Domeka arrastietan —Bilbo ezagutzen ez duenak ez du zertan jakin— munstro bat bizi da kaleetan. Ez ezazu barrerik egin, egia da eta. Munstro isil eta ikusezina da. Munstroa, baina. Milaka eta milaka biztanledun hiria —bai, Bilboz ari naiz— ahitu egiten da apurtxu bat. Domeka arratsaldeetan. Jendea beldur da. Jendea beldur denez, ez da etxetik ateratzen. Hustasun nabarmena eragiten du horrek. Bazkalostetik gorakoa izan ohi da; munstroaren tempo-a. Zazpiak, zortziak aldera basamortu bilakatzen dira kaleak. Lastozko gurpil zoroak baleude western batean gaudela pentsatuko nuke. Bilbo baino ez da. Igandeko azken orduak baino ez dira. Norberaren zapata-hotsak entzuten dira ozen. Bakartasun horretan zoazela beste norbaitekin egin zenezake topo. Bai. Seguruen, ez duzu ezagutuko. Eta ezagutuko bazenu ere, etxean amaituko zenuke. Zurean, edo berean. Zergatik? Tabernariak eta dendariak direlako beldurrik gehien dutenak, eta ez dute komertziorik zabaltzen. Bestetik, zertarako? Bizilagun guztiak etxeko gozoan kikilduta baitaude. Munstroa ez da ikusten, sentitzen da soilik. Badut lagun bat deprimitu egiten dena igande arrastietan. Hori esaten du. Nik, ordea, badakit gezurra dela. Izan ere, ez dizut esan, irakurle maitea, baina munstroarenganako beldurra ez da aitortzeko kontua. Telebista zaborra kontsumitzea edota irakurtzeko gogo txikia aitortzen ez diren bezala. Kale batzuetatik dabiltzan turista eta atzerritarrak harrituta daude. Norbait hil ote den galdetu didate. Ezetz esan diet, hau domeka arrastietako kontua dela. Ez diet munstroaz ezer esan, iruditu zitzaidan turista gehiegi erakar litzakeela kaleetan dabilen munstroaren kontuak. Atera kontuak zer izango litzatekeen! Gero eta turista gehiagoren etorrerak kaleak hustuko lituzke, eta dena tabernak eta dendak zarratzen dituen munstroa ezagutzeko asmoz. Eta agian okerrago zatekeen, alegia; agintariek pentsa lezakete: “Eta larunbatetan ere itxiarazten baditugu dendak, eta, hortaz, hustu kaleak, munstroa aterarazi?”. Eta pentsatuko balute, “zergatik ez zarratu hiria eta munstroari asteko zazpi egunetan bide egin?”. Turismoaren alde, betiere. Beldur naiz ni ere bai. Beldur naiz ez ote dituzten lastozko gurpil zoroak atrezzo gisa ekarriko. Zer egin genezakeen? Adorea. Ausardia. Kuraia. Kemena. Okupa ditzagun hiriko kaleak domeka arratsaldeetan!