Axpeko sumendiaren kraterra ezagutarazi gura dute

Duela ehun milioi bat urte arte, gaur egun Erandio dagoen inguruan itsaspeko sumendi bat zegoen. Egun, Axpe mendia dago pare hartan, eta baditu orduko aztarnak. Kike Prada erandiotarrak, EHUko hainbat geologok lagunduta, Axpe mendiaren sumendi ibilbidea osatu gura du.

Erandioko alkate Joseba Goikouriarekin egin dute berba. Azaldu diote sumendiaren eta geratzen diren aztarnen inguruko panelak jarri gura dituztela. Horien bidez, jendea erakartzeaz gain, behar dibulgatiboa ere egingo dutela dio Pradak. “Beti erakarri nau inguru honek. Umetan olgetan ibiltzen ginenean leku lehorra izaten zen, harritsua, arraroa… Beste planeta batekoa zirudien”, ekarri ditu gogora oroitzapenak. Eta esan du egun arbolek eta belarrak ia dena estali duten arren oraindik ere aztarna geologikoak ikusteko moduan daudela.

Astrabuduako Metalquimica enpresa desagertu eta eraikina eraistearekin batera, sumendiaren aztarnak agerikoago geratu dira. Miren Mendia EHUko Mineralogia eta Petrologiako Saileko irakasleak dio Euskal Herrian beste inon ez dagoen ondasun geologikoa dagoela: adibidez, basaltoa eta trakitak aurki daitezke. “Geologikoki interes handia daukan ingurua da”, aitortu du.

Goi Kretazeoan lokartu egin zen. Bere jarduna betiko utzi aurretik, ordea, egundoko erakustaldia egin zuen, laba jaurtiz. Gerora, Iberiar penintsula lehortu zenean, beheko lurrek gora igo eta Axpe mendia sortu zen. Maximino San Miguel de la Camara geologoak dio XX. mende hasieran mendia sumendiaren aztarna zela. 2007an, futbol zelaia eraikitzean 5 tona laba agertu ziren lurpean.