Eta neronek idatzia da. Letter-a, diot. Eta ez da bidaltzaileari itzuli horietako bat izan. Ez. Neronek neure buruari idatzitako gutuna baizik. Aurreko egun batean, ordenagailuan idazten ari nintzela, bakarrizketan nengoela ohartu nintzen. Bakarrizkirietan, onartzen badidazue: lana, etxeko ekonomia, soldata, kontratua noiz amaitzen zaidan, lan bilaketa zelan doan, beka eskaera hemendik, bisatuaren luzapena handik… hamar gehi bat kontu buruan. Eta bat-batean, beste hamaika ahots hasi zitzaizkidan berbatan: John Lennon, Robert Kiyosaki, Jon Sarasua… bakoitza bere hizkuntzan eta bere jardun-eremutik, baina denek intonatzen zuten ideia bera: “****”.
Kiyosaki jauna Rich dad, poor dad (Aita aberatsa, aita txiroa) liburua idazteagatik egin zen ezagun. Oso ideologia eskuindarra erakusten duen arren gogoeta interesgarriak egiten ditu, bereziki gizakiok berezko dugun sormena iratzartzeko intentzioarekin. Hawaiiarrak dena lotzen du dirua lortzeko helburuarekin, pilaka duen diru horrek eman baitio berari aisialdia erosteko aukera. Bere ikurritza: “Ez izan diruaren menpeko. Zeure menpeko bihurtu egizu dirua”.
Oso ondo bizi eta aberats bihurtzeko, ordena horretan, ditugun betebeharrak atzeratzea proposatzen du Kiyosakik liburuan. Alegia, kontu-korrontean dugun diruarekin erreziboak eta zorrak pagatu baino lehen geure zaletasunetan inbertitzea. Geure aisialdian. Bizitzaz eta denbora libreaz gozatzeko eta ez izateko diruaren morroi, baizik eta diruaren onuren jabe. Izatez, diruz larri gaudenean itzartzen zaigu sormena. Edo Jon Sarasuak esan zuen legez: “Bertigoak sormena aktibatzen du”.
Antzeko sentimendu bat bizi izan dut arestian nik. Kaliforniara heldu eta lehen hiru hilabeteetan eskolak prestatzen, eskoletan pentsatzen ibili nintzen. Arduratuta. Lanean. Eta lanarekin arduratuta. San Frantziskora asteburu pasa joateko gonbita egin zidaten, eta ezetz esan nuen. Lanagatik. Eta orain aste bi, hiru egunerako bidaiatxo batera gonbidatu ninduten lagunek, eta ezetz esan nuen berriz ere. Kontrolpean nituen eskolak, egia da, baina bazegoen zer findu. “Hainbeste ardurengatik larri gauden bitartean alde egiten digun horixe da bizitza”, xuxurlatu zidan orduan Lennonek.
Handik egun batzuetara jaso nuen gutuna. Neronek idatzitakoa, diot. Postontzia ireki, eta iragarki pilaren artean topatu nuen: paper mordoa eta letter-a. Hiru egun baineramatzan etxetik kanpo. Lagunekin egindako bidaiatxo batetik bueltan nentorren. Eta ilusio handia eman zidan ahotsek murmurikatzen zidaten ideia hori ulertu nuela jabetzeak: “Bizi”.