Ostalariek ezinezko jo dute jaiegunetan denek irekitzea

Bizkaiko Ostalarien Elkarteak Iñaki Azkunari erantzun dio. Alkateak gogor salatu zuen Aste Santurako egitarau zabala prestatuz udalak egindako ahaleginari ostalariek jatetxe eta tabernak itxiz erantzun izana. “Guk egingo dugun edozer alferrikakoa izango da, ostalariek jaiegunetan zarratzea erabakitzen badute”, kexatu zen. Ostalariek diote ezinezkoa dela jaiegunetan denek irekitzea. “Ezin dugu pentsatu Bilboko auzo guztiak dinamizatuko ditugunik”, ohartarazi du Angel Gago elkarteko presidenteak. Haren esanetan, egoerak ez du halakorik ahalbidetzen.

Elkartearen batzar nagusian egindako agerraldian, Gagok esan du ulertzen duela Azkunaren frustrazioa, zubi eta jaiegunetan dagoen jarduera faltaren ondorioz. Hala ere, Zazpikaleetako egoera hiri osora zabaltzea ezinezkoa dela uste du. “Denok nahi genuke, bereziki Zabalgunean ere antzeko egoera bat sortzea, baina oso zaila da”, azpimarratu du. Gagok argi dauka arrazoia: herrialde historikora datorren turista kopurua baino bizkaitar gehiago joaten da kanpora jaiegun eta oporretan.

Gobernua egin du horren erantzule: “Bost eguneko jaiegun multzoa osatzen du lan egutegiarekin, eta bizkaitarrek kanpora joateko aprobetxatzen dute. Gure oinarririk sendoena etxeko kontsumitzaileak dira; haien faltan ez digu merezi zabaltzea”, argudiatu du.

Gainera, uste du zaila dela hiriari bizia ostalariek bakarrik ematea. Haren esanetan, merkatariek ere lagundu behar dute horretan. Bilbon, baina, jaiegunetan ez da dendarik zabalik egoten.

Gagok dio hiriko auzoren batean merkatariek irekitzea aztertu beharko litzatekeela. Izena ere pentsatu du gune berezi hori izendatzeko: Bilbo urdina. Aukeratutako kale horietan dendak zabalik egongo lirateke jaieguna izan arren; hartara, bisitari zein bilbotarrek jaiegunetan “zer egin” izango lukete. Dena den, asmo hori ez du egingarri ikusten. Oztopo “gaindiezina” aurkitu dio: sindikatuak. “Gure sindikatu ereduak ez luke halakorik baimenduko”, dio.

Beste alde batetik, merkatua “gainezka eginda” dagoela salatu du: “Taberna eta jatetxeak irekitzeko baimen gehiegi ematen dira, eta errazegi. Bereziki, kanpotik datozenei”.