Euskara ez da izango aldundiaren hizkuntza nagusia

Bizkaiko Foru Aldundiaren lanerako hizkuntza nagusia ez da euskara izango aurrerantzean ere. Irizpide hori aldatzea proposatu du Bilduk, baina Bizkaiko Batzar Nagusietako Kultura Batzordeak bertan behera utzi du eskaria, eta, beraz, diputazioak batik bat gaztelaniaz funtzionatzen jarraituko du.

Zehazki, arauz besteko bi proposamen aurkeztu ditu koalizioak. Batetik, galdegin du aldundian euskara lanerako hizkuntza nagusia izan dadin “baliabideak garatzea”. Horrek ekarriko luke, adibidez, goi mailako funtzionarioen arteko lan bilerak euskaraz egitea, eta, ondorioz, langile horiek euskara jakin behar izatea. Bilduk erantsi du zerbitzu buruei eta idazkari teknikoei hizkuntz eskakizuna eskatu beharko litzaiekeela. Bestetik, diputazioaren marka “euskara hutsez” agertzeko ere eskatu du.

Euskara sustatzeko “neurri zehatzak” direla esanez babestu ditu aldaketok Bilduk. Edonola ere, proposamenak ez du arrakastarik izan Batzar Nagusietan. Koalizioak baino ez du testua babestu; PSE-EEk eta PPk aurka bozkatu dute, eta EAJ abstenitu egin da.

“Aitzakia merkeak”

Emaitzon ondorioz, Bildu kritiko agertu da, eta euskararekiko “konpromiso falta” leporatu dio EAJri, batik bat. “Popular eta sozialistengatik ez genuen besterik espero, jakina baita euskararekin zein jarrera duten”, adierazi du Irune Soto koalizioko batzarkideak. Jeltzaleen botoa, ordea, ez zuten espero: “Ez dugu ulertzen abertzale gisa definitzen den alderdi batek euskara sustatzeko neurriok ez babestea”.

Sotoren ustez, “aitzakia merkeak” erabili ditu EAJk “euskararekiko konpromisorik eza ezkutatzeko”. Gaineratu du EAJk “boluntarismoan” oinarritzen duela hizkuntz politika. “Indarrean dauden lege, dekretu eta planak betetzen ez direla aitortzeko garaia da, eta aurretik eginiko lanaren fruituak jasotzen hastekoa”.