Bistakoa da gizartea gero eta gehiago aldentzen ari dela erlijioetatik, eta, bereziki, Eliza katolikotik, gehiengo sozialaren balio eta sinesmenak ordezkatzeko erakusten duen ezintasuna dela eta. Aitzitik, Bilboko Udala eta bestelako instituzioak, Estatuaren eta Elizaren arteko harreman estuari eusten tematuta daude, akonfesionaltasuna gauzatzeko duten erantzukizunari aurre egin ordez.
Harreman estu hau, udalak Eliza katolikoaren alde duen jokaera bereizlea, azken udalbatzan ikusi ahal izan dugu. Han, PNVk babestu egin zuen Bilboko Aste Santua Interes Kulturaleko Ondasun bihurtzeko PPk egindako proposamena; euren esanetan, bizkaitar gehienen sinesbide erlijiosoa kristautasuna delako.
Gutxienez, geure buruari uste hori egiazkoa ote den galdetu beharko genioke. Eta azaleko interpretazio bat eginez, ezezko erantzuna datorkigu burura. Mezaren ostean edozein elizatako atean biltzen den jende kopuruari besterik ez diogu erreparatu behar, tenplu kristauetara euren fedea praktikatzera doazenak jendetza ez direla ikusteko.
Gainera, datuak gure susmoa indartzera datoz. Eusko Jaurlaritzak duela gutxi argitaratutako ikerketa baten arabera, euskal gazteen %54k ateo, agnostiko edo ez erlijiosotzat jotzen dute beren burua. Kopuru hori urterik urte haziz doa, eta beren burua katolikotzat jotzen duten %34ri aurre egiten dio, zeinetatik %4k besterik ez dio praktikantea denik.
Hau da egungo errealitatea, zeinean erlijio hegemonikoak espazio publiko guztiak indarrez hartzen zituen garai ilunei aurre eginez, gizartea erlijiotik gero eta aldenduagoa dagoen, inongo kredorik praktikatu gabe.
Baina, dirudienez, PPk datu horiek alde batera uzten ditu, eta nahiago du Eliza katolikoarenak kontuan hartu. Horien arabera, bataiatutako pertsona oro eliztarra da. Ez du axola pertsona horrek erlijioa ez praktikatzea, ez sinestea edota katolizismoari uko egin nahi izatea. Eliza katolikoaren ustez, Estatuarekin negoziatu eta etekin ekonomikoak lortzeko asmoz, pertsona horiek eliztarrak izango dira betirako. Edozein sektatan gertatzen den bezala, behin sartuz gero, ezin izango zara inoiz irten.
Bilboko Aste Santua Interes Kulturaleko Ondasun bihurtzearen alde PNVk hartutako erabakiaren ezaugarririk larriena, gure gizartearen izaera akonfesionalaren eta laikotasunaren aurka jotzea da. Gaur egun, erlijio katolikoaren arabera definitutako hamaika ekitaldi, jaiegun eta errealitate publiko daude. Erabaki horrek, are gehiago indartuko du zilegi ez den logika hau, tradizio katolikoetatik eta horien atxikimendutik gero eta aldenduagoa dagoen gizarteari so egiten ez diona. Erlijio aniztasuna oso zabala da, eta erlijio horiek guztiak eremu pribatura mugatu beharko lirateke.
Laikotasun gehiago behar dugu; bide horretan aurrera egin behar dugu. Horixe da sinesmen ezberdinak dituzten pertsonen artean bizikidetza bermatzeko testuinguru bakarra. Eta arau hori ez betetzeak diskriminazioa, pertsona batzuen balioak besteei inposatzea eta, oro har, kontzientzia-askatasunaren oinarrizko eskubidea urratzea dakar.
Administrazio publikoa erlijio ezberdinetatik aldentzea, udal publizitatean Aste Santuko prozesioak gure ondare eta izaeraren ezaugarritzat ez jasotzea dakar, pertsona askok ez dugulako geure burua erlijio katolikoarekin identifikatzen. Horrez gain, eta hau oso garrantzitsua da murrizketa garaietan, egitasmo horiek diru publikoarekin —aurten 9.000 euro izan dira— ez finantzatzea dakar. Egokiagoa litzake diru hori pertsona guztien sinesmenak errespetatzen dituzten bestelako kultur-ekintzei ematea, auzoetako jaiei, esaterako.
Zoritxarrez, PNVk hileta zibilak leku publikoetan eta udal lokaletan egitea onartzeko Bilduk aurkeztutako mozio bati ezetza ematen dio, baina baietza ematen dio beste proposamen horri, eta PPren eta PNVren eskuma bilbotarraren izaera babesten du: erlijio kontserbadorismoa, Bilbo turismora bideratutako hiri-erakustoki bat bihurtzeko obsesioari gehituta.
Azkunari eta haren lantaldeari adierazi nahi diegu bilbotarrek nahiago dutela bestelako egitasmo batzuk Interes Kulturaleko Ondasun bihurtzea. Gure herrian benetako sustrai sakonak dituzten egitasmoak, alegia, guztion sinesmen eta eskubideak errespetatzen dituztenak, eta sufrimenduarekin, erruarekin, odolarekin eta militarismoarekin zerikusirik ez dutenak, horiek baitira Aste Santua definitzen duten ezaugarriak. Nahikoa sufrimendu pairatu behar izaten dugu jada, eskumako alderdiek martxan jartzen dituzten erreforma eta murrizketen ondorioz.