Natalia Salazar Orbe
Aldundiak San Mames estadioan dituen VIP palkoak orain artean izandako irizpideen arabera erabiliko dira aurrerantzean ere. Izan ere, Podemos Bizkaia taldeak Batzar Nagusietan egin duen eskaera ez dute onartu. Asun Merino ordezkariak arauz besteko proposamena aurkeztu zuen martitzenean, palkoak esleitzeko orduan dauden “pribilegioak” desagerrarazteko eskatzeko: “Aldundiaren palkoak erabilera publikokoak badira, ez da pribilegiorik egon behar erabilera horretan. Horrez gain, funtzio soziala izan behar dute; ez gaur egun duten bezalako ordezkaritza funtzioa”. EH Bilduko batzarkideak abstenitu egin ziren bozketan, eta gainerako talde guztiek kontra bozkatu zuten.
Eskaera zehatzak jaso zituen arauz besteko proposamenak. Aldundiak estadioan dituen VIP palkoak hainbat herritarren esku uzteko eskatu zuen Merinok. Besteak beste, gizarte erakundeen edo erakunde publikoen erabiltzaileen, bazterketa arriskuan dauden kolektiboekin lan egiten dutenen edo zailtasun ekonomikoak, sozialak, mugikortasunezkoak, moldagarritasunezkoak, funtzionalak edo gizarte arlokoak dituztenen esku. Adin txikikoak, baliabiderik ez dituztenak zein adinekoak izan dituzte gogoan.
Pertsona edo kolektibo horiez gain, palkoetarako gonbidapenen %20 bizkaitar orok eskuratzeko aukera zabaldu nahi zuten. “Aukera berdintasuna bermatuko duen metodo” baten bitartez gauzatu gura zuten hori.
Ordezkari publikorik, ez
Argi azaldu zuten euren ustez nortzuk ez lituzketen erabili beharko eserlekuok: ordezkari publikoek, aldundiko eta beste erakunde batzuetako kargudunek eta erakunde publikoetako edo partaidetza publikoa duten organismoetako aholkulariek edota horiei lotutako beharginek.
Janire Bijueska Eusko Abertzaleak taldeko kideak ukatu egin du espazio horiei eman dieten “pribilegio izaera”. Aukeraketa zein irizpideren arabera egiten den ere azaldu du. “Aldundiarekin harremana duten entitateak” gonbidatzen dituzte, batetik. Bestetik, aldundiarekin lan egiten duten agente sozial, gobernuz kanpoko erakunde eta hirugarren sektoreko kideek osatutako talde bat eratu dute. Eta horko ordezkariak ere eramaten dituzte.
Herri Administraziorako eta Erakunde Harremanetarako diputatu Ibone Bengoetxeak joan den ekainean emandako datuak ekarri zituen gogora Bijueskak. Horien arabera, ondoko erabiltzaileak izan zituzten palko horiek otsailean zabaldu zituztenetik ekainera bitartean: “Frantzia eta AEBetako enbaxadetako ordezkariak; administrazio lokaletako 37 ordezkari; kultura, euskara edo kirolarekin lotutako 21 pertsona; Bizkaian berrikuntzaren aldeko apustua egiten duten 44 erakunde, eta hirugarren sektoreko beste 44”.
Alderdien iritziak
Palkoak egotearen filosofia bera kritikatu du EH Bilduk. PPk bitariko erabilera aldarrikatu du: erakundeekiko konpromisoen eta herritarren artean banatzeko eskatu du. PSE-EEk begi onez ikusten du gaur egun palkoei ematen zaien erabilera. Bi palko ditu Aldundiak San Mamesen. Hogei leku ditu batek, eta 22, besteak.