Natalia Salazar Orbe
Txorierrin euskara eta euskal kultura sustatzeko ekarpena egin nahi duen egitasmoak zabaldu ditu ateak. Ikusmin handiaren ostean, ireki dute Baserri Antzokia. Asteazken iluntzean, festa giroan egin zuten jendaurreko aurkezpena. Antzokiaren txoko guztiak Bertoko musika taldearen doinuek girotuta ezagutu zituzten bertaratutakoek. Bertsolariak, aurreskua eta jana eta edana ere ez ziren falta izan. Eta esker onak. Nola ez. Proiektua gauzatzeko bultzada eta babesa eman duten guztiak izan zituzten gogoan ekitaldian.
Bere lanari ekin dio, beraz. Txorierriko euskara elkarteen Totoan federazioak eta Txorierriko zerbitzuen mankomunitateak martxan jarri duten proiektua da Baserri Antzokia. Helburu argiak ditu: “Euskara eta euskal kultura sustatzea. Beste helbururik ez du”. Hala azaldu du Xabier Goienetxek, Baserri Antzokia fundazioaren presidenteak.
Lau estamentu integratu ahal izateko sortu zuten fundazioa: gizartea, elkarteak, instituzioak eta enpresak, hain zuzen. Horiei guztiei begira jarritako egitasmoa da Baserri Antzokia. “Lanegunetan, enpresei eta turistei begira egongo da, batez ere. Hainbat ekitaldi egingo dira horretarako: txakolin dastaketak eta harri jasotzaileen erakustaldiak, besteak beste”.
Bestalde, gizarteari begira, ohiko kafe antzokietan izaten den eskaintza izango da: musika, antzerkigintza… “Lehentasuna emango diegu inguruko taldeei. Gero zirkulua zabalduz joango da”.
Bizkaiko Zientzia eta Teknologia Parkean du egoitza Baserri Antzokiak; Derioko aldean. Kokapena ez dute aukeratu kasualitatez. Estrategikoa da. Enpresa munduari begira jarrita dago, berau euskalduntzeko ahaleginak egiteko. “Enpresa mundua erdaldun samarra da. Gure zeregina horretan eragitea ere bada. Txorierrin 20.400 biztanle gara, 2.300 enpresa inguru daude, eta 35.000 langile”. Beraz, eurentzako oso esparru garrantzitsua zen hori. “Batetik, irauteko. Sosik ezean ez dagoelako bizirik. Bestetik, jakinda non gauden, halabeharrez erabaki genuen mundu horretan ere eragin behar genuela”.
Enpresa eremutik ez eze, herritarrengandik ere gertu dago Baserri Antzokia. “Derioko herrigunetik kilometro batera dago, gutxi gorabehera. Eta Zamudiokotik, bi kilometrora. Txorierri erdi-erdian dago”.
Eskualde euskalduna izan arren, era horretako proiektu bat behar-beharrezkotzat jotzen zuten Txorierrin. Bertako bost euskara elkartek Totoan federazioa sortu zuten 2001ean. Federazioak hainbat proiektu bultzatu ditu orduz geroztik: Aikor euskarazko aldizkaria da horren adibiderik adierazgarriena. Hilean behin argitaratzen dute. Horrez gain, bestelako lanak ere gauzatu dituzte: Lan Txorierri enpresen urtekaria eta Kirola euskaraz proiektua, besteak beste. Berbalagun egitasmoak ere badu indarra. “Hala ere, ikusten genuen hau guztiau ez zela nahikoa. Beti izango da beharrezkoa gehiago”. Eta argia ikusi berri duen arnasgunearen ideia bururatu zitzaien.
Gazteak herrian eta eskualdean bertan gelditzea ere badu xede egitasmoak. Aisialdi eremua eskualdean egin dezaten sustatu nahi dute. “Iruditu zitzaigun hau beste erreminta bat izan zitekeela. Jabetu ginen gure gazteak sarri Bilbora joaten direla. Eta, askotan, erdal guneetara ateratzen direla. Baserri Antzokiaren bidez nahi duguna da gazteak bertan geratzea, eta giro euskaldunago batean aritzea”.
Eskualdean euskara bultzatzeko hainbat jarduera daude, eta euskararen ezagutza maila altua da. “Hala ere, Euskal Herrian sarri gertatzen den legez, erabilera ezagutza baino dezente txikiagoa da. Irakaskuntzan lan handia egin da, baina gero kalean ez da hori behar beste islatzen”. Hala, antzokia “erreminta indartsu bat” izango da euskara bultzatzeko helburua lortzeko.
952 metro koadro
5.400 metro karratuko eremu batean dago Baserri Antzokia. Eta eraikinak 952 metro karratuko azalera hartu du. Sartu eta berehala, taberna txiki bat dago. Gela nagusiago batekin komunikatuta dago hori. Bertan dago agertokia. Handik bereizita dauka jantokia. Aisialdira bideratutako eremu horrez gain, zenbait gela edo txoko ditu. “Enpresek, norbanakoek eta elkarteek erabili ahal izateko dira txoko horiek. Bertso afariak eta bestelako jarduera eta ekitaldiak antola daitezke horietan”.
Ohiko kafe antzokiek ez bezala, Derioko Baserri Antzokiak barruko zein kanpoaldeko jarduerak antolatzeko aukera ematen du. “Herri kirolen erakustaldiak antolatzea daukagu buruan, besteak beste. Hala ere, oraingoz ez dago ezer lotuta”.
Programazioa antolatzeko zain daude, beraz. Hala ere, zalantzarik ez dago: euskararekin eta euskal kulturarekin lotutako jarduera eta ekimen guztiek izango dute lekua bertan. Txorierriko euskararen arnasgune izan nahi duena zabalik eta martxan da jada.