Jabier Beobide Lemoako alkate ohiak EAJ utzi du puruen auzia dela eta

Lemoako alkate ohi Jabier Beobidek Eusko Alderdi Jeltzalea utzi du, 2007tik 2011ra bera buru zuen gobernu taldeak gehiegizko gastuak egin zituela ezagutu ostean. Bilduk, zeina egun agintean dagoen, datu batzuk ezagutarazi ditu, eta, haien arabera, 175.000 euro gastatu zituzten protokolo gaietan. Horietatik 16.000 euro habanar zigarroak ordaintzeko erabili zituzten. Horrez gain, diru horrekin, besteak beste, Gabonetako saskiak, egutegiak, konpromiso bazkariak, taxi bidaiak eta publizitate gastuak ere ordaindu ziren.

Eusko Alderdi Jeltzalearen Bizkai Buru Batzarrak eta Lemoako Uri Buru Batzarrak barkamena eskatu die lemoztarrei. Itxaso Atutxa BBBko presidenteak gaia ikertuko dutela iragarri du. Esan du aztertu dituzten agirietan ez dutela irregulartasunik aurkitu. “Baina gertatu dena ez litzateke onargarria, ezta aberastasun garaietan ere”, gaineratu du. Era berean, hori ez dela euren estiloa azpimarratu du: “Herritarrek ondo ezagutzen dute EAJren eredua, Bizkaiko udalerri gehienetako gobernuan egon garen hainbat urtetako lanean erakutsi dugun eran. Kudeaketa lan gardena, eraginkorra eta zintzoa egin dugu, gure herrialdeko udalerrietako herritar guztien ongizaterik gorena lortzeko”.

Bildu ez dator bat. Saioa Elejabeitia egungo alkatearen esanetan, “EAJren aginte ereduak ahalbidetzen du puruetan 16.000 euro gastatzea”. Gogora ekarri du eurek ez dutela inoiz egindakoa irregularra edo legez kanpokoa denik esan. “Baina argi utzi genuen gure ustez gastu horiek ez zeukatela inolako justifikaziorik”. Puruen fakturez gain, “langileen kontratuekin gertatutakoak, diru publikoaren beste erabilera ilun batzuk, hirigintzarekin loturiko kontuak” eta beste hainbat gauza ere aurkitu dituztela ohartarazi du Elejabeitiak.

Lemoako Udalean PSE-EEk duen zinegotzi bakarrak, Unai Ortuzarrek, gaia aztertzeko batzordea eskatu du. Horrez gain, informazio guztia ahalik eta azkarren ezagutu gura du. Bide batez, Bilduri ere kontuak eskatu dizkio. Gogora ekarri du udal gobernu hartako kide zen Niko Urkiza gaur egun koalizioko zinegotzi dela. Orduan, Eusko Alkartasuneko ordezkaria zen. EAJk, EAk eta Ezker Batuak osatzen zuten udal gobernua.

Aparkalekua auzitan, Bakion

Txakolingunearen ondoan egin beharreko aparkalekuak hautsak harrotu ditu Bakion. Bilduk salatu du udalak 130.000 euro eman gura izan dizkiola Jose Antonio Olabarri SL enpresari, “inolako justifikazio legalik barik”. 2011n hitzartutakoaren arabera, aparkaleku hori enpresaren lurretan eraikiko zen, bertan dagoen eraikina bota ostean. Lursail horren truke udalak beste bat emango zion zazpi urteko epean; egin ezean, 135.351,91 euroko kalte-ordaina eman beharko zion. Orain, baina, enpresak eskatuta, lursailean dagoen eraikina eraisteak eta urbanizatzeak sortuko dizkion gastuak ere kalte-ordainari gehitzea onartzeko prest dago udala. Bilduk dio, gainera, legeak ez duela aparkalekua han egitea baimentzen. Edonola ere, oraingoz bertan behera geratu da proiektua, diru faltagatik.