Aplikazio berri batek Bilboko hiri mugikortasunaz informatuko du

Bilboko Zirkulazio eta Garraio Sailak eta Mugikortasunaren eta Logistikaren Euskadiko Klusterrak Europako Batasunak finantzatu duen Co-cities proiektua sustatu dute. Mugikortasunari buruzko Europako lehenengo proiektua da, eta hainbat herrialdetako hiriek hartu dute parte. Proiektuari esker, herritarrek sakelako telefonotik kontsultatu ahal izango dituzte denbora errealean hiriko zirkulazioaren egoera, TAO guneko aparkalekuen erabilga rri ta suna eta autobusa noiz helduko den. Gainera, berritasun moduan, hiritarrek ere informazioa bidaltzeko eta datuak zuzentzeko aukera izango dute.

Doako sistema berri hori erabiltzeko, E-mixer Co-Cities aplikazioa ezarri behar da Google Play plataforma erabilita. Asier Abaunza Bilboko Udaleko Zirkulazio eta Garraio zinegotziak eta Jose Viteri Mugikortasun eta Logistikako Euskadiko Klusterraren kudeatzaileak azaldu dutenez, ekintzaren berrikuntza nagusia da erabiltzen duen informazioa zehaztasunean eta kalitatean oinarritzen dela”. Hori lortzeko, trafiko agintaritzak eta garraioko operadoreek zabaltzen dituzten datuez gain, erabiltzaileek beraien ekarpena egiteko abagunea izango dute sistemari alerta bat bidalita. Aplikazioak oharra jasotzen du, prozesatzen du eta gainontzeko datuen artean kokatzen du. Helburua da zirkulazioaren egoera aldakorren aurrean ahalik eta erantzun azkarrenak lortzea, hirigunean mugikortasuna hobetu dadin. Adibidez, auto ilarak edo istripuak sortzen direnean, herritarrek horren berri eman dezakete aplikazioan, gainontzekoek egoera ezagutu eta beste ibilbide bat aukera dezaten. Modu horretan, eragile guztiek emandako informazioa plataforma bakarrean biltzea lortu dute sustatzaileek.

Sortzaileen arabera, negoziorako abagune berrietarako abiapuntu izan daitezkeen beste aplikazio batzuk edo zerbitzuak garatzeko erabil liteke aplikazio hori. Zerbitzuak edozein eskualdetarako balio dezake. Baliagarria izateko, web zerbitzu plataformak Bilbon ezarri den estandarrarekin egin behar du bat.

Garraioari buruzko datuen informazioari ahalik eta etekin handiena atera nahi diote. Horretarako, ikastaro bat antolatu dute Bilbon, maiatzaren 17an. Ikastaro horren bidez, enpresek plataforma ezagutu ahal izango dute. Besteak beste, funtzionaltasunak eta datu ireki horiek jasotzeko eta erabiltzeko ezagutu behar diren xehetasunak azalduko dizkiete parte hartzaileei. Plataforma erabili nahi edo ikastarora joan nahi duten enpresek Bilboko Udalaren Zirkulazio eta Garraio Sailarekin harremanetan jarri beharko dute.

Nagusiei buruzko informazioa

Mugikortasunari buruzko datuak lortzeko, CBT Bizkaiko ingeniaritza enpresak 65 urtetik gorako pertsonei teknologia berriak hurbiltzeko Mugi65+ proiektua diseinatu berri du. Apirilaren 30ean aurkeztu zuten proiektua, eta aitzindaria da bere esparruan. Zerbitzuak Bilboko Udalaren Zirkulazio eta Garraio Sailaren laguntza izan du, eta, jada, Contactless & Mobile Award nazioarteko saria eskuratu du Londresko 2013ko CMA lehiaketan.

Mugi65+ zerbitzuak hiriguneetako adinekoen mugikortasunaren sustapena ebaluatzen du. Helburu hori lortzeko, telefono adimendunak eta Barik kontakturik gabeko txartelak erabiltzen ditu. Horiez gain, udalak, Bilboko erretiratu eta pentsiodunen eta Lankidetza Teknikorako Seniorrak elkarteak bidalitako datuak ere erabiltzen ditu.