Kalean alkohola taldeka edateak bestelako zigorra edukiko du hemendik aurrera Bilbon. Udal ordenantzen arau-hauste arinak egiten dituzten pertsonek “komunitatearentzat mesedegarriak diren zereginak” egin beharko dituzte ordainetan. Izan ere, udalak Adiskidetuz programa ipini du martxan, bereziki gazteentzat prestatua. Probako proiektu horren bidez, “gizalege gabeko jokabideen aurrean”, isun ekonomikoak ezarri beharrean, “komunitatea hobetuko duten gizarte lanak” egitea sustatu nahi dute.
Programa honi esker, kalte handiak sortzen ez dituzten arau-hauste arinak eginez gero, ez litzateke zuzenean zigor ekonomikorik jarriko. Horren ordez, zigortuek komunitatearentzako zerbitzuak bete beharko lituzkete. Arau-hauste horien artean, honako ekintza hauek aipatu ditu udalak: kalean alkohola taldeka edatea, goizaldean oihuka ibiltzea, hiriko altzariak mugitzea edo hondatzea… Azken batean, bizikidetza oztopatzen duten jokaerak eta ekintzak izan dituzte aztergai proiektuan. Baina gizartearentzako onuragarriak diren jarduerak betetzea ez da izango helburu bakarra. Neurri berean, arau-hausleak izandako jokabidearen gainean gogoeta egitea eta jarrera aldatzea bultzatu nahi dute, halako kalterik berriz egin ez dezaten.
Lehen aldia da mota honetako proiektu bat abiatzen dutena hiriburuan. Segurtasun Saila eta Partehartze eta Barrutien Saila elkarlanean aritu dira egitasmoa aurrera ateratzeko. Gainera, proiektu hau abiarazi ahal izateko, Jaurlaritzako Justizia eta Herri Administrazio Sailak ere laguntza eman du, Bizikidetzarako eta Indarkeriari Legitimazioa Kentzeko Planaren barruan.
Programa gazteei begira egin dute neurri handi batean; izan ere, udalak adierazi duenez, adin horretako pertsonak izan ohi dira nagusiki arau-hausleak. Proiektua proba fasean dago gaur egun, eta arau-hauste arinak baino ez ditu jasotzen. Hala ere, etorkizunean beste eremu batzuetara zabaldu daitekeela adierazi dute.
Proiektua martxan jartzeko, Bilboko Otxarkoaga, San Frantzisko, Zabala eta Bilbo Zaharra auzoak aukeratu dituzte. Eremu horietan badaude jada bizikidetzarako programa komunitarioak. Batetik, duela bost urte Irudikatu Otxarkoaga proiektua abiatu zuten. Bestetik, Irudikatu Bilbo Zaharra, San Frantzisko eta Zabala jarri zuten martxan iaz.
Orduak, isunaren arabera
Zigor bakoitzaren ordu kopurua erabakitzeko, egindako arau-hausteak izango lukeen isun ekonomikoari erreparatuko diote sustatzaileek. Hau da, zenbat eta isun altuagoa izan, hainbat eta ordu gehiago bete beharko lituzke arau-hausleak lan horiek egiten.
Gazteek egingo duten lan ordu bakoitzak hamar euroko balioa izango du. Kasu guztietan, egun bakoitzeko, gehienez jota, zortzi orduko lanaldiak egin beharko dituzte arau-hausleek. Hala eta guztiz ere, proiektuaren bultzatzaileek esan dutenez, ikasleen eta langileen ordutegiak errespetatuko dira zigor orduak ipintzeko orduan. Adibidez, gaztea ikasten ari bada, lan komunitarioak bere eskola ordutegitik kanpo edo asteburuetan egin beharko ditu. Beste alde batetik, pertsona bakoitzaren prestakuntzari eta trebetasunari erreparatuko diote. Zereginak banatzeko orduan, eskakizun desberdinak izango dituzte kontuan. Modu horretan, gaztea bere zereginetan gustura badabil, lana gogo handiagoz egingo du, ikasteko aukera izango du eta gogoeta egiten lagunduko diola uste dute programaren sustatzaileek.
Egun, 2012an kalean taldeka alkohola edateagatik zigortutako arau-hausleekin harremanetan ipintzen ari dira. Gazteei programa horretan sartzea eskaini diete, eta bakoitzaren interesen edo ordutegiaren arabera, hainbat jarduera diseinatzen ari dira. Aurreikusitako ekintzen artean, honako hauek daude: eskolako jardueretan eta jantokien mantentze edo diziplina lanetan parte hartzea; ikastetxeetan unean uneko eskariei erantzutea —jolastokietan edo liburutegietan adingabeak zaintzea, adibidez—; etorkinen gizarteratzea errazteko gaztelania irakasteko programetan aritzea; adineko pertsonak laguntzea beren ibilaldi, irakurraldi edo aisialdiko jardueretan…
Adiskidetuz programarekin bat egin duten erakunde laguntzaileek elkarbizitza sustatzeko jarduerak eskaintzeko eta horiek betetzen direla zaintzeko konpromisoa agertu dute. Gainera, arau-hausleek jarduera horiek amaitzen dituztenean, emaitzak jakinaraziko dituzte txosten batzuen bitartez. Besteak beste, gazteak egindako lana edo horretan iragandako ordu kopurua zein izan den azalduko dute dokumentuan. Ostean, bildutako informazioa Segurtasun Sailera igorriko dute, eta, kasuak banaka aztertuz, erabakiko dute arau-hausleari isun ekonomikoa ken dakiokeen edo ez.
Ikasle eta adinduei laguntzen
Igurco egoitzako gizarte langilea da Patricia Sastre (Bilbo, 1983). Bere erakundean, lau emakume hartu, eta hemezortzi orduko lanaldiak egin beharko dituzte. Familiarik ez duten edo bisita gutxi izaten duten pertsona adinduekin irteerak egin beharko dituzte gazteek. “Gutxieneko batzuk eskatuko dizkiegu; adibidez, adinduekin gogoz hitz egitea. Ez du balio soilik ibilaldi bat egin eta jarrera positiboa izateak. Izan ere, belaunaldien arteko komunikazioa sustatu nahi dugu”, azaldu du Sastrek. Gainera, gazteei jarraipen bat egingo diete lana ondo egin duten baloratzeko.
Beste alde batetik, Otxarkoagako Prestakuntza Zentroan arituko dira beste gazte batzuk. Nancy Bilbao (Mungia, 1965) bertako langilea da. Azaldu duenez, esperientzia handia dute gazteekin. Egoera gertutik ezagutzen dute. “Geure ikasleekin mota horretako esperientziak izan ditugu jada. Jarrera desegokia izan ostean, mota horretako neurriak hartu ditugu, eta gurekin bete dituzte zentroan”. Haiekin zortzi gaztek lan egin beharko dute. Horiek ere beste hemezortzi ordu eman beharko dituzte zentroko ikasleekin. Sei mantentze lanetan arituko dira, eta beste bik laguntzea xede duten zereginak egingo dituzte.
Proiektuak zentroaren filosofiarekin bat egiten duela esan du. Horrek programan parte hartzera animatu ditu. “Guk aukera gutxien daukatenei edo txarto pasatu dutenei ematen dizkiegu abaguneak; aurrera egiteko eta gogoeta egiteko aukera ematen diegu. Ez da soilik isuna jartzea. Haien jarreran aldaketa sustatu behar da, eta horixe da gure asmoa. Ea laguntzen dugun hori lortzen”.