Iraganeko langile borrokak gogoratuz

Ezkerraldeko langile borroken iragana gogora ekarriko du Sestaoko Txirbilenea kulturguneak. 1990eko hamarkadan, enpleguaren aldeko hamaika borroka egin zituzten langileek, baina eskualdeko desindustrializazio prozesuak bertako lantegiak desagerrarazi zituen. “Agian, horren ondorioz izan da erorketa horren azkarra gure eskualdean”, dio Alfonso Cantera kulturguneko kideak. Belaunaldi berriek, ordea, ez dituzte borroka horiek ezagutzen, eta egoera horri buelta ematea izan da Langile Borroka Gara jardunaldien helburu nagusia. Horretarako, bertako langileen eskutik hitzaldiak eta mahai inguruak izango dira ekainaren 6ra bitartean.

Baita langile ohiek ateratako argazkiak ere. Atzo hasi ziren jardunaldiak, argazki erakusketa batekin: Burdinaren martxak 20 urte. Labe garaiak itxi aurretik, Sestaotik Madrilera oinez joan ziren siderurgia sektorearen etorkizunaren alde. “Eta horrek herrian sekulako aztarna utzi zuen”, Canteraren esanetan. Jardunaldiak antolatzen hasi zirenean, martxa horretan hainbat langilek atera zituzten argazkiak topatu zituzten, eta horiekin erakusketa jartzea erabaki zuten.

Lan gatazka horrez gain, Aurrera, La Naval eta Babcock Wilcox enpresetako gatazkak ere aztertuko dituzte, bertako langileen eskutik. Baina langileen borrokak ikuspegi ezberdinetatik lantzen saiatu dira jardunaldietan: “Ez dugu lanpostuaren defentsaren ikuspegitik landu nahi izan bakarrik, nazioarteko adibideekin ere aberastu dugu”. Besteak beste, Argentinako lantegi berreskuratuen edo Venezuelako autoeraketaren adibideen inguruko dokumentalak erakutsiko dituzte.

Genero ikuspegiari ere garrantzia eman diote antolatzaileek. Horren harira, Labe Garaietan egon ziren emakumeen batzarretako kideek hitzaldia emango dute. Azkenik, greba orokorra egiteko arrazoiak azalduko dituzte sindikatuetako kideek, eta langabeen plataformako kideek Ezkerraldean lanpostuaren alde izaniko borroken berri emango dute.