Natalia Salazar Orbe
Liburuen orriek mundu magikoetarako ateak zabaltzen dituzte. Urrutiko istorioak gertutik ezagutzeko aukera ematen dute. Irakurketa bat baino gehiago izan dezake, gainera, liburu berak. Baina norberak aukeratutako praktika izan behar du irakurketak. Ez da behartuta egin behar. Argi du hori Oihana Etxegibel Galtzagorri elkarteko kideak. Bizkaiko eskola txikietara kalitatezko liburu eskaintza zabala eramaten du urtero, Liburu Ibiltariak egitasmoaren barruan. Haur eta lehen hezkuntzako ume eta gaztetxoentzat argitaratutako euskarazko 120 liburu daramatzaten bost kutxa ibiltari eskola batetik bestera ibiliko dira, hala, aurten ere.
Irailaren 26an abiatu zuten bidaia Bizkaiko bost kutxek. Mallabia, Amoroto, Zeanuri, Atxondo eta Zaratamoko eskoletara iritsi dira. Helburua argi du Etxegibelek: “Irakurzaletasuna sustatzea dugu azken helburu. Irakurzaletasunari astindu bat ematen saiatzen gara. Askok lan gogaikarritzat har dezaketena, plazerezko jarduera bat dela jabearazten saiatzen gara. Pozoi horrekin kutsatu gura ditugu umeak”.
Horretarako, indarrez eta baikortasunez beteta iristen da Etxegibel eskolotara, haren grina gaztetxoenei transmititzeko asmoz. Liburuz betetako kutxa eskolan uzten duen egunean bertan aurkezpen saioa egiten du ikasleekin. Haur Hezkuntzakoekin batetik, eta Lehen Hezkuntzakoekin bestetik. Liburuak aurkeztu, zein gauza berri eraman dituen azaldu, eta irakurketari dagokionez zer-nolako zaletasunak dituzten galdetzen die.
Dogmetatik aldenduta lortu gura du bere xedea: “Nik ez diet esaten irakurtzea ona dela. Mehatxupean egiten baduzu, irakurtzea beldurgarria izan daiteke. Saiatzen naiz umeak beste era batera kutsatzen. Nire esperientziak kontatuta, euren artean hitz egitera animatzen ditut: ‘Zer irakurri duzu zuk? Zer kontatuko zenieke zure lagunei? Gustatu zaizu? Zer ekarri dizu gogora?'”. Hori guzti hori, berezkoa sumatzen zaion energiarekin eta umorearekin transmititzen du.
Oso garrantzitsu deritzo ikastetxeetan irakurketa plan bat egoteari ere. “Bitartekari gogotsuak egotea beharrezkoa da. Eskolan egon dadila bat bederen”. Eta ikasleekin antolatutako elkarrizketak lantzea, irakurtzeari zentzua har diezaioten. “Ikusi behar dute konpartitzeko aukerak zabaltzen dizkiela irakurketak”. Ikaskideei liburu bat gustuko izan dutela azaltzea eta euren iritziak pisua duela ikustea oso aberasgarria da ikasleontzat.
Horrez gain, kontuan hartu behar da liburu bakar baten inguruan iritzi ugari egon daitezkeela. Hori dela eta, Etxegibelek ez die galdetzen zeri buruzkoa den irakurri duten liburua. “Nahiago dut esatea: ‘Zuri zer eman dizu liburu horrek? Izan ere, zeri buruz doan galdetuta, epaitu egiten duzu. Badirudi liburu horrek gauza bati buruz besterik ez duela hitz egin. Eta hori horrela izanik, beste zerbait sortu dion edo beste zerbait sentitu duen umeak esango du: ‘Nik, orduan, ez dut ezer ulertu. Dirudienez, ez naiz oso argia”.
Umeek eta gaztetxoek liburu batek sorrarazi dien zirrara transmititzeko askatasun horrek autoestimua indartzen ere lagundu dezake. “Inportante sentiarazten ditu liburu baten aurrean ulertu dutena balekoa dela ikusteak”. Bide horretatik, zalantzan jarri du gaur egun ulermena ebaluatzeko besteak beste erabiltzen diren testu iruzkinen egokitasuna.
Liburuek hilabete egingo dute orain iritsi berri diren ikastetxeetan. Haurrek haietako apaletako liburuez gozatzeko aukera izango dute. Gometxa urdin eta berdeek markatzen dituzte irakurtzeko errazak edo zailak diren liburuak. “Horrek ez du esan nahi gometxa urdina dutenak ume txikientzat soilik direnik”. Argazki mordoa izaten dituzte horiek, eta edozeinen gustuko izan daitezke. Bestalde, “baliteke 5 urteko ume batek testua besterik ez duen liburu bat hartzea. Zerbaitengatik gustatu egin zaio liburu hori esku artean izatea”.
Izan ere, irakurzaletasuna eta irakurtzea uste baino zabalagoa da: “Liburu artean ibiltzea; liburu aukeraketan aritzea; liburuak usaintzea; euren ondoan etzanda egotea… Hori da irakurzaletasunean murgilduz joatea”.
Aukeraketa landua
Kensukeren mundua; Gaztelu Beldurgarria bildumako bi ale; Smara; Bi txori; Arbola eskuzabala; Ilargia kulunkan bildumako bost liburu; Munstroek ere pixa egiten dute ohean…. Aurten Liburu Ibiltariak egitasmoak eskainiko dituen adibide batzuk besterik ez dira horiek. Galtzagorri elkartearen barruan bada urteko libururik onenak aukeratzeko ardura duen talde bat. Maila literario ona dutenak hautatzen dituzte. “Irakaspenik duten ez da kontuan hartzen. Irakaspenetan oso esplizituak diren liburuak, normalean, literatura aldetik herrenak izaten dira. Estruktura on bat izatea lehenesten dugu guk”.
Liburu Ibiltariak egitasmoak bere helburuak betetzen dituen ebazteko balorazioa egiten du Galtzagorri elkarteak. Umeek euren ekarpenak egiten dituzte orduan. “Besteak beste, aurreko urteko Liburu Ibiltarian zegoen eta aurten ikusi ez duten libururen baten falta sumatu badute, azaltzen dute”. Eta jabetu dira oso irakurle sutsuak daudela: “Liburu irensleak dira”.
Teknologiak liluratuta uzten dituen munduaren barruan, Etxegibelek lortzen du gaztetxoak liburuekin harritzea. “Garrantzitsua da bitartekari lanetan ari garenok egiten dugun lana. Teknologia asko duen mundu batean bizi gara, baina irakurketak badu teknologiak eman ezin dezakeen beste zerbait”.
Irakurle direnek errazago transmiti dezakete liburuen magia hori. “Irakurlea ez zarenean, ez dakizunean zer den irakurtzeak sortzen duen zirrara, horren atzean dagoen misterioa ez duzunean ezagutzen, zaila da irakurzaletasuna transmititzea”. Pasioa behar da umeak zaletasun horrekin kutsatzeko.