Berriro hasteko unea

Aurreko astean Bermeon izandako suteak 35 familia etxe gabe utzi ditu, eta Bizkaiko Foru Aldundiak San Martin auzoan dituen etxebizitzetan daude. Martitzenean sartu ziren lehendabiziko hamar bat familia; gainontzekoak hurrengo egunetan joan dira hara. Jose Luis Bilbao ahaldun nagusiaren esanetan, sei hilabetez “inolako kosturik gabe” biziko dira bertan. Ondoren, familia bakoitzaren egoera aztertuko dute zer egin erabakitzeko. Foru aldundiaren etxeok egokitu artean, gertukoen etxeetan zein udalaren, Busturialdeko Mankomunitatearen eta Eusko Jaurlaritzaren Alokabideko etxeetan egon dira.

Hamaika eraikini kalte egin die suteak; horietatik hiru behera erori dira, eta beste zenbait “oso kaltetuta” daude. Oraingoz ez dituzte eraitsiko. Sutea Nardiz tar Jon kaleko 23.ean piztu zen joan den asteko eguen goizaldean, eta berehala zabaldu zen ondoko zein aurreko eraikinetara. Sutea non piztu zen eta zerk eragin zuen aztertzen ari da Ertzaintza. Astelehen eta martitzenean Ertzaintzaren polizia zientifikoak sutearen lekua arakatu du, laginak hartu eta zantzuak bilatu ditu. Aseguru etxeetako perituak ere haiekin egon ziren. Horien jarduna amaitu bezain laster, udal beharginek falta ziren hondakinak kendu dituzte, eta kalea erabat garbi utzi dute.

Bien bitartean, udaleko ordezkariak kaltetuekin batzartu dira aste honetan. Eraikin bakoitzeko bizilagunekin banan-banan bildu dira, eraikinaren egoera zein den azaldu eta eman beharreko pausoak denen artean erabakitzeko. Izan ere, bizilagun bakoitzaren egoera desberdina da: batzuk ohiko bizitokia zuten, beste batzuk alokairuan zeuden, zenbait etxe hutsik zeuden…

Itxaron egin behar

Mari Carmen Gomez Nardiz tar Jon kaleko 17.eko bizilaguna da, eta sutearen gauean ahizparen etxean zegoen. Eraikina zutik dago, baina oso kaltetuta. Barrua hutsik geratu da, “ez dago ezer, bi eskailera baino ez”. Gomez alokairuan bizi zen. “Hogei urte baino gehiago bizi izan naiz hemen. Aurreko astean berritu genuen kontratua, sutea gertatu baino pare bat egun lehenago”. Azaldu duenez, eraikin osoa jabe bakarrarena zen, eta egun haren oinordekoen esku dago. Horregatik, bizilagunak haien erabakiaren zain daude. “Jabeek erabaki beharko dute zer egin: konpondu, edo bota eta berriz eraiki”.

Kaltetuak aseguru konpainien zain daude. Beni Barrena Seguros Bilbao aseguru etxeko langileak azaldu duenez, suteak eragindako kalteak ez ezik, keak eta suhiltzaileek botatako urak eragindakoak ere asko dira. “Horrelako ehun kasu inguru ditugu, eta dagoeneko bideratuta daude”. Kalte “potoloagoak” dauzkaten hogei bat bezero dituzte, eta horiek “kasuz kasu” aztertu behar direla zehaztu du. Zenbaitetan eraikineko bizilagun guztiek hartzen duten erabakiaren zain daude. Eroritako etxeen jabeek denen arten erabaki behar dute zer eta nola egin.

Bestelako kalte-ordainak jaso behar dituztenentzat laguntzak abiatu dituzte. “Zazpi bat bezero ditugu; bati osorik erre zaio etxea, eta beste bik ere kalte handiak dituzte. Kasu denak ditugu martxan; erre zaionari datorren astean ordainduko zaio”, dio Maria Eugenia Andres AXA aseguruko beharginak.

Etxebizitzez gain, hainbat negoziori eragin die suteak. Esaterako, sutea piztu zen eraikinaren behealdean zegoen Athletic taberna. Jabearen emazte Maria Angeles Parrak dioenez, duela hilabete batzuk alokatu eta zabaldu zuten. “Urtarrilaren 4an ireki genuen taberna”. 03:30etik 04:00etara bitartean telefonoz deitu zioten, eta berehala joan ziren alde zaharrera. Tabernako dokumentazio guztia bertan erre zen, baina aseguru etxean kopiak badituztela dio. “Barikuan aseguru etxean lasai egoteko esan zioten senarrari; haiek arduratuko direla guztiaz”. Sutea non eta zergatik piztu zen oraindik argitu ez bada ere, badakite tabernan ez zela izan. “Bertaratzen lehenengoetarikoak izan ziren ertzain batek eta udaltzain batek esan digute lasai egoteko, sutea ez zela gurean piztu, bigarren solairuan ikusi zituztela txinpartak”.

Kaltetu ez ziren denda eta tabernak pixkanaka normal-normal bueltatuz doaz. “Astelehenean zabaldu eta oraingoz ez dugu kalterik”, esan du Tina Alvarezek. Intxausti kaleko 7. atariko bizilaguna da, eta sutea geratu zen goizaldean txirrinak esnatu zuela kontatu du. Gaztelugatxe gozotegia ere ezbeharra gertatu zen kalean dago, behera erori diren eraikinetatik oso gertu. “Domekan zabaldu genuen, eta zorionez ez dugu kalterik”, dio Urko Arostegi jabeak. Ostegun goizean, ohi bezala 07:00etarako iritsi zen: “Heldu nintzenerako gogorrena pasatuta zegoen, baina izugarria izan zen”. Bariku arratsaldean utzi zieten sartzen: “Nola zegoen ikustera sartu ginen, eta domekara arte ez irekitzea aholkatu ziguten hondakinak kentzen ari zirelako”.

Elkartasuna han eta hemen

Idurre Bideguren Bermeoko alkateak bermeotarrek “jarrera eredugarria” erakutsi dutela nabarmendu du egunotan. “Hurbiltasuna sentitu dugu, jendearen humanitatea, eta hori, eredugarria izateaz gain, benetan pozik eta harro egotekoa da”. Izan ere, lehen momentutik Bermeoko zein inguruetako herritar eta negozio asko edozertan laguntzeko prest agertu dira.

Kate Sarea elkartekoak barikutik kaltetuentzat janaria eta arropak biltzen dabiltza. Krisi ekonomikoaren ondorioz beharrizana dutenei laguntzeko sortu zuten elkartea boluntarioek. Taldearen presidente Mirenlur Santiagoren esanetan, kaltetutako batzuek haien laguntza jasotzen zuten aurretik. Bi lokal dituzte gauzak gordetzeko, baina berehala bete dituzte, eta ia ez dute denetarako lekurik. “Herritarren erantzuna ikaragarria da”, dio Edurne Sanchez Kate Sareako kideak. “Janaria eta arropak ez ezik, izarak, mantak, kortinak, sukaldeko tresnak eta beste hainbat gauza ekarri dituzte”. Bermeotarrenaz gain euskal herritarren zein kanpokoen laguntza jaso dutela-eta esker onez daude.

Bestalde, BuyUrdaibai elkarteak kontu korronte bat ireki du kaltetuentzat dirua biltzeko, eta etzi Bizikleta Egunean bildutako dirua ere haientzat izango da. Bermeoko Ostalarien Elkarteak ere kaltetuei laguntzeko itsulapikoak ipini ditu taberna eta jatetxeetan. Horrez gain, aurreko astean egitekoak ziren txipiroiaren inguruko lehenengo jardunaldi gastronomikoa hileko azken asteburuan egingo dute, eta etekinen parte bat kaltetuentzako izango da. Bestalde, maiatzaren 5erako kaltetuei laguntzeko elkartasun jaia antolatu dute Salsacubana akademiakoek. Ernesto Miari irakaslearen berbetan, “Artza frontoian izango da: goizez, doan; arrastian, bost euro”.

“Benetako sua itzaltzea” orain datorrela esan du Bermeoko alkateak: “Baina denen artean eta erakundeen elkarlanarekin uste dut lortuko dugula alde zaharra lehen bezala edo hobeto ikustea”.