Beste mundu eredu baten bila

Beste mundu eredu baten bila

Natalia Salazar Orbe

Norbere ongizatea, aberastasuna eta antzeko beste elementu batzuk lehenesten diren munduan, bidegabekeria, injustizia eta eskubide urraketa bortitzak jasaten dituzte hainbat herritarrek. Txanponaren bi aldeak dira. Baina beti gailentzen da bakarra. Azpian, ezkutuan geratzen den alde hori azalarazi eta egoera goitik behera aldatzeko saiakeran harri koskorra jarri gura du Film Sozialak jaialdiak. Zinema gizartea eraldatzeko tresna gisa baliatu gura du, gauzak beste era batera egin daitezkeela erakusteko. Atzo hasi zen jaialdia, eta hilaren 20an amaituko da.

KCD elkarteak antolatzen du. Juan Carlos Vazquez Velasco da bertako zuzendaria. “Ez da aditua izan behar ohartzeko balioak eta bidezko garapen iraunkorra ez daudela garairik onenetan; egunkariei begiratu bat eman edo albistegiak ikustea besterik ez dago jabetzeko oraindik arazo asko ditugula konpontzeke”. Bilboko jaialdiak gizarteko hainbat sektore gonbidatzen ditu gizateriari eta planetari osotasunean eragiten dieten gai eta erronkei buruz hausnartzeko eta eztabaidatzeko. Antolatzaileak sinetsita daude jaialdiak ekarpen garrantzitsua egiten diola konpromiso sozialari. “Komunikatzaileak gizateriaren arazoen bozeramaile bihurtu dira, gizarteak arazook erauzteko jardun dezan. Hala, zabalkundea ez eze, herritarren ahalduntzea ere lantzen dugu”.

Beste era bateko mundu bat aldarrikatzeko protagonisten ahotsak darabiltzate. Besteak beste, Siriako errefuxiatuen lekukotasunak entzun ahalko dira. Aberastasuna zuzen eta bidezko era batean banatzeko ekimenen berri ematen duten lanak aurkeztuko dituzte. Londresen pospolo saltzaileek egin zuten greba ekarriko dute gogora: historian zehar emakumeek egin zuten lehen greba izan zen hura. Munduko gailurrik garaienetarako igoeran “esplotatu egiten dituzten zama eramaileen lana” azalaraziko dute. Emakume baserritarren egunerokoa ere erakutsiko dute. Denera, 86 lan aukeratu dituzte. “Energiaz beteriko” edizioa iragarri du. “47 herrialdetatik iritsitako oso istorio bihozberak izango ditu. Istorio horiek bizitzari, ametsei eta mundu posibleei buruz hitz egingo digute”.

Hainbat artista gonbidatu dituzte jaialdira. Besteak beste, ondokoak: Salvadorko Paula Heredia dokumentalista; Carla Valencia Ekuadorko animazio egilea; Ernesto Alamy zinemagile dominikarra; eta Unai Aranzadi Getxoko kazetari eta dokumentalista.

Berdintasuna zainduz

Zinema soziala lantzen duten hogei zuzendari eraman dituzte Bilbora: hamabi emakumezko, eta zortzi gizonezko. Besteak beste, Pakistan, Honduras, Ekuador, Suedia, Alemania, Argentina eta Kolonbiatik iritsiko dira.

Genero berdintasunaren aldeko apustua egin du nazioarteko zinema jaialdiak. “Tradizioz gizonak gailendu diren zinemaren sektore honetan berdintasunaren alde egin dugu. Proiektatuko ditugun lanen %51 emakumeek egindakoak dira”.

Hasieratik bertatik heldu dio jaialdiak erronka horri. Eta hainbat era baliatu ditu emakumeen papera sustatzeko: “Publizitatearen alorra jorratuz zein filmen egileei babesa emanez euren lanak hemen aurkeztu ahal izan ditzaten”. Horrez gain, programazioa antolatzeko orduan, oso kontuan izan dute emakume eta gizonen arteko berdintasuna: “Sari berezi bat dugu emakume batek egin duen lanik onenarentzat, eta beste bat, genero ekitatea saritzeko. Epaimahaiaren %66 emakumeak dira. Genero berdintasunaren alde egiten dugun lanak jaialdi paregabea bihurtzen du gurea”.

Lanetako batzuetako protagonista ere badira andreak. Horietako batek, esaterako, Indian neska gazteek pairatu behar dituzten bidegabekeriak utzi ditu agerian. Tradizio zahar baten arabera, behe kastako neskek herriko gizonen sexu nahiak ase behar dituzte. Legeak ohitura hori debekatu duen arren, indarrean dirau. Bijayapura… Bidegabekerien zaparrada filmak eskubide urraketa gordinak azalarazi ditu.

Munduaren bestaldeko herrialdeetako bidegabekeriez gain, gertuagoko jazoerak ere jaso ditu jaialdiak. Hiesak izan zuen eraginaren adierazgarri, 1986an sortutako Bizkaiko Hiesaren Aurkako Herri Batzordearen hastapenak gogorarazten dituen dokumental laburra emango dute. Bizkaisida erakundea GIBetik eratorritako arazoekin sentsibilizatutako hainbat lagunek osatu zuten.

Zinema emanaldiez gain, bestelako jarduera batzuk ere izango ditu Film Sozialak jaialdiak. Inaugurazio ekitaldian Bilboko Gospel abesbatzak kantaldia eskaini zuen atzo. Bestalde, itxiera saioa Xabier Zabalak eta Bilboko Txistu Bandak girotuko dute. Azkuna zentroan izango da hori ere.

Leku hori estrategikoa izango da jaialdiarentzat. Bertan egingo dituzte zenbait tailer eta erakusketa ere. Ricardo Benet zinemagile eta gidoilari mexikarrak Irudien Birziklapena tailerra emango du. Erakusketei dagokienez, hainbat antolatu dituzte: Wanawake ekarriko dute Kongoko Errepublika Demokratikoan osasunerako eskubidea defendatzen duten Farmamundi Euskadi erakundeko kideek.

ISIS taldeak eginiko genozidioaren biktimek bizi izandakoa erakutsiko du Jinda, izugarrikerietatik bizirik atera diren emakume yezidiak erakusketak. Eta euskal gobernuz kanpoko erakundeen lanak iruditan ikusteko aukera ere izango da. Bestalde, Unamunoko metro geltokian Film Sozialak erakusketa izango da.

Leku berezi bat gordetzen du jaialdiak, ikusle guztien artean, ikasleentzat. Bigarren Hezkuntzako ikasleak protagonista berezi bihurtu ditu. Hainbat institutu eta zentrotan hartuko dituzte emanaldiak.

Unibertsitate arlora ere jo dute. Hainbat ikaslek parte hartu dute Invisible Express atalean, filmaketak eginez. “Unibertsitatearen komunitatean balio positibo eta elkartasunezko ereduak transmititzeko bide gisa ikus-entzunezko erreminten erabilera sustatzea da asmoa”.

Jaialdia atzo hasi bazen ere, lehenago ekin zion motorrak berotzeari. Irailean hasita, hainbat emanaldi egin dituzte zenbait aretotan. Orain martxan da, eta Bilbotik kanpo ere hainbat herritan ibiliko da. Duela zortzi urte jaio zen jaialdia. “Aniztasuna eta konpromiso soziala ezaugarri dituen zinema ikusaraztea helburu duen urteroko jarduera da gurea”. Denbora laburrean, garapenerako lankidetzarekin eta gizartea eraldatzeko komunikazioarekin lotutako gaiak aztertu nahi dituen ororentzat galdu ezinezko hitzordu bilakatu da.