Hezurra zuri-beltzean irudikatzen duenik bada, zuri-beltza eta gogorra; azala ez bezalaxe. Azala koloretsua omen da, polita. Hezurren gainean kokatzen da azala, iraganaren gainean oraina eraikitzen den antzera. Hala, zuri-beltza den hori, iragana, alegia, azaleratzean datza askoren beharra. Hala erakutsi dute, esaterako, Hibai Agorria eta Hibai Muniozguren gernikarrek sortu berri duten Hezur eta Azal erakusketagaz.
Gernika-Lumoko antzinako argazkiak bildu, lekuak kokatu, eszenak identifikatu, aukeraketa bat egin, argazkiak atera, argazkiak bien artean banatu, muntatu, argazkiak batu eta kalitate iragazkia pasatu. Hilabeteko lanarekin lortu dute bonbardaketa aurreko eta osteko herritarrak gaur egunera ekartzea.
Jose Angel Etxaniz Txato Gernikazarra elkarteko kidearen laguntzagaz, 1900. urtetik 1950. urtera arteko Gernika-Lumoko argazkiak bildu zituzten. Fantasmi di guerra proiektuaz baliatuta, lanketagaz hasi ziren; izan ere, emaitza gustuko zuten, eta jakin bazekiten hori Gernika-Lumon egitea posible zutela. Hala, 40 bat argazki zahar aukeratu, eta horietako 30 landu zituzten.
Azkenean, 18 argazki inprimatu dituzte, denbora eta diru aldetik mugatuta zeudelako. Gainera, guztiak ez ziren atera haiek pentsatu bezala. Astra bera, udaletxea, eliza, San Fidel ikastola, Gernikako arbola… denetarik ageri da argazkietan. Zenbait leku oso aldatuta daudela eta, batzuek zalantza sorrarazi dietela azaldu dute. Ezustekoren batzuk ere hartu dituzte dokumentazio lanean aritu direla: “Egun dagoena eta duela ehun bat urte zegoena ate bera dela ikus daiteke”.
Beraz, zituzten argazkiekin abiatu dute erakusketa. Oraingoz, kalean eta Astra eraikinean jarri dute ikusgai erakusketa. Eguraldi kaxkarraren ondorioz, egun batean soilik izan zuten herritarrek lau paretetatik at erakusketaz gozatzeko aukera; hori dela eta, euren lana berriz ere kalean erakusteko gogoz geratu dira. Dena den, aurrerantzean horretarako aukera ere izango dutela badakite gernikarrek. Orain, Internet bidez ere ikus daitezke, www.lobak.info webgunean.
Egindako lanak fruituak ematen jarraitzea gura dute. “Zerbait gehiago egitea gustatuko litzaiguke, ikusi dugu-eta nahiko erraz egin dezakegula”. Gainera, behar hori egiten ederto pasa dutela aitortu dute. Aurrera egiteko ideiak badituzte: datorren urterako egutegi bat, postalak, bideoren bat, Gernika-Lumon egiteko ibilbide moderno bat eta beste hainbat egin ahalko liratekeela diote.
Ideiak bai, baina baliabiderik ez. Beren kabuz beste zerbait egitea “zaila” dela uste dute; horregatik, herriko instituzioen aldetik proposamenen bat balego eurek lagunduko luketela diote.