Autobide barik, zeruari begira

Zerua ikusi nahi dugu. Zerua ikusterik badugu”. Bilboko Errekalde auzoa eraberritzeko proiektua aurkeztu dute asteon. Errekaldeberriz auzo elkarteak orain dela zenbait hilabete hasi zuen parte hartze prozesu baten ondorioa da txosten teknikoa, eta epe luzerako plan estrategikoak proposatu ditu bertan. Lehen helburua auzoaren gainetik pasatzen den A-8 autobidearen zubia eraistea da, “behingoz zerua ikusteko”. Sabino Aranako sarrera botatzeko obrak laster hasiko dira, eta hori aitzakiatzat hartuta autobidea eraisteko diskurtsoari ekingo diote berriro ere.

“Orain dela urte batzuk konturatu ginen auzokideok askotan gure aurrean ditugun arazoak ikusten ditugula, eta instituzioek ez”, adierazi du Errekaldeberriz auzo elkarteko Igor Ahedok. Baina Bilboko agintarien ikuspuntua estrategikoa baino ez zela ikusten zuen auzo elkarteak, “ez bakarrik denbora aldetik, markoa ere ez zen tokikoa, metropoli mailakoa baizik”. Hori dela eta, epe laburrerako planak egiteaz gain, epe luzerakoak ere proposatzea erabaki zuten.

Ikuspegi estrategikoa hartu eta auzokideei galderak egiten hasi ziren. Errekalderako zer nahi duten, nola ikusten duten auzoa hamar urteren buruan… Parte hartze prozesua auzoko 500 pertsona ingururen laguntzari esker egin dela azaldu du Ahedok. Elkarrizketen bidez, tailerretan parte hartuz, ideia lehiaketen bitartez… Hortik diagnostiko bat atera zen, ardatz estrategiko batzuk. “Autobidea eraistea eta gune sozial gehiagoren beharra nabarmendu dute bizilagunek”. Ardatz horietatik abiatuta, arkitekto talde batek planoetan jarri ditu guztiak.

Hori izan da plana sortzeko prozesua, baina aurrera eramateko Bilboko Udalari eskakizun bat egingo diotela azaldu du Ahedok: “Errekaldetarrenganako ardura” ager dezan, hau da, auzokideen interesak eta iritzia errespeta ditzan. Bizkaiko Foru Aldundiari autobidea eraisteko eska diezaiola nahi du elkarteak. “Duela hamar urte inguru aldundiak konpromiso bat hartu zuen, eta esan zuen 2016rako autobidea eraitsita egongo zela”. Orain arte ez dute gai horri buruzko berririk izan, Ahedoren arabera; halere, laster Sabino Aranako sarbideko zubibidea kentzen hasiko diren era berean, hartutako konpromiso hori betetzea espero dute auzoan.

Auzoa biziberritzeko plana

Lau ardatz nagusitik abiatuko dira, “auzokideen bizi-kalitatea hobetzeko” proiektua aurrera eramateko. Bilboko beste auzo batzuekin konexioa hobetzea da helburuetako bat. “Moncada pabiloietako gunean oinezkoentzako kalea eraikitzea proposatu dugu, hartara, Errekalde, Irala eta Ametzolarekin batzeko asmoz”. Bestalde, Miribilla eta Sabino Aranarekin komunikazio ardatz bat sortu nahi dute.

Barneko komunikazioa aldatzea da proiektuaren beste ardatzetako bat. “Errepide asko daude auzoan; batzuek Errekalde gurutzatzen dute, beste toki batzuetara heldu nahian, eta barneko zirkulazioa ere badago”, azaldu du Ahedok. Zirkulazioaren “berrantolaketa” baten beharra ikusten du auzokideen elkarteak. “Lur azpiko aparkalekuak eraikiz, oinezkoentzako hainbat kale egiteko aukera egongo litzateke”.

Industrialdea zaharberritze aldera, etxebizitzak egiteko hirigintza planaren ordez, beste proposamen bat aurkeztu dute auzokideek Moncada pabiloien ingururako. “Ez dugu hainbeste etxe behar, horren ordez; ekipamendu soziala, gazteentzako alokairuak eta kooperatibismoari lotutako enpresei laguntzeko proiektuak abiatuko ditugu industrialdean”. Autobidea eraitsi ostean, 4.000 metro koadroko azalera geratuko da; Errekaldeko plaza handitzeko plana egin dute.

Frankismoaren herentzia

Errekalden “bigarren mailako hiritarrak” sentitzen direla salatu du Ahedok. “Autobidea frankismoak eraiki zuen, aurka mobilizatu zen auzo bat zigortzeko asmoz, eta demokrazia gutaz ahaztu egin dela dirudi. Guk ez dugu ahazten oraindik, zerua ikusten uzten ez digulako”. Auzokideak nekatuta daude, gainera, “edonoiz ezbehar bat” gerta daitekeelako. “Orain dela hamar urte trailer baten kabina zintzilik geratu zen gure haurrak jolasten diren tokiaren gainean. Norbaitek hartu beharko du horren inguruko erantzukizuna”.

Proiektu honen bidez errekaldetarrei “zerua ikustea” posible dela erakutsi nahi diete. Horretarako, Ahedok ohartarazi du autobidearen kontrako kanpaina sendo bat jarriko dutela martxan; besteak beste, mobilizazioak egitea pentsatu dute, baina erakundeekin biltzen ere saiatuko dira.