Ingurumen plan berria onartu du Mungiako Udalak

Mungiako Udalak ingurumen plan berria onartu du. 23 programa eta 79 egitasmo jaso dituzte. Orain hasi eta 2016ra bitartean egingo dituzte guztiak. Plana osatzeko, herriko hainbat eragilek hartu du parte, alderdi politiko eta udal teknikariekin batera. Besteak beste, herriko elkarteen eta herritarren ekarpenak ere jaso dituzte.

Planaren lehentasunetako bat udalerria zeharkatzen duen Butroe errekari dagokion proiektua da. Planak ibaiaren bidea hobetzea jaso du, bereziki herrigunetik igarotzerakoan. Gainera, oraindik Ura Uraren Euskal Agentziak ibaiaren bideratze lanen bigarren fasea egiteke dauka. Aspaldi bukatuak behar lukete, baina oraingoz lanok noiz hasiko zain daude. Udalak berriz eskatu dio agentziari behar horiekin hasteko. Izan ere, uholde asko dituen ingurua da. Urari lotuta, auzoetako ur zikinen sarea ere hobetu eta egokitu gura du udalak 2016rako.

Planak lehen sektoreari ere erreparatuko dio. Tokiko produktuen kontsumoa indartu nahi du udalak, hainbat egitasmoren bitartez. Horretaz gain, baserritarrentzako laguntzak onartu dira; bereziki, ekoizle gazteentzako. Hiriko ortu ekologikoen aldeko apustua egin Mungiak, beste hainbat udalerrik legez. Zubitzalde izeneko inguruan dauden lursail publiko batzuetan atonduko direla aurreikusi dute.

Garraioari eta mugikortasunari dagokionez, oinezkoentzako kaleak egokitzen jarraitzea eta auzoekiko loturak hobetzea aipatzen ditu planak. Adibidez, Birlerako bizikletaz joateko bidea eraikiko da. Autobus zerbitzua hobetzea eta trena berreskuratzea ere aipatzen ditu plan berriak.