“Etorkizunera begiratu behar dutela azaltzen ahalegindu behar dugu”

Bermeon gertatutakoaren pareko hondamendietan laguntza psikologikoak kaltetuengan garrantzia izan dezakeela ohartarazi du Veronica Rial psikologoak (Bilbo, 1980). Larrialdietarako psikologian espezializatu da, 2008az geroztik.

Familia hauek ondasun guztiak galdu dituzte egun batetik bestera. Zein sentipen izan ohi dituzte sute bat nozitzen duten pertsonek?

Lehenengo sentipena shock egoera da; ez dira bizi dutena onartzeko gai izaten. Oro har, ezbeharra oso azkar gertatzen da, eta ez dute erreakzionatzen. Gainera, antsietate maila altua eta kontzentrazio galera izan ohi dituzte. Ez dira gai gauzak topatzeko edo norbaiti deitzeko. Sentimenduei dagokienez, etorkizunarekiko erabateko segurtasunik eza eta kontrol falta itzela sentitzen dute. Pertsonak orainaldian bizi gara. Badakigu gaur zer egin dugun, eta bihar zer egingo dugun gutxi gorabehera ere jakin dezakegu. Bizitza jarraia dela pentsatzen dugu, eta aurrerantzean ere denak berdin segituko duela. Aldaketak badaude guk eraginda gertatuko direla uste dugu. Baina ustekabeko egoera bat gertatzen denean, beldurrak gainditzen gaitu. Etorkizuna ezin kontrolatzearen sentimenduak ikara sortzen du.

Suhiltzaileek eta osasun langileek ahalik eta azkarren mugitu behar duten moduan, laguntza psikologikoak ere berehalakoa izan behar al du?

Ezinbestekoa da. Norbaitek laguntza eskatzen badu, tokian bertan emanda lehenago eragin dezakegu. Horrek ondorio psikologiko gutxiago izatera garamatza. Beste alde batetik, egoera kontrolpean izaten lagun dezakegu. Suhiltzaileek eta osasun langileek esfortzu fisiko handia egin behar izateaz gain, alboan sufrimendu handia duten pertsonak dituzte, eta horrek ere emozionalki eragin diezaieke. Hainbat elkartek, Gurutze Gorriak eta DYAk, adibidez, larrialdietarako psikologo taldeak dituzte. Ni DYAn aritzen naiz, eta ezbeharren bat gertatuz gero, prest gaude tokira joateko.

Batzuetan, laguntzarik ez dugula pentsa dezakegu.

Gomendagarria da laguntza eskatzea, batez ere, unean bertan. Kaltetuek familia edo lagunak izan ditzakete alboan, baina, nahiz eta asmo onarekin egin, horiek askotan ez dituzte beharrezko aholkuak ematen. Guk aldez aurretiko esku hartzea egiten dugu. Hau da, ez goaz hondamendia gertatu den lekura pentsatuz pertsona horiek arazo bat jada izango dutela; baizik eta, bertaratzen gara larrialdi hori arazo bihur ez dadin. Esku hartzeak pertsonek ostean tratamendu psikologikoak behar izatea saihestu dezake.

Nola laguntzen du psikologiak hondamendi bat gainditzen?

Ez gara magoak. Ezin gara bertaratu eta mina desagerrarazi. Gure laguntza pertsonak gidatzean datza. Eman behar dituzten pausoak azaltzen dizkiegu. Orainaldian arreta jartzen laguntzen diegu. Bere lehen mailako beharrizanez arduratzen gara, babestuta egon daitezen, jan eta edan dezaten… Gogo, aldartea kontrolatzen laguntzen diegu baita ere. Dolua sortzen laguntzen diegu. Psikologo batzuk uste dugu dolua edozein galera motaren aurrean sortu behar dela, giza galera izan edo materiala. Galera hori onartu egin behar da, eta tristura edo amorrua gainditu. Egoera berrira egokitu eta aurrera egin behar dutela azaltzen diegu.

Zer esan dakioke etxebizitza galdu duen familia bati?

Guk entzuten dugu. Esan behar ez diren gauzak esan behar direnak baino gehiago dira. Hortaz, haiek entzun behar ditugu. Etorkizunera begiratu behar dutela azaltzen ahalegindu behar dugu. Momentu horretan biktimak dira, baina biktimak izateari utziko diote, eta aurrera egin behar dute.

Zein aholku emango zenieke Bermeoko familia kaltetuei?

Argi edukitzea aurrera jarraitu behar dutela. Gertatu zaiena gertaera tragikoa izan da, baina ez da zertan errepikatu. Eguneroko bizitzara ahalik eta lasterren bueltatzea gomendatzen diegu. Nahiz eta beste etxebizitza batean aurkitu, ohiturei heldu behar diete berehala. Beste alde batetik, umeei erreparatu behar zaie. Arreta berezia eskaini behar zaie, baina haurrak horretaz ohartu gabe. Adi egon behar dugu ea amets gaiztoak dituzten edo marrazkien bidez zein sentimendu adierazten dituzten. Gertatu dena ondo azaldu behar zaie.