“Gero eta ikasle gehiago daude, baina ontzien kopurua behera doa”

Etxeko leihotik begiratuta, Santurtziko portua ikusten zuen Miguel Angel Gomez Solaetxek (Santurtzi, 1961). Txikitatik miretsi ditu itsasontziak, eta oso gogoko zuen nasatik nola sartzen eta irteten ziren ikustea. Urteak aurrera egin ahala, zaletasuna ogibide bihurtu zuen: 1994az geroztik, irakasle lanetan dabil Portugaleteko Nautika eta Itsasontzi-makineriako Goi Eskola Teknikoan. Gaur egun, Itsasketaren Zientzia eta Teknikak, Ontzi Makinak eta Ontzigintza Saileko zuzendaria da.

“Ontziak ikustearen ikusteaz hasi nintzen mundu horrekin zaletzen”. Portuari begira hazi zen, eta, haren iritziz, “lehen, gaur egun baino askoz mugimendu handiagoa ikusten zen”.

Itsasontzien funtzionamendua ezagutzeko jakinguraz, goi mailako ikasketak egin zituen. Baina, portua aldatu den moduan, unibertsitate ikasketak ere aldatu direla dio. Gaur egun, Itsas Ingeniaritzako gradua eta Ingeniaritza Nautiko eta Itsas Garraio gradua eskaintzen dituzte Portugaleteko eskolan. Gomezek azaldu duenez, Espainiako Hezkuntza eta Zientzia Ministerioak helarazten dizkien parametroei heltzen diete. Horretaz gain, Nazioarteko Itsas Erakundeak agintzen dituen ezagutzak ere kontuan hartzen dituzte. “Alde teorikoa gainditzen dutenean, nabigatzera irten daitezke ikasleak”.

Titulu akademikoaz gain, ezagutza praktikoak behar dituzte lanbidean aritzeko. “Itsasontzi batean nola ibili behar diren erakusten saiatzen gara; makina nagusienak eta laguntzaileak nola erabili behar dituzten, edo mantentze eta konpontze lanak nola egin behar dituzten, adibidez”.

Azken kurtsoetan, ahalik eta ezagutza sakonenak transmititzen saiatzen da Gomez. “Eskolan ikasitakoa nabigazio egunekin osatzen da”. Merkataritza ontzidiko ofizial batek 30 kreditu lortu behar ditu derrigorrezko nabigatze praktiken bidez. Itsas Ingeniaritzako ikasleek sei hilabete igaro behar dituzte nabigatzen. Ingeniaritza Nautikoa eta Itsas Garraioa ikasten ari direnek bederatzi hilabeteko nabigazioa egin behar dute. 3. maila gaindituta egin ditzakete praktikak. Hala ere, kasu bereziak daudela dio irakasleak. “Duela gutxi, neska batek praktikak hasi ditu, nahiz eta 3. maila bukatu ez duen. Ikasgai batzuk baliozkotu dizkiote eta, gainera, nahiko ikasle ona da”. Azkenaldian emakumezkoen presentzia nabarmen handitu da sektorean. “Nik ikasketak egin nituenean, emakume bakarra zegoen”, azaldu du. “Gaur egun, gizon gehiago daude, baina Itsas Ingeniaritzan haziz doa andreen kopurua”.

Praktikak lortzea lan zaila da denentzat oraindik ere. “1985ean egin nituen nik, eta lau hilabete behar izan nituen ontziratze bat lortzeko. Bederatzi hilabete egon nintzen lehorreratu gabe”. Prestakuntza praktikarekin lortzen dela dio. “Ni Petronorrek itsasontziak zitueneko garaian ibili nintzen praktiketan, Muñatones itsasontzian”. Garai hartatik “oroitzapen politak” ditu. “Denetarik egiten genuen, ofizialarekin zaintzaldiak egiten genituen, eta mekanikariei edo argiketariei ere laguntzen genien. Helburua ahalik eta gehien ikastea zen”.

Eskakizunak behera doaz

Gomezen ustez, asko zatitzen dira ikasgaiak gaur egungo ikasketa planean, eta horrek “ezagutzak barneratzea zailtzen du”. “Ahalik eta estaldura handiena eman nahi diegu ikasketei, oso denbora gutxian; eskakizunak behera doaz”. Ikasgai asko hautazkoak dira, eta lau hilabeteko iraupena dute. “Nire garaian, derrigorrezkoak ziren, eta iraupena luzeagoa zuten”. Horretaz gain, dio ikasleak bere kontura, Boloniako ereduari helduz, prestakuntza osatu behar duela. “Irakaskuntza lehen trinkoa zen; orain, berriz, berniz bat da”.

Ontzi gutxi, ikasle asko

“Gero eta ikasle gehiago daude, baina ontzien kopurua behera doa”, dio Gomezek. Gainera, itsasontzi enpresak ere gutxitzen doazela ohartarazi du. Horren ondorioz, ikasleek atzerrira jo behar izaten dute lan bila. “Beste eskifaia batzuekin lehian aritu behar dute; batez ere, Europako ekialdeko, Peruko, Ekuadorko, Hondurasko edo Kubakoekin, baina ez dute beste erremediorik”.

Gomezek dioenez, zailena sektorean hastea da, abiatzea; gero, jarraitzea ez da hain konplexua. “Ontzijabeei beraien balioa erakusten badiete, oro har, kontratatu ohi dituzte ikasleak, eta ikasleak beraiek izaten dira gerora lan hobeago bat aurkitu eta lanpostua uzten dutenak”.

Nahiz eta arbel baten aurrean hitz egin edo bulego batetik aritu, inoiz ez dio utzi itsasoa begiratzeari. Irakaslea ikerkuntza lanetan dabil gaur egun, eta itsas sektoreko hainbat enpresarekin harremanetan dabil, askotariko proiektutan parte hartu edo garatzeko. “Biomedikuntza eta ingeniaritza lotzen dituen arloan nabil lanean, baina beti egon naiz itsasontzi sektorearekin lotuta”.

Beste alde batetik, iraunkortasuna bultzatu nahian, ontzietan eguzki energia erabiltzeko proiektua ipini gura du martxan Gomezek. “Itsasontzi ekologiko bat garatzeko eskabidea egin dugu; nabigazio berdea sustatzea gustatuko litzaiguke, baina urte bukaerara arte ez digute erantzunik emango”.