“Beldurrik ez, baina errespetua izan behar zaio urpekaritzari”

Edonor has zitekeen moduan hasi zen Ainara Capetillo (Bilbo, 1977) urpekaritzan. Txikitatik hondartzara joatea gustuko du, itsasoan sartuta egotea. “Behin Castroko hondartzan nengoela, urpean igeri egitetik zetorren jendea ikusi nuen, eta probatu behar nuela pentsatu nuen”. Bataio bat egitera animatu zen, eta asko gustatu zitzaion esperientzia. “2008an ikastaroa egin nuen”. Ordutik dabil klubean Capetillo.

Astebetean, teoria eskolak jaso, ziurtagiria lortzeko medikuaren azterketa pasatu, eta gero azterketa egin beharra dago. Materialera ohitzen joateko, lehen murgiltzeak igerilekuan izaten direla kontatu du Capetillok, txalekoa jarri, botila, erregulatzailea jarri… Gero itsasora ateratzen dira hasiberriak. Santurtzitik gertu egiten dituzte lehenengo murgiltze horiek; ikastaroetan Castro (Kantabria, Espainia) izaten da ohiko leku bat, eremu lasaia delako eta erraz heltzekoa.

Bataio izeneko ekitaldiak egiten dira, jendeak ur azpian zer sentitzen den ikus dezan. “Erregulatzaile baten bidez arnasa hartzea, ez delako zure sudurretik arnasa hartzea bezalakoa, oxigeno botila bat behar duzu, betaurrekoak, hegalak…”. Orduan, sentsazio hori zelakoa den ezagutzeko, ur azpian pixka bat aritzeko eta erabili beharreko materiala zelakoa den jakiteko, bataioa-k antolatzen dituzte. Gero, jendeak gustuko badu eta animatzen bada, sei pertsona inguruko ikastaroak antolatzen dituzte.

Santurtziko Aketxe klubeko bazkidea da Capetillo. Klubean 91 pertsona daude federatuta ur azpiko kiroletan —horretarako, segurua edo federazio lizentzia izan behar duzu, ikastaroa eta medikuaren ziurtagiriaz gain—, eta horietatik 19 emakumeak dira.

Urpean ibiltzeko materiala oso garestia da, eta, horregatik, normalean jendeak ez du guztia erosten. “Klub bateko bazkide izanez gero, beharrezko material guztia uzten dizute, zure kabuz dena eskuratzea oso garestia baita”. Denbora pasa ahala, urpekaritza benetan gustuko izanez gero,bakoitzaren beharrizanen araberako materiala erostea gomendatzen du Capetillok. Izan ere, urpekaritzan hainbat mota dago. “Urpekaritza teknikoan aritzen den jendea 100 metro baino gehiago murgiltzen da. Kasu horretan, ekipo indartsuago bat erosi beharko duzu. Kobazuloetan sartuko bazara ere, berdin”.

Bigarren eskuko gauzak ere saltzen dituzte. Dena dela, hasteko aukera onena klub batean izena ematea da, haren iritziz. “Ohikoena oso baldar egotea da; gidatzen ikasten hasten zarenean bezalakoa da, eskuak falta dituzu egin beharreko guztia egiteko”.

Denboraldi laburra

Maiatzean edo ekainean ekiten diote urpekaritza denboraldiari, eta normalean urri aldean bukatzen dute. “Eguraldi onarekin, ura berotzen hasten da maiatzean. Azken finean, tenperaturak eragin handia du uretara sartzerakoan. Izan ere, gozatzea eta ondo pasatzea da nire helburua. Eta, nire ustez, izoztuta egoteko, ez du merezi uretara sartzea”. Jakina, badago urte osoan uretara sartzen den jendea ere, jantzi lehorrekin; jantzi bereziak dira, eta horiekin ez zara bustitzen. “Kantauri itsasoan neguan beti egoten dira denboraleak; urritik ez naiz uretan sartu, denborale asko izan ditugulako, bata bestearen atzetik. Gainera, denboralea bukatzen denean astebete inguru itxaron behar izaten da, urak atseden har dezan, zikina eta nahasia egoten baita. Eta uretara ezer ere ez ikusteko sartzea ez du merezi nire iritziz”.

Itsasoaren egoerak urpekaritzan asko eragiten duela kontatu du Capetillok. “Zaletasuna egon badago, baina hau Kantauri itsasoa da. Itsasoa egoera txarrean dagoenean sartzen bazara, txarto pasatzeko arriskua duzu. Beldurrik ez, baina errespetua izan behar zaio urpekaritzari”.

Urpean igeri egin aurretik, materialaren prestaketa prozesua jarraitu beharra dago. Oxigeno botila, txalekoa eta erregulatzailea ondo daudela frogatu beharra dago; botila beteta dagoela, erregulatzailetik arnasa ondo hartzeko gai dela… Urpean aritzeko jantzia eta txalekoa soinean jarri eta uretan sartu: horra azken urratsa. “Urpean argazkiak ateratzen ditut, paseotxo bat eman, animaliak eta landareak ikusteko…”.

Hogei metro inguru da Capetillo murgildu den sakonera handiena, Matxitxako lurmutur inguruan dagoen Arribola hondartzan. Castron, 12-15 metro. “Ni normalean lurretik sartzen naiz, eta kasu horretan zailagoa izaten da behera jaistea, mugatuta zaudelako. Zero metrotik hasten zara, baina gero bueltatu beharra duzu, eta bueltan airerik gabe geratuz gero, eta dituzun tramankulu guztiekin igeri egin behar baduzu, benetan zaila da”.

Bioaniztasuna nagusi

Arribola, Plentziako Villano lurmuturra, Zierbena ingurua, Castro, Islares… Horiek dira urpean igeri egiteko eskura dauden lekuetako batzuk. Murgiltze bakoitza ezberdina dela kontatu du Capetillok, nahiz eta leku berera joan, aldi bakoitzean gauza berriren bat ikusten delako. “Arribolan animalia asko dago, nekorak, olagarroak, itsas aingirak, sanpedro arrainak…”.

Animaliek hasieran errespetua edo beldur apur bat izaten dutela dio, baina ezer egingo ez dietela ikustean, ez diete gizakiei kasurik egiten. “Castron, gauean egin genuen irteera batean, sanpedro arrain bat zegoen, eta linternara hurreratu zen; talka egin zuen, argiak erakarri egiten zuelako”. Gaueko irteerak oso gustuko ditu Capetillok; “xarma berezia” dute, animalia asko ikusten baitira, orduan ateratzen direlako jatera eurek.

Gizakiaren eragina igartzen dela dio Capetillok. “Kutsadura nabaria da, arrantzaleen berun asko ikusten dugu, zaborra…”. Ereagan urtean behin garbiketa egiten da, hondartzan eta portuan. Urpekariek ere parte hartzen dute hondakin eta zaborrak itsasotik ateratzeko. “Lehen zikinago egoten zela esaten digute beste urpekari batzuek, baina jendea zikina da oraindik”.

Euskal Herritik kanpo Finisterre eta Ferrol (Galizia) inguruan ibili da urpean igeri egiten. Baina etorkizunean gustatuko litzaioke Maldivetara joatea. “Astebeteko intentsiboa egiten du jendeak; itsasontzian atera eta egun osoa egoten dira uretan”.