Hiru bide, herria ezagutzeko

Zeanuriko Udalak, Bizkaiko Foru Aldundiko Ingurumen Sailaren laguntzarekin, Zeanuri pausuz pausu proiektua jarri du martxan. Udalerria zeharkatzen duten hiru mendi ibilbide finkatu eta indartzea da asmoa, inguruko garapen iraunkorraren akuilu bihurtzeko.

Ibilbide historikoak dira, historiari lotutako gaiak lantzen dituztelako. Duela 20 bat urte sortu zituzten, herriak duen ondare historikoa eta naturala ezagutarazteko. Garai batean erabilera jakin bat zuten arren, gaur egun ibilbide horiek astialdira begira daude.

Berrantolaketa honek, bereziki, hiru ibilbideri eragingo die: erroten bidea, baselizena eta larreen mankomunitatekoa. Zeanurik errota asko ditu. Asko oraindik zutik daude, beste batzuen kasuak aztarnak baino ez dira geratzen. Hogei inguru ezagutzeko aukera eskaintzen du erroten bideak. Beste horrenbeste egin dute ermitekin; hogei bat tenpluk osatutako ibilbidea antolatu dute. Azkenik, Ubidea eta Zeanurik larreen mankomunitatea sortu zuten Erdi Aroan, larre publikoetan ganadua hazteko. Urtero egiten dituzte mankomunitateko kontuak, nahiz eta egun sinbolikoki izan, eta ondoren larreok igarotzen dituen bidetik ibilaldia egiten dute.

Hiru ibilbide horiek herriko behealdean daude. Hau da, Gorbeiako parke naturalaren eremutik kanpo. Hala, egitasmo honekin, beste helburu bat ere lortu gura da: parke naturalean dabilen gehiegizko jendea gutxitu, hiru ibilbide horietara erakarrita. Zeanuriko plazan jarritako panel batek emango ditu azalpen guztiak; baita herriko ostatu eta jatetxeei buruzko informazioa ere. Horrez gain, hiru bideok ondo markatuta egongo dira, seinale hori eta zuriekin.