbat segundo irauten duen ikasi dute”. Su itzalgailuak 15 eta 18 kilo arteko pisua dauka, eta parte hartzaileek zuzenean erabiltzeko aukera izan zuten. Gainera, 15 eta 20 segundo artean baino ez du irauten. Denbora tarte horretan hustu egiten da. Berrikuntza arduradunaren arabera, “segundo horiek erabakigarriak dira”.

Laster, informazio gehiago jasoko dute. “Hurrengo informazio pilulen bidez, kea dagoenean nola jardun erakutsiko diegu. Beroak gorantz egiteko joera duela ezagutzea funtsezkoa da, beti makurtu behar dugu. Benetako sute batean hori ezagutzea bizitzaren eta heriotzaren arteko tartea izan daiteke”, adierazi du Monterok. Bidaliko dituzten beste informazio pilulen bidez, larrialdietako seinaleak identifikatzeko gakoak eta eraikin bat husteko ibilbideak azalduko dizkiete herritarrei. Horrez gain, sukalde elektrikoetan eta gasa erabiltzen duten sukaldeetan zuzen aritzeko aholkuak ere emango dituzte. Mari Jose Barreiro Inguraldeko proiektu estrategikoen teknikariak azaldu duen moduan, prebentziorako ikastaro askotan teoria baino ez dute azaltzen, eta horrekin ez da nahikoa. “Horietako bat esku artean hartzen ez baduzu, ez dakizu haren pisuak zer garrantzi duen”.

Profesionalei deitu behar zaie

Maider 112 enpresako arduradunak azaldu duenez, suteen inguruan ezjakintasun handia dago. “Batzuek uste dute su itzalgailuak eztanda egin dezaketen bonbonak direla; beste batzuek pentsatzen dute horman eskegita egotearekin nahiko dela, bakarrik funtzionatzen dutela”. Hala ere, etxeko sute txikiak uste baino sarriago gertatu ohi direla esan du Barreirok: “Azokan esperientzia asko kontatu zizkiguten; sukaldean su txikiak piztu ohi dira erraz”. Egoera hori gertatuz gero zer egin behar den azaltzen du Maider 112 taldeak. Etxean pertsona bat baino gehiago badaude, lanak banatu egin behar dira. “Nahiz eta egoera kontrolpean izaten saiatu behar dugun, beti deitu behar diegu profesionalei. Batek 112 telefonora deitzen duen bitartean, besteak sua amatatzen saiatu behar du”.

Kontuz ibili behar da, eta profesionalen aholkuei jarraitu behar zaie. “Sua gelditzeko ahalegina egin behar da, baina, normalean, guztiz kontrakoa egiten dugu, ateak eta leihoak zabaltzeko joera daukagu”, dio Monterok. Su hiltzaileek berek adierazi behar dute noiz den une egokia ateak eta leihoak zabaltzeko. Izan ere, aire korronteak eta beste faktore batzuk ezagutzea oso garrantzitsua da. “Suteak eskuetatik ihes egin badigu, ahal beste ate eta leiho itxi behar ditugu. Horrekin nahiko ez bada, hurrengo pausoa etxetik irten eta sarrerako atea ixtea da, sua airearekin elika ez dadin. Ez dugu ahaztu behar auzokideei ere abisatu behar diegula”, ohartarazi du.

Suhiltzaile berdearen egitasmoak harrera ona izan du, eta dagoeneko 1.100 txartel banatu dituzte ikastaroa egin dutenen artean. Helburua urte bukaerarako herrian 3.000 suhiltzaile berde lortzea da. Proiektua urte osoan mantenduko da. Noizbehinka, kalera aterako dituzte simulatzaileak dituzten bi kamioiak suhiltzaile berde gehiago prestatzen jarraitzeko. Adibidez, udako jaiegunetan edo Gabonetan antolatzen dituzten azoketan izango dira herritarrak suteen prebentzioari buruz informatzen. Monterok dioenez, “ideia suhiltzaile berdearen kontzeptua beste udalerrietara eta herrialdeetara zabaltzea da. Suari mugak ipini behar zaizkio, baina suhiltzaile berdeei ez”.

Inguralde Barakaldoko Udalaren enpresa publikoaren helburua herriko enpresen berrikuntza proiektuak sustatzea da, eta jasotako azken egitasmo esanguratsuenen artean dago Maider 112 taldeak proposatutakoa. “Enpresak aurkeztutako proiektuak helburu argia zuen; sute bat sortzen denean, lehenengo segundoetan zer egin behar dugun irakastea”, azaldu du Barreirok. “Suteak iraungitzeko simulagailua ekinbide berritzailea iruditu zitzaigun, eta herritarrentzat baliagarri izango zela pentsatu genuen”.