Aitziber Laskibar Lizarribar
Bizkaiko Foru Aldundiak zergen bidez jasotzea aurreikusi zuen diru kopurua batzea “miraria” litzateke, Unai Rementeria ahaldun nagusiaren esanetan. Ez dela lortuko esan du, argi, politika orokorrerako osoko bilkuran. Oraingoz, 4.184 milioi euro bildu ditu aldundiak. “Baina urrun dago aurreikuspenetik”, aitortu du ahaldun nagusiak. Aurten, 7.063 milioi euro biltzea jarri zuen helburutzat Rementeriak berak.
Hala ere, ziurtatu du horrek ez dituela aurreikusitako politikak baldintzatuko: “Bizkaian ez da murrizketarik izan, eta ez da izango”. Baina oposizioa ez da fio. Ez ditu ahaldun nagusiaren hitzak sinetsi, eta behin eta berriz galdetu dio zein aurrekontu txikituko duen. Jon Andoni Atutxa batzarkide jeltzaleak erantzun die oposizioko taldeei: “Diru bilketa hobetu dezakegula uste dugu, baina ez dugu uste aurreikuspenak bete ahalko ditugunik. Horrek eragina izango du Foru Aldundian? Bai. Eragina izango du udalen finantzaketan? Bai”.
Ahaldun nagusiak behin eta berriz errepikatu duenez, inbertsio soziala mantenduko du aldundiak, zerbitzu publikoetara bideratutako dirua ere bai, eta jardun ekonomikoa suspertzeari begirakoa ere bai. Hain zuzen, aldundiaren lehentasun nagusia ekonomia dela nabarmendu du. Lanpostuak sortzeari begira egin nahi duela lana. Eta, horretarako, enpresa pribatu eta publikoen arteko elkarlanean sakontzeko asmoa duela jakinarazi du.
Baina oinarri horren gainean ari diren hainbat erakunde eta enpresatan lan gatazkan ari direla aurpegiratu dio oposizioak. Aldundia ez dela behar bezala ari uste du, eta langileen baldintzen alde neurriak hartzeko eskatu dio. Zerbitzu publikoak eskaintzen dituzten arren azpikontratatuta dauden eta greban ari diren hainbat langileren kasuak jarri ditu adibide: zahar etxeetako langileak, TMBkoak eta Guggenheim museoko hezitzaileak.
EAJk ez ditu begi onez hartu kritika horiek. Aldundiak ez duela “beste aldera begiratu” erantzun du Atutxak, eta ahal duena egin duela. Rementeriak, halere, iragarpen bat egin du: esan du enpresa batekin kontratu bat egiten duenean enpresak hitzartutako baldintzak bete beharko dituela sinatutako kontratua amaitu arte; ezingo dituela lehenago langileen baldintzak okertu.
“Gazteen urtea”
Rementeriaren esanetan, lanpostuak sortzea izango da aurtengo lehentasuna. Eta, batez ere, gazteei begira jarria dagoela adierazi du. “Hamarkadako urte garrantzitsuena izango da; gazteen urtea”. Hartara, gazteak lan mundura sartzen laguntzeko ahalegina egingo duela ziurtatu du.
“Nola beteko du lau urtean 10.000 lanpostu sortzeko promesa?”, galdegin dio EH Bilduko Josu Unanuek; “Guggenheimen bezala 18 lanpostu suntsitu eta 3 sortuta?”. Ahal Dugu-ko Neskutz Rodriguezek ere Guggenheim jarri du aldundiaren ereduaren adibidetzat: “Dirdiratsua kanpotik, baina erabat neoliberala erraietan”. Ezkerreko bi alderdiek Bizkaian desorekak areagotzen ari direla ohartarazi dute. “900 pertsona kalean bizi dira, eta egunero hiru etxe kaleratze egiten ari dira”, salatu du Rodriguezek.
PPko Javier Ruizek “banaketa endogamikoa” egitea aurpegiratu dio EAJri; kontratuak eta postuak etxean banatzea. Gobernua jeltzaleekin partekatzen duen PSE-EEko Carlos Totorikak, berriz, aldundiaren lana txalotu du, iruzur fiskala gehiago ikertu behar litzatekeela zehaztu arren.