Eider Mugartegi
Ondarroako Txomin Agirre ikastolako ikasleek ilusioz beteta hasi dute ikasturtea. Hemendik aurrera, ez dute ohiko azterketarik egingo, eta ez dute testulibururik izango. Gainera, liburuen aurrean jarri eta edukiak buruz ikasi barik, zeharkako proiektuetan lan egingo dute ariketa dinamiko, entretenigarri eta erabilgarrien bidez. Zelan ez, gogo onez hartu dituzte berri horiek, pozik.
Gizartea oso arin aldatzen ari da. Gainera, gehiago eta erritmo biziagoan aldatuko omen da. Azken ikerketen arabera, orain ikastetxeetan dauden ikasleen %65ek egun egiten ez dituzten lanak egingo dituzte etorkizunean, Alaine Solabarrieta ikastolako zuzendariaren hitzetan. Beraz, “zelan hezi umeak ezezagunari aurre egin edo erantzuna emoteko?” galderari erantzun nahi izan diote Txomin Agirre ikastolan; eta, horretarako, AEBetako Harvardeko Unibertsitatean sortu eta Europan, AEBetan, Australian eta Indiako ikastetxeetan harrera ona izaten ari den irakaskuntza sistema bat ezartzen hasi dira: Ulermenerako Irakaskuntza.
Ikasitakoa berehala ahazten zutela eta ikasleak motibazio barik zeudela ikusten ari ziren irakasleak. Hori dela eta, 180 graduko bira eman diote ikastolako irakaskuntza sistemari. Zentzurik barik buruz ikastea alde batera utzi, eta ikasleek edukiak ulertzea dute orain helburu, ikasitako hori, gero, beste testuinguru batean erabiltzeko gai izateko.
Pentsamendua sustatzeko
Ikasleek proiektuetan inplikatu eta lan egin behar dute, Solabarrietak azaldu duenez, eta azken emaitza azterketa baten bidez baloratu barik, proiektu osoan egiten duten lana izango dute kontuan, hasieratik amaieraraino. Ikasleak, gainera, bere burua eta ondokoarena baloratuko ditu: nola doan ikusi, ezer aldatu edo gehitu behar duen aztertu… Irakasleak, berriz, ikasgaiko arkitektoak izango dira, eta iturburu ezberdinetako informazioa eta materiala erabiliko dute prestatzeko.
Ulermenerako irakaskuntzari, gainera, Visible Thinking edo Pentsamendu Ikusgaia delako ikuspegi pedagogikoa batuko diote. Hau da, ikasleek pentsatzen, hausnartzen ikastea nahi dute, eta erremintak emango dizkiete pentsatzea zer den eta zelan egiten den barneratzeko. “Orain arte umeek erantzun guztiak jaso dituzte, ezer hausnartu barik. Orain eurak izango dira galderei erantzunak eman behar dizkietenak”, azaldu dute.
Pentsamendu horiek, gainera, ikusgai jarriko dituzte. Hasieran sortzen zaizkien galderak post it batean idatzi, hormetan itsatsi, eta erantzun ahala kentzen joango dira, proiektu osoaren prozesu osoa begien bistan daukaten bitartean.
Horrek guztiorrek ikasleen sormena sustatu eta motibazioa handitzea lortuko duela uste dute. “Ikasgaiak zer esan nahi duen eta zertarako behar eta erabiliko duten ulertuko dutelako”.
Bestalde, ikaslearen hausnarketa eta gogoeta prozesua irakaskuntzaren ardatz bihurtzeko prozesu horretan, ikusteko pedagogia tresnak, multimedia, lan kooperatiboa, adimen anizkoitzak, pentsatzeko abileziak eta errutina baliabideak ere txertatuko dituztela aitatu du Solabarrietak.
Zero proiektua
Sistema berritzaile hori Lehen Hezkuntza osoan hedatu du Txomin Agirrek, eta Haur Hezkuntzan ere hasiak dira Harvardeko hezkuntza metodologia jorratzen. Ikasturte honetan proiektuak Lehen Hezkuntzako euskara, zientzia, natura eta matematika ikasgaiak hartuko ditu, baina, apurka-apurka, zentroan ematen diren maila guztietara hedatu nahi dute.
Bide horretan, Harvard unibertsitateko irakasleen laguntza izango dute. Izan ere, unibertsitate ezagun horretako Project Zero-ko ikerketa taldean sortutako metodologia da Ulermenaren Irakaskuntza, eta eurekin harremanetan egon dira prozesu osoan. Hain zuzen, martitzenean bertan jaso dute unibertsitateko kideen bisita ikastolan.
Bilboko Begoñazpi ikastola ere erreferentziatzat hartuko dute. Izan ere, Begoñazpin urteak daramate metodologia hori arrakastaz garatzen, eta bertara joan dira irakasleak trebatzera. Lan handia izan da ikastolarentzat, baina emaitzak merezi duela diote.