Ahotsik onenen arteko lehia

Euskal Herriko Haur Kantari Txapelketa martxan da. Herrialdeko kanporaketa batzuk jokatu dituzte dagoeneko, eta Bizkaikoak hilabete honetan egingo dituzte. 6 urtetik 15 urte bitarteko ume eta gaztetxoen topagune izan ohi da bi urterik behin lehiaketa hori.

Bakarka, bikoteka zein taldeka parte har daiteke, eta hiruretan kantatzeko aukera ere ematen dute. “Esaterako, posible da bakarlari moduan kantatzea, eta aldi berean talde batekin aritzea”, azaldu du Juanjo Zelaia Kantagintza Euskal Kantuzaleen elkarteko kideak. Era berean, maila guztietan kantu motaren araberako sailkapena egiten dute; hau da, kantu ezagunen bertsioak, alde batetik, eta abesti berriak, bestetik. Izan ere, kantu berriak sortzeko dohaina saritzeaz gain, kantu zaharren ezagutza ere saritzen da. “Kantu zahar asko daude, ederrak, eta galduta daudenak. Sarritan esaten dudan legez, lehengo kantuak ahaztu egiten ditugu, eta berriak ikasi ez”. Horregatik, lehiaketaren helburuen artean dago paperetan galtzear dauden edo ia ahaztuta dauden kantuak gogoratzea. Horrez gain, xedea da euskal kantugintzan dagoen aberastasuna ezagutaraztea eta kantu zein kantari berriak plazaratzea.

Parte hartzaileen ausardia

Bi multzotan sailkatzen dira kantariak: 6 urtetik 11 urtera artekoak eta 11 urtetik 15 urtera artekoak. Antolatzaileek kantarien ausardia nabarmendu dute. Izan ere, 6 edo 8 urterekin jende aurrean aritzea ez da erraza. “Ba al dakizu zer den adin horretan oholtza gainean kantatzea, 2.000 pertsona begira daudela? Hankak dar-dar izaten dituzte askok”, dio Zelaiak.

Izena emateko epea oraindik zabalik dago, baina parte hartu nahi dutenek azkar ibili beharko dute, datorren astean baita lehenengo kanporaketa. Interesa dutenek ondorengo telefono hauetara dei dezakete: 94-674 32 62 edo 94- 402 53 01. Bestela, igonebeloki@gmail.com helbide elektronikora mezua bidalita ere izena eman daiteke. Norbere datuak eman eta kantatuko duen saila adierazi behar dira.

Ermuko Udal Antzokian jokatuko dute lehen kanporaketa. Ondoren, hilaren 19an, Getxoko Andres Isasi musika eskolan egingo dute bigarrena. Hirugarren eta azken kanporaketa Durangoko Plateruena kafe antzokian jokatuko dute, maiatzeko azken domekan, 26an.

Saio horietatik sailkatzen direnak ekainaren 1ean arituko dira, nor baino nor gehiago, Bizkaiko finalean. Bilboko BBK aretoan izango da, 18:30ean hasita. “Final horretatik, lau kanturen abeslariak sailkatuko dira Euskal Herriko finalerako”, zehaztu du Zelaiak. Herrialde bakoitzetik launa pasatzen dira final handira: “Guztira 28 kantu egongo dira finalean. Partaideak ezin jakin, talde bakoitzean dauden lagunen arabera izango baita hori”. Herrialdeetako sailkatuek ekainaren 16an Burlatako Auditoriumean jokatuko dute Euskal Herriko finala.

Parte hartzeko honako baldintza hauek bete behar dira: euskarazko diskorik atera ez duen talde edo bakarlaria izatea eta txapelketa horretako finalean bi aldiz saritua ez izatea.

Izen ezagunen lehen plaza

Euskal Herriko Haur Kantari Txapelketatik milaka lagun igaro dira 1980ko hamarkadan antolatzen hasi zirenetik. Juanjo Zelaiak gogoan ditu gerora ospetsu egin diren hainbat kantariren saioak. “Endeka Gorrotxategi egun Madrilen bizi den sopranoa da, eta Bermeon abestu zuen Usue Alonsorekin. Baldorba aukeratu zuten. Hasieran ezin kantatu egon zen, barreari ezin eutsiz. Kantu horrekin joan ziren Euskal Herriko finalera, eta irabazi egin zuten. Munduan dagoen soprano onenetariko bat ere hemendik irten zen: Naroa Intxausti basauriarra”. Beste kantari ezagun batzuk ere aipatu ditu, tartean, Leire Gotxi bermeotarra, Bizkaiko txapelduna, eta Maialen Errotabehere Nafarroa Beherekoa. “Estibaliz Asua 13 urterekin izan zen Euskal Herriko txapeldun bere kantu batekin, eta Mikel Urdangarinek Erribera abestu zuen”.