Metroko hirugarren linea abian noiz jarriko den argitzeko exijituko dute

“Bilboko Metroari zein Eusko Trenbide Sareari eskatzen diegu behingoz argitu dezatela metroaren hirugarren linearen lanak noiz bukatuko diren”. Lanen inguruko informazio ofizialaren faltan, elkarretaratzera deitu dute obrei buruzko datuak galdegiteko. Otxarkoagako Familien Elkartea eta Uribarriko Gure Etxea elkartea dira deitzaileak. Bihar izango da protesta, 12:00etan, metroaren bulegoen parean (Nafarroa kalea, 2). Linea berriak Bilboko erdigunearekin lotuko ditu Otxarkoaga, Txurdinaga, Zurbaranbarri, Uribarri eta Matiko auzoak.

Proiektuaren aurkezpenean lanak 2012rako amaituko zituztela aurreikusi zuten. Halere, hedabideen bitartez eta auzokideak obrak dauden lekura hurreratuta, oraindik linea berria martxan jartzeko “denbora nahikoa” falta dela “frogatu” dutela adierazi dute auzo elkarteek.

Auzokideek salatu dute lanak luzatzen ari direla eta horien ondorioak pairatzen ari direla: negozio eta etxebizitzetako sarbideak oztopatuz, esaterako. “Pazientzia handiz jokatzen ari gara, badakigulako metroa gure auzoentzat onuragarria izango dela”. Lanen egungo egoerak eta azken hilabeteotan izandako albisteek “lasaitasunik eza eta zalantzak” eragiten dizkietela adierazi dute. Hala, hirugarren linea martxan noiz hasiko den argitzea exijitu dute.