Foru aldundiak 24 etxebizitza jarri ditu salgai eta errentan Lanestosan

Bizkaiko Foru Aldundiak 24 etxebizitza jarri ditu salgai eta errentan Lanestosan. Herrigunean daude etxeak, eta denek dituzte aparkalekua eta trastelekua. Hogei etxebizitzak hiru gela dituzte, beste lauk, ostera, bi gela. Etxebizitzek 1.450 euro balio dute metro koadroko —horri BEZa gehitu behar zaio—, eta garaje eta trastelekuek, berriz, 450 euro metro koadroko.

Bestalde, hilean 400 euro ordaindu beharko dituzte etxea errentan hartzen dutenek. Horiek, gainera, etxebizitza erosteko erraztasunak izango dituzte. Bost urtez errentan egon ostean izango dute aukera etxea erosteko. Orduan, urte horietan ordaindu duten diru kopuruaren zati bat deskontatuko zaie. Hain zuzen ere, etxeen balioaren zenbatekoari, lehen urteko %100 kenduko zaie, bigarreneko %80, hirugarren urtetik %60, laugarrenaren %40 eta azken urteko %20.

Baratzeak bizilagunentzat

270 biztanle inguru daude erroldatuta Lanestosan, baina horietatik 150 bat bizi dira herrian. “Bizilagun berriak erakartzea” da udalaren asmoa, eta herriko gazteek beste herri batzuetara alde egitea saihestea.

Horretarako, besteak beste, 8.000 metro koadroko lursail batean ortu publikoak egingo dituzte. Foru aldundiak utzi dio lursaila, eta 24 etxebizitza horiek erosten dituztenek gura badute, ortu bana utziko die udalak. Halaber, eremu horretan eskolako ortua eta gune berde bat ere izango dira.