“Nire ofizioa maite dut, eta sano nagoen artean lan egingo dut”

Ane Miren Susaetari 13 urte zituela hil zitzaion aita. Etxean beharrizana zegoelako, adin horrekin hasi zen kabanan, antxoei burua kentzen beharrean. Ordutik, geratu barik lan egin du, baina beti ere itsasotik gertu aritu da lekeitiarra.

Arrain fabrikan hiru urte egin zituen, eta beste bi herriko letoi lantegian. Azken horretan azaroa zela bukatu zuen lana, eta hurrengo urteko urtarrilaren 3an gaur egun senarra denarekin ezkondu zen. Ezkondutakoan, senarra Kalamua itsasontzian patroi legez hasi zen lanean. “Gizona lanean hasi zenean, neuk ere lanean hasi gura izan nuen. Orduan gazteak ginen, eta zerbait egin gura genuen. Horrela, bada, nire koinatarekin batera hasi nintzen. Gu ere itsasontzian hasi ginen lanean”.

Itsasontziak itsasora irten baino lehen dena behar den moduan egoteaz arduratzen zen lekeitiarra. Sukaldariak behar zuena ekarri, portura arraina heltzen zenean dena kaxetan prestatu, kaxa hutsak bildu, garbitu eta prestatzea zen, beste gauza askoren artean, haren zeregina. “Gutxi gorabehera, horixe zen dei egitekoen lana. Lehenago emakumeak etxerik etxe joan ohi ziren marinelak deiadar bidez esnatzera, baina nik hori ez dut ezagutu”.

Itsasora irten orduko norbaitek lo hartzen bazuen, marinelaren etxera bila joatea egokitu zaio. “Gogoan daukat inoiz brometan-edo marinelak deiadarka esnatu izana: ‘Patxi, gora, Jaungoikoaren izenean!'”.

Garai hartan, laneko liskarrik handienak, arrainaren prezio baxua zela eta, bentan izaten ziren. “Oraindik, arrainaren prezioa entzuteak ernegatu egiten nau. Iaz, azken antxoa 80 zentimotan saldu genuen kiloa. Horretarako ez dago eskubiderik. Ume bati paga ematerakoan euro bat emanda ere ez dizu diru hori hartzen, eta antxoa kiloari balio hori jarri zioten”.

Horrela ere, dei egitekoen lanean bazegoen bentan jarritako prezioen inguruan aritzea baino une gogorragorik. “Batez ere berdel sasoian erabiltzen ziren oholezko arrasteko kaxak garbitu eta atontzen lan asko egiten genuela gogoratzen dut, eta lan hori oso gogorra zen. Sarri askotan, kamioia ez zetorrela-eta, arrain guztia guk mugitu behar genuela esaten zigutenean ere, ez ziren une gozoak izaten”.

Hiru urte pasatu dira Susaetak erretiroa hartu duenetik. Hala eta guztiz ere, ez dio lan egiteari utzi. “Ni gaur goizean ere goizeko seiretan moilan egon naiz. Semeak-eta itsasora irten beharra izan dute, eta ogia jaitsi behar izan diet. Nik neuk maite dut nire ofizioa, eta pentsatzen dut sano nagoen artean horretan arituko naizela”.

Familia guztia itsasoan

Oihana Garatea Susaetaren alaba gaztea da, eta orain amaren lekua betetzen du. “Erretiroa hartu nuen egunean alabari proposatu nion nire lekua hartzea. Horrela, herrian lan egin eta umea hazteko aukera izango zuen”.

Semeak, berriz, aitaren lekua hartu du, eta, orain, hura da Kalamua-ko patroia. “Gure seme-alabak itsasoan lanean erretiratuko direla pentsatzen dut, horiek ere gure moduan bokazioz lan egiten dutelako”.

Arrantzaren egoera

Arrantza mundua asko aldatu da, eta aldaketa hori gertutik ezagutu du. “Lekeition hogei baxurako ontzi ere ezagutu ditut; moila arrainez gainezka eta mutil txiki, emakume eta gizonezko ugari portuan lanean”. Orain, baxurako bi ontzi geratzen dira Lekeition, eta ez da gutxi. “Tristezia eragiten dit halakoak entzuteak”.

Horrez gainera, kuoten ezarpenek ere asko mugatzen dute arrantzaleen lana. “Begira berdelarekin zer gertatu zaigun. Iaz, gutxi harrapatzen utzi ziguten, eta aurten, gutxiago: 36.000 kilo baino ez. Bitartean itsasoa berdelez gainezka dago, ontzia ere irla atzera ezin pasatuta ibili da berdelaren berdelarekin. Murrizketa hauek aurretik egin ditugun gehiegikeriengatik omen dira”. Susaetaren ustez, lehen gehiegikeria asko egin dira, baina inork ez zuen geratzeko agindurik ematen, eta, horregatik, bakoitzak ahal duen moduan egin du aurrera.”Nik ondo ikusten dut mugak jartzea, baina beti ere neurrian”, dio.

Antxoaren kanpainan murgilduta daude orain arrantzaleak. “Aste honetan ekarriko dute. Aurreko astean hotz handia egin du, eta ez da askorik egon, baina aste honetan tamaina polita duen antxoa sartuko da portura”, egin du aurreikuspena.

Susaeta itsasora ere atera da, baina oso gutxi. “Nik errespetu handia diot. Niri gauetan ere ez zait itsasoari begira egotea gustatzen. Eguraldi txarrarekin ere ez”. Familia osoa itsasotik bizi da, eta, orain ohituta dagoen arren, beldurra pasatu du. “Gizonarekin konfiantza daukazu, baina semeak itsasoan hasten direnean, hori beste kontu bat da”.