Bustita eta hotzegi

Egun gutxi batzuk kenduta, udaberria ere negua joan zen halatsu hasi da: hotz eta euritsu. Urteko lehen lau hilabeteetan hainbat eurite eta elurte izan dira Euskal Herrian. Azkenekoz, apiril bukaeran zuritu ditu inguruetako mendiak. Euskalmet Euskal Meteorologia Agentziak Bilboko Deustu auzoan duen estazioaren datuei erreparatuz gero, prezipitazioen neurria zein izan den uler daiteke. Urtarrilean, hogei egunetan egin zuen euria, eta otsailean, hemeretzitan. Martxoko lehen aste eta erdian giro itzela egin zuenez, hamazazpi egunera jaitsi zen euri egunen kopurua. Apirila ere igualtsu joan da: hemeretzi egun izan dira bustiak.

Ez da ezohiko kontua, baina asko daude gogaituta. Eta beste batzuk larri ere badabiltza. Baserritarrek, adibidez, halako eguraldiarekin ezer gutxi egin dezakete; ortuak busti-bustita daude oraindik, nahiz eta aspaldi hasi behar zuten lurra lantzen. Bero faltak ere ez die landareei askorik laguntzen. “San Jurgi, artoak ereiteko goxegi; San Markos, ereinde balegoz”, dio Zeberio inguruko esaerak. Apirilaren 23a eta 25a aspaldi igaro ziren. Eta arto aleek oraindik lurrik ez dute usaindu ere egin.

“Ortua oso atzeratuta dabil”, dio Juani Larrazabalek. Mungiako Birle auzoan dauka baserria, eta barikuro Andra Mari plazako azokan egoten da ortuariak saltzen, eskualdeko beste hainbat ekoizlerekin batera. “Hotz egiten du, eta lurrean ur lar dago. Oraindik ez du behar beste epeldu, eta esango nuke euria beste batzuetan baino gehiago egin duela”.

Larrazabalek dio ohitura dela San Isidro egunean atseden hartzeko piper eta tomateak kanpoan landatuta egotea maiatzaren 15a heldu aurretik. Aspaldiko urteetan, baina, aurreratu egiten dute landatze sasoia, apiril bukaerara. “Jendeak goiz nahi ditu produktuak. Bestela, supermerkatuan erosiko ditu. Eta, badakizu, lehenago jasotzeko, lehenago landatu behar da. Horretarako, aroak lagundu behar du”.

Haren esanetan, landatuta egon beharko lukete. “Lurra dagoen moduan egonda, orain ezin dira jarri, eta epe laburrera ere ez. Zortzi eta hamabost egun artean behar ditugu beroak, eguzkitsuak, lurra lehortzeko”. Ura xurgatu ezinik dauka ortua egiten duen lursaila. Esan du egin dituela eguzki egun batzuk, baina ez duela lortu tenperatura askorik igotzea. “Haize hotza ibili da oraintsu arte”.

Gerora zelango eguraldia egingo duen, agian uzta ona bil dezaketela dio. “Aro epela izanez gero, oraingo euriak onuragarri ere izan daitezke. Egun eguzkitsuekin piper, tomate, indaba eta artoa asko bizkortuko dira. Baina udaberri osoan orain arte moduan segituko badugu, koitadu ibiliko gara”.

Euriak ez dio trabarik egin negutegia prestatzeko orduan. “Dena dugu jarria: piperrak, tomateak, bainak, letxugak… Betiko sasoian jarri genituen. Baina hotza asko igartzen da. Oraintsu elurra egin du, eta tenperatura hauekin negutegia ez da berotuko. Eguzkia behar du. Kalean hotz eta beti lainotuta dagoenean, barrua ez da berotzen”. Landareak triste daudela dio, hazi ezinik eta beilegituta. “Batez ere, piperretan igartzen da. Ez dute probarik egiten”.

Antzeko dabil Felipe Orbe mungiarra ere. Denetarik dauka erakusmahaian: eskarolak, letxugak, porruak… Porruak, adibidez, dotoreak ditu; neguko euriak mesede egin die. “Etengabean izan dute ura, eta, horri esker, hazi eta hazi ibili dira. Lodi-lodi daude”. Letxugak, ordea, negutegikoak direla dio, kanpokoek oraindik itxura eskasa dutelako. “Lurra bustiegi dagoenez, kosta egiten zaie hartzea. Barruan ereiten ditut, eta gero kanpoan landatu. Eta hezetasuna behar dute, bai, baina ez orain dugun beste”. Nahiz eta ez den berandu kanpoko letxugetarako, esan du beste urte batzuetan sasoi honetarako ortukoak ere saldu izan dituela. Aurten, ordea, eguraldiak ez dio lagundu.

Orbek, halere, aurkitu dio alde onik. “Belarra zenbat gura dugu. Hainbeste euri eta egun epel pare batekin, sekulako belardiak daude”. Fruitu arbolek ere, iaz ez bezala, aurten lorea salbatzea lortu dutela dio. Oraintsu inetasia ere bota duela gogora ekarri du. Iaz horrek apurtu zion lorea, baina aurten lore sasoia pasatakoan bota duela eta, pozik dago.

Maria Luisa Gangoiti jatabearrak patata ere erneta dauka. “Martxo hasierako eguzki egunak aprobetxatu genituen guk. Normalean beranduago ereiten dugu, sanjoseetan. Baina negua hain euritsua izan ostean, badaezpada, beharrean hastea erabaki genuen”. Eta bete-betean asmatu zuten. Hala ere, patatak ez duela hainbeste ur nahi izaten dio. “Landareari berari kalte egiten dio. Hezetasun gehiegirekin gaixotasuna sartzen zaio. Martxa honetan laster etorriko zaio, eta euria bada, botikarik ere ezin diogu bota”. Aurrerago ere euritan jarraituko badu, patatak eurak ere usteltzeko arriskua dagoela dio, baina ez du espero udaberria hain petrala izango denik. “Biak txarrak diren arren, patatak gurago du lehortea euritea baino”.

Salmentetan igarri du eguraldia Juan Antonio Uriartek. Bakiotik etortzen da Mungiako azokara, landareak saltzera. Kalabazak, kalabazinak, tomateak eta letxugak ekarri ditu, besteak beste. “Bariku askotan, hemen irabazitakoa baino gehiago gastatu dut gasolinatan bidean”, kexatu da umorez. Izan ere, euria dela eta, jendeak ez dio landarerik erosten landatzeko. “Astebururako ona iragarri dutenetan izan ditut salmenta onak”.

Uriartek dio iazko apirilean aurtengoan baino euri gehiago egin zuela. Baina euri egunak gehiago izan dira, eta maiatza ere busti hasi da. Eguzki egunak aprobetxatu ditu ortuan ibiltzeko. Dagoeneko 600 tomate landare jarriak ditu, baina kexu da ez direlako behar beste hazi. “Tomatea piperra baino gogorragoa da, baina honek ere beroa behar du proba egiteko”.

Ohiturari eutsiz, datorren eguaztenean jai egingo dute, zaindariaren eta euren eguna baita. “San Isidro astea, aurrea baino atzea hobea”, dio beste esaera batek. Hau da, bigarren hamabostaldia lehenengoa baino hobea izaten dela. Esperantza horri eusten diote baserritarrek.