“Ulertu arren, gazteek lekukoa ez hartzeak penatzen nau”

Giro elitista samarra batu ohi da Algortako Portu Zaharrean (Getxo), eguraldi ona dagoenean. Arrantzale etxe zaharrez osatutako kale estuen artean, marianitoak, txibierroak eta eguzkitako betaurrekoak izaten dira nagusi. Aspaldi galdu zuen arrantzale giroa. Lehen, Portu Zaharreko plazan dagoen Etxetxu aterpean arrantzaleak batzen ziren, eta sardinak, txitxarroak edo antxoak eros zitezkeen, fresko-fresko. Egun, ia-ia ez dago iragan horren arrastorik. Turistek eta udatiarrek hartu dute arrantzale horien lekukoa.

Baina bada oraindik hain urrunekoa ez den iragan horren lekukorik ere, Portu Zaharrari bere jatorrizko nortasuna ematen jarraitzen duen auzokiderik. Horren adibide da Algortako Portu Zaharreko azken arrantzalea, Jacinto Lastra, Karin ezizenagaz ezaguna: “Nire izen abizenekin ez nau inork ezagutzen”, dio. Bilbon 1959. urtean jaiotakoa, lau urtegaz portura bizitzera joan zen. Ia guaito peto-petoa da, beraz. Hala deitzen zaie algortarrei.

Portu Zaharra itsasoari begira eraikita dago, eta horrela bizi da Karin ere. Arrantza izan du zaletasun eta pasio: “Beti gustatu zait, azkenean hemen biziz gero.. atera kontuak! Etxetik irten eta denak zuen lotura arrantzagaz!”. Baina modu profesionalean honetan beharrean hasi baino lehen, beste hainbat lanbidetan proba egin zuen: kristalari, argiketari, peoi… Pasioa eta zaletasuna lanbide bihurtu zuen arte: “Itsasontzi txiki bat erosi nuen lehenengo, gero beste handiago bat, eta azkenik itsasontzi berri bat egin nuen, eta horregaz nabil orain. Hamar urte ditu, eta horregaz erretiroa hartzea espero dut, baina ez dakit egun hori helduko ote den!”, dio barrez.

Arrantza egitea beti gustatu zaio Karini, baina azkenaldian “erreta” dagoela aitortzen du. 21 urte darama arrantzan, eta nostalgiaz hitz egiten du iraganaz: “Gero eta zailagoa da soldata lortzea arrantzatik”. Bere ustez, arrantzaleen lan egiteko baldintzek okerrera egin dute, eta Europako Batasunean hartutako neurriekin kritiko agertzen da: “Lehen arrain gehiago zegoen, orain ez dago hainbeste. Krisiagaz, gainera, prezioek hondoa jo dute, eta gero eta baldintza gehiago jartzen dizkigute arrantza egiteko: balizak, salbamendu jakak, hainbat tramankulu sofistikatu… Horrek, diru erantsi bat sortzen du erosterakoan, eta gero bere mantenimendua ere ordaindu behar da. Inbertsio handiak egin behar dira itsasontzian etengabe, eta egungo egoera ez da aproposena horretarako”.

Dio, sarritan, arrantzaleen jarduna idealizatu egiten dela: itsasgizon eta emakumeak itsasontzian, olatuekin dantzan, itsasoaren bakardadean jolasean, kulunka. Baina errealitatean, esfortzu handia eskatzen duen lanbidea da. Hala aitortu du algortarrak: “04:00etan esnatzen zara eta 15:00ak arte ez duzu amaitzen”. Portu Zaharrekoa izan arren, Karinek itsasontzia Armintzako (Lemoiz) portuan du, inguru horretan arrantza egiten duelako. Praktikoagoa da: “Lemoiz eta Matxitxako inguruan ibiltzen gara arrantza egiten. Algortatik itsasontziz joango bagina ordu eta erdi beharko genuke, eta kotxez, aldiz, ordu erdi”. Itsasontzian lagun bi joaten dira, berdel garaia denean hiru, eta algortarrak apur bat denetarik egiten duela azpimarratu du: “Ni naiz itsasontziko patroia, baita marinela ere, eta mekanikoa…”.

Urtetan zehar, arrantza egin ostean, arrantzaleek lonjetara eraman izan dute lortutako arrantza. Karinen kasuan, ez da hala izaten, Algortan ez baitago lonjarik: “Mercabilbaora eramaten dugu, hemendik gertuen dauden lonjak Bermeo eta Castro direlako”. Salbuespen bezala, noiz edo noiz arrain bereziren bat jatetxeren batera eramaten dute.

Lanbidea gogorra den arren, eta batzuetan “pikutara bidaltzeko gogoa” duen arren, aurrera egitea besterik ez du Karinek: “Ilusioa ez da guztiz galdu. Gauzak ondo joaten direnean harro egoten zara egiten duzunaz, baina beste batzuetan… Dena den, orain ezingo nuke beste leku batean lana bilatu, beraz…”.

Baldintza eskasek itota

Otsailaren 26an berdelaren denboraldia hasi, eta martxoaren 5era arte ibili ziren jo eta su, baimena amaitu zen arte. Arrantzalearentzat ez da denbora nahikoa: “Lehen hilabete eta erdi edo hilabete bi zenuen, eta urte osoko gizarte segurantza ordaintzeko irabazten zenuen, zuretzat eta eskifaiako denentzat. Zer edo zer irabazten zenuen. Baina orain, hamar egun eskasetan, ez duzu ezer egiten. Itsasoa berdelez josita dago, baina ez digute berdela arrantzatzen uzten”. Apirilean, berriz, legatzaren denboraldia hasten da, eta uztailean, lupia eta urraburuena.

Baldintza “gaitz” horien eraginez, gero eta gutxiago dira arrantzale lanetan ari direnak. Algortako Portu Zaharrean, esaterako, bera bakarrik lotu da. Auzoko azken arrantzalea bihurtu da, iragan arrantzale horren lekuko bizia: “Sakrifzio handia da eta oso erreta amai dezakezu. Beraz, ulertzen ditudan arren, penatzen nau gazteek nire lekukoa hartu nahi ez izateak”.

Arrantzale gehiagorik ez egoteak, bere eragina izan du auzoaren nortasunean. Bere iritziz, galdu da Portu Zaharrak zuen xarma: “Auzoa asko aldatu da, hemen bizi zen jende asko kanpora bizitzera joan da. Orain ez dut inor ezagutzen, jendea lo egitera etortzen da bakarrik. Lehen oso giro ona zegoen, plazan elkartzen ginen denok. Baina galdu da, beste hainbat tradizio legez”.