Aitziber Laskibar Lizarribar
Etxean sartu, eta apenas ikusten diren baliza batzuk daude sarreran. Sentsoreak dituztenak, eta etxean sartu denari inguruan dituen gauzen berri ematen diotenak. Orientazioa galdu duenari, logela edo sukaldea non dagoen soinu bidez adieraziko diotenak. Eskuekin gauza txikiak maneiatzeko zailtasunak dituenak erraz piztuko du argia, hormako eremu handi batean ukituak egite soilarekin. Sakelakoaren zein tabletaren bidez ere piztu ahalko du argia, eta jarri ahalko du martxan zorua bere kasa garbitzen duen xurgagailu domotikoa. Ikusmen arazoak dituenak edo ahanzturak erraz astintzen duenak bilatzaile adimendu baten laguntzarekin aurkitu ahalko ditu giltzak, aparailu elektrikoak pizteko urrutiko kontrolagailuak eta beste. Etxe irisgarri, adimendun eta jasangarria da; guztientzat erosoago izango diren etxeak diseinatzea posible dela frogatzeko ONCEk Bilbon ikusgarri jarri duen eredua.
Pertsiana botoi bat sakatuta zabaldu edo itxi ahalko du etxean bizi denak. Edo behar denean bere kasa igo edo jaits dadin prestatu ahalko du; tenperatura neurtzen duten sentsoreei esker, inork botoiari eman ere egin gabe zabaldu edo itxiko da pertsiana, itsuaren etxean adibidez.
Arrunta dirudi egongelako besaulkiak. Baina mugitzeko zailtasunak dituena askoz errazago altxatuko da bertatik. Botoiari emanda, goitik behera mugituko da besaulkia, pixkanaka, eserita zegoena ia zutik uzteraino. Gurpilak ere baditu, edonora mugitzea ahalbidetzeko.
Telebista handia dago egongelan. Handia, eta adimentsua. Kateak eta programak ahotsaren bidez bilatzeko aukera ematen du. Bolumena handitu edo txikitzeko ere, ez du botoi txiki zehatzaren bila ibili beharko ikusmen arazoak dituenak. Ahots bidez eman ahalko du hartarako agindua.
Logelako ohea ere ohikoa da, itxuraz. Erabat artikulatua da, ordea; burualdetik zein oinen aldetik igo zein jaitsi egiten dena. Ohe ondoko alfonbrak abisua ematen du zapaltzean. Bere kasa mugitzeko zailtasunak dituen pertsona ohetik altxatzen ari dela abisu emango dio haren zaintzaz arduratzen denari.
Gau mahaiak lodiagoak ditu ertzak, eta, horrela, mugimenduak ondo neurtzen ez dituenari ez zaizkio gauzak eroriko bertan utzi nahi dituenean. Entxufeak ere mahaitxoaren atzealdean izango ditu, gainaldean. “Errazagoa da horizontalean entxufatzea behean eta bertikalean baino”, azaldu du Pilar Soret ONCE Fundazioko ordezkariak. Ohe ondoan izango du laguntzaileari deitzeko botoia ala betiko soka ere.
Armairuko arropetara heltzeko zailtasunak dituenak makila baten edo botoi baten laguntzaz beheratu ahalko ditu esekigailuak.
Beltza eta gorria da komuna; itxura modernokoa. Dutxarako koskarik ez du; erabat laua da, eta gurpil aulkian doana dutxako eserleku zuloduneraino sartu ahalko da aulkian. Manpara botoi bidez jaitsiko da goitik behera, estore motako gortina balitz bezala. Dutxatik atera, eta haize bidez lehortuko du gorputza mugikortasun arazoak dituenak. Eta, jakina, komuneko lurra ez-labaingarria izango da erabat. Hala ere, norbait komunean eroriko balitz, sentsore bidezko mekanismoak emango luke erorketaren berri.
Konketa eta hari lotutako ispilua igo eta jaitsi egiten dira, etxean bizi diren guztien neurrira egon dadin. Botoi bati eman besterik ez dago. Pisuak ozen esango ditu gainean jarri denaren kiloak.
Jangelako mahaia mahaikideen neurrira egokituko da. Hala, gurpil aulkian dauden eta garaiak diren pertsonek ez dute belaunekin mahaiaren ertza joko. Mahai tresnak ohikoak baino askoz lodiagoak dira. Sardexka eta artazi lanak egiten dituena ere bada. Erreuma izate soilagatik edo beste gaitz batzuengatik eskuetan sentsibilitaterik ez duten edo estutzeko gaitasunik ez dutenek errazago erabiliko dute sardexka edo labana inoren laguntzarik gabe. Sakonera handiko platerak ere egongo dira mahaian, zailtasunak dituztenei janariak ihes egin ez diezaien. “Jatetxe guztiek izan behar lituzkete halako tresna joko batzuk”, dio Soretek.
Mugitzen diren armairuak
Sukaldean ere, zurrunak izaten diren armairu eta gailuak mugitu egiten dira. Erraz. Malguak dira, bakoitzaren beharretara egokitzeko. Sugainaren azpian ez dago armairurik; hutsik dago, gurpil aulkia sar dadin. Eta gaina gora eta behera mugitzen da, su eta guzti, erabiltzailearen neurrira egon dadin. Gaineko armairuak ere jaits daitezke botoi bati sakatuta, plater, edalontzi zein bestelakoak erabiltzailearen eskura gera daitezen.
Garbigailuak ozen esango du aukeratutako programa, eta sakelakoarekin piztu ahalko da. Danborraren gainaldean ate txiki bat ere badu, behin martxan dagoela ahaztutako arroparen bat gehitzeko aukera ematen duena. Energia aurrezteari begirako hautua da hori.
Atezain automatikoak atariko txirrina nork jo duen erakutsiko du, irudi eta guzti. Ez hori bakarrik; sakelako telefonotik ere ikusi ahalko ditu irudi horiek etxekoak, kontrola bere eskuetan egon dadin. “Askotan, pertsona nagusiek, adibidez, ez dute aterik zabaldu nahi izaten, ez dakitelako nor ari den ate-joka; gailu horrekin, ohean egonda ere ikusi ahalko du nor datorren, eta atea ere bertatik zabaldu”.
Etxetik ateratzeko ordua iristean ere, sakelakotik zabaldu ahalko du atea aulki gurpildunean doanak, adibidez; bestela, botoi bat sakatze soilarekin. Baita atea itxi ere.
Badira halako etxeak egun: adimendunak, irisgarriak eta jasangarriak. Eta ONCEk ohartarazi du herritar guztientzat direla lagungarriak. “Guztioi egin ahal digute bizimodua errazago gure bizitzaren momenturen batean”. Hortaz, arkitektoei, diseinatzaileei eta herritarrei oro har, guztientzako irisgarritasuna aintzat hartuko duten etxeen alde egiteko deia egin die. Posible dela nabarmendu dute, eta estetikoki era modernoan egin daitekeela, gainera. Gaur 20:30ak arte Bailen eta Nafarroa kaleen arteko plazatxoan dagoen ereduan frogatzeko gonbita egin du.